Hyacinthe de Charencey kontea (1832-1916) euskalgintzaren urrezko aroan dagoen pertsonairik enigmatikoenetakoa da. Izan ere, ez dakigu ia-ia ezer berari buruz, Georges Lacombek (1879-1947) haren heriotzean RIEVen idatzitako hilberriaz gain, eta, nonbait, ematen du Lacombek berak ere ezer gutxi zekiela haren bizitzaz, honela aitortzen baitu bere txostenaren hasierako oharrean: Nous prions nos lecteurs de vouloir bien excuser le vague, l´incomplètude, voir l´inexactitude intermittente de la présente nécrologie, écrite sur le front avec nos souvenirs pour toute documentation.
Ziur aski gainera, hilberri hori ere bere gain hartuko zuen bera zelakoan Charenceyri buruz gehien zekiena euskaltzaleen artean, berau izan baitzen urte batzuk lehenago, RIEVen bertan, konte jaun honek Bonaparte printzearekin izan zuen gutuneria argitaratu zuena. Areago, Villasantek berak ez du Charencey aipatu ere egiten bere Historia-n (1979), eta horrek oraindik itxura misteriosoagoa konferitzen dio, topikoa izan baita gure artean pentsatzea Villasantek aipatzen ez zuena ez zela existitu ere egiten.
Hori dela-eta, nik neuk ere izan dut, inoiz edo beste, internetez baliatuz ikerketa txiki bati ekiteko asmoa. Ekin diot, baina lehen hurbilpen batean ez du eskaintzen Lacombek emandako berrietatik harantzagoko ezer: aristokrata frantses bat hizkuntza eta ohitura exotikoekin zaletua, huntaz eta hartaz zale mailan lan ugari egin eta argitaratu zituena, elkarte zientifiko askotan parte hartuz. Hots, beste Bonaparte bat, maila txikiagoan, haren antzeko kezkak zituena baina baliabide gutxiago eta, itxura guztien arabera, talentu eta formazio zientifiko kaxkarragoa ere. Dena den, ez naiz egokiena haren lanak kalifikatzeko eta, beraz, utzi dezagun horretan. Norbaitek egingo ahal du neuk baino hobeto!
Aipagai dugun liburua, Chrestomathie maya, esandakoaren erakusgarria izan daiteke: buruzagi maia batek, Nakuk Pech, 1562 inguruan maiaz idatzitako eskuizkribu baten edizioa da, latinera itzulia eta luze iruzkindua. Beraz, hiru atal ditu liburuak, lehenean, Texte, kronika bera eta haren latinezko itzulpena daude; bigarrenean, Analyse Grammaticale, hitz guztiak iruzkintzen dira, banan-banan gehienetan; hirugarrenean, Vocabulaire, hitz-zerrenda eta frantses baliokidea. Argitu beharra dago iturri gisa darabilen testua Brinton doktoreak aurrez argitaratua dela.
Ez dakigu zein den edizio horrek gaur egun izan dezakeen garrantzia edo gaurkotasuna maia hizkuntzen ikerleen artean, ezta ere euskaldunen artean gaur egun horrek piz dezakeen interesa, baina uste sendoa dugu bitxikeria bibliografiko honek argitasun apur bat eskaintzen digula euskalgintzaren urrezko aroko figura handiek (Azkue, Urkixo, Campion, Bonaparte, Abadia, Vinson, Lacombe...) zeukaten mundu intelektualaz eta kezkez.
Pech, Nakuk (fl. 1562) Chrestomathie maya d'après la Chronique de Chac-Xulub-Chen extrait de la "Library of aboriginal American littérature" de Dr. D.-G. Brinton : texte avec traduction interlinéaire, analyse grammaticale, et vocabulaire maya-français / publiè par H. de Charencey. -- Paris : Lib. C. Klincksieck, 1891, VIII, 301 orr. ; 23 cm