Urriaren 10ean eta 11n egin da 2009ko Xalbador eguna/euskararen eguna Urepelen. Eta sekulako jendetza bildu da aurten ere larunbatez eta igandez, euri langarrari eta haize freskoari hortzak erakutsita.
Eguerdiko 13:30etan lagunarteko bazkaria egin zen ezker paretan (pilotalekuan), Ondarroako arrantzale jubilatu taldeak prestatuta, larunbat arratseko afaria bezalaxe. Tartean, berriz, Leoni Aireren (Xalbadorren alarguna) biloba Xendarineko ahizpak kantari. Bertsolarien saioa 15:30etan hasi zen, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Amets Arzalluz nor baino nor zirela, gai librean nahiz jarritako gaiei erantzunez. Bertso onak entzuten ohitutako jendea izaki, gozatu ederra hartu zuten Urepeleko pilotalekuan bildu ziren bertsozaleek. Aldi berean, haurren txokoa egin zen plazan, herri kirolak haurrei egokituta, urte oro bezala Mutrikuko taldeak zuzenduta.
Nola bertso-saioa hala haurren txokoa, arratsaldeko bostak aldean amaitu ziren, hegoaldeko jendeak egun-argiz etxera abiatzeko modua izan zezan, urrun samar egiten baita Urepele, batez ere Bizkaia aldetik-eta joaten denarentzat. Hala ere, erromeriak gogotik jarraitu zuen ezker paretan, Gasteizko trikitilari gazteak lagun, astelehenez jai egingo zela-ta hegoaldean behintzat.
Deiadarra taldeak horrela erabaki baitzuen Urepelen urte oroz, Xalbador eta Antonio Zavala izan da aurtengo Xalbador egunaren lema, hainbat elkarlan egin zutenak -besteak beste, Odolaren mintzoa harrigarria- goraldu eta omentzeko asmoz, Nafarroa Behereko mendiarte honetan. Eta aurtengo egitaraua onez onean burutu ostean, gure eskerrik zintzoena eman nahi diegu laguntasun berdingabea eman diguten Euskaltzaindiari, Urepeleko Herriko Etxeari, Ondarroako arrantzale jubilatu taldeari -hura marmitakoa eta arrainaren ederra!-, Mutriku eta Donazaharreko herri kirol taldeei, Goierriko gazte taldeari, zenbait komunikabideri -inola ere ez denei-, Koldo Mitxelena Kulturuneari eta antolaketan urte oro lagun izaten ditugun guztiei. Eta, nola ez, Xalbador egunean gurekin urte oroz biltzeko ohitura dutenei, eskerrik asko eta hurrengo urtera arte.
Joxemari Iriondo