Gaur, urriaren 9an, Euskaltzaindiak amaiera eman die bere 90. urteurrena ospatzeko urte osoan zehar egin dituen ekitaldiei. Gaurkoa, beraz, azkena izan da, eta Akademiak Gipuzkoako Foru Aldundian egin du, Euskaltzaindiaren lehen bilera -1919ko urriaren 7an- egin zen leku berean. Euskaltzaindiarekin batera, orain dela 90 urte Akademia sustatu eta sortu zuten lau Aldundietako ordezkariak izan dira -Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Aldundiak-, baita gaur egun Euskaltzaindia aitortzen eta laguntzen duten erakundeak ere: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza Ministerioa, Euskararen Erakunde Publikoa eta Donostiako Udala.
Erakunde horien guztien presentziagatik bere poza adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak: "Horiek guztiak -esan du- bertan egoteak gure lana goraipatu eta azpimarratzen du. Baina horrek ezin du berarekin ekarri, inondik inora ere, guk gure burua asebetetzea eta etorkizunerako ekimenak ezerezean geratzea, dena egina dugulakoan". Horren froga, gaurko ekitaldian bertan aurkeztu den liburu berria, Euskaltzaindia: Ekin eta Jarrai, Joan Mari Torrealdaik eta Iñaki Murua Uriak egina.
Eta horren lekuko ere, euskaltzainburuak iragarri duen albiste berria: "Ekitaldi honetan aukera ezin hobea dut Euskaltzaindiaren webgunean denon esku jarri dugun lan historiko eta garrantzitsua aurkezteko, hain justu ere, Koldo Mitxelena zenaren Orotariko Euskal Hiztegia. Gaur bertan, errealitate bihurtu da egitasmo hori, eta horretan partaide izan direnak aipatu nahiko nituzke, alegia, Mitxelenaren senitartekoak, hiztegia lantzen aritu den taldea, eta, berebat, Euskaltzaindiaren zuzendaritza. Guztiei esker, egia bilakatu da Euskaltzaindiaren zuzendaritzak 2005. urtean iragarri zuena, Orotariko Euskal Hiztegia izenekoaren liburukiak paperean argitaratzeari bukaera eman zitzaionean. Zer esanik ez, Euskaltzaindiak egun ere lanean dihardu, lan oparo hori gaurkotzeko ahaleginetan".