Atzo, urriaren 8an, Euskaltzaindiak bere sorreraren 90. urteurrena dela-eta antolaturik, Paradisua, katuak eta abar emanaldi artistikoa eskaini zuten Donostiako Kursaalen Jose Irazu "Bernardo Atxaga"k eta Juan Carlos Perezek. Atxagaren testuek eta Juan Carlos Perezen kantek osaturiko emanaldia gustura entzun zuten hara joan zirenek. Hitzak, pianoa, gitarra, poesia... horiek guztiak uztartu zituzten bi sortzaileek, Kursaalen giro ederra eta atsegina sortu zutelarik.
Emanaldiaren amaieran, Joanes Leizarraga Beraskoizkoaren Kalendrera (1571) aurkeztu zuen Xabier Kintana euskaltzain osoak. Kintanak berak paratu duen liburu hau egutegi bat da, "eta bere helburua berez erlijiosoa zen, hots, urtean zehar aliz jaiak eta horiekiko betekizunak noiz ziren gogoratzea".