Azkue Bibliotekaren katalogoan une honetan 60.000 erregistrotik gora daude, gehienak liburuak, baina baita ere aldizkariak, mapak, partiturak edota baliabide elektronikoak.
Bilgunea bereziki baliagarria da dokumentu bat zein bibliotekatan dagoen jakiteko. Hala ere, dokumentuaren deskribapen zehatza ikusteko edo bilaketa konbinatuak egiteko, hobe da Euskaltzaindiaren webgunetik abiatzea katalogora.
Zer da Bilgunea?
Bilgunea Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat erakunde publiko eta pribatutako bibliografia funtsek osatutako katalogo kolektiboa da. Bilgunearen koordinazioa Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailari dagokio eta 2004tik aurrera interfaze berrian kontsulta daiteke.
Horrela, Bilgunean parte hartu nahi duten erakunde edota elkarteek Kultura Sailarekin hitzarmen bat sinatu behar dute eta horretarako ezarrita dauden hainbat baldintza bete behar dituzte. Bilgunea urtean egiten diren lau kargen bidez eguneratzen da. Eta, bertan parte hartzen duten liburutegiek katalogoak kudeatzeko hainbat programa informatiko (Amicus, Dobis, Absys, Sabini, Loris...) erabili arren, guztiak absysNET programaren web OPACean txertatu dira.
Bilgunean parte hartzen duten erakundeen artean, besteak beste, liburutegi hauexek daude:
- Legezko gordailua
- Eresbil
- EAEko 100 udal liburutegitik gora
- Eusko Jaurlaritzako sailetako liburutegiak
- Euskal Herriko Unibertsitatea
- Deustuko Unibertsitatea
- Mondragon Unibertsitatea
- Antso Jakituna / Sancho el Sabio
- Arabako Foru Aldundia
- Labayru Ikastegia
- Ondare bibliografikoa (Loiolako Santutegia, Gasteizko Seminarioa...)
Autoritateen katalogoa ere kontsultatzeko sakatu hemen.