Horretan aritu zen Azkue bizi osoan zehar, euskara mundu modernora egokitzen eta hedatzen. Asmo hori lortzeko intelektual gisa jokatu zuen, kulturaren arlotik proiektu politiko bat jakin baten alde. Euskal nazio kulturala eraiki nahian era guztietako agente politiko eta sozialekin tratatu zuen.
Azkueri zor genion liburua
Liburu hau Resurreccion Maria Azkueri buruzkoa da (1864-1951). Ni, zer esanik ez, egile gisa ohoratuta nago liburua Euskaltzaindiak eta EHUk argitaratzen dutela ikusteaz. Gure Akademiaren sortzaileak merezi zuen aitortza on bat. Eta espero dut liburu hau lagungarri izango dela horretan.
Liburuan nire doktorego tesiaren zati nagusia jasotzen da, hain zuzen, Azkueren pentsaera eta obrari dagokiona. Hurrengo puntuetan labur-labur aipatuko ditut laneko ondorio nagusi batzuk
Azkueren pentsaera
Azkue, sarri esan denaz bestera, ez zen karlista izan. Oso gazterik Sabino Arana ezagutu zuen, eta abertzale bihurtu zen. Hala ere ez zuen alderdi politika maite. Izatez jeltzaleekin hainbat eztabaida izan zituen, batez ere hizkuntza ereduekin lotutakoak. Gainera jendaurrean apolitiko agertzen saiatu zen. Horregatik politikaren alde agerikoa, hauteskunde eta alderdi kontuei lotutakoa, saihestu zuen. Hala ere, praktikan kulturaren inguruko proiektu nazional oso argia zeukan. Bere asmoa herri tradiziotik abiatuz euskal kultura moderno bat sortzea zen. Eta halaxe aritu zen, kultur nazionalista gisa, bereziki hizkuntzaren alde.
Bere ametsetako bat euskara hiritartzea zen. 1916an esan zuenez euskara "te usaina surrak eta piano-otsa belarriak entzun daien bigiretara" eraman gura zuen, hau da, kale giro dotore eta ikasira.
Horretan aritu zen bizi osoan zehar, euskara mundu modernora egokitzen eta hedatzen. Asmo hori lortzeko intelektual gisa jokatu zuen, kulturaren arlotik proiektu politiko bat jakin baten alde. Euskal nazio kulturala eraiki nahian era guztietako agente politiko eta sozialekin tratatu zuen.
Azkueren obra
Ia ezinezkoa da Azkueren obra zabala laburbiltzea. Edukietan sartu aurretik, bere bolumenaren irudi bat izateko, esan liteke bere bizian zehar 10 mila orrialde inguru argitaratu zituela.
Mamiari dagokionez Azkueren ekoizpenak era guztietako kultur gaietara hedatu ziren. Lan nagusi gisa Tours-eko hiztegi hirueleduna (1905-1906), Cancionero vasco (1920), Morfología vasca (1925) eta Euskalerriaren yakintza (1935-1947) aipatu ohi dira. Baina ez da ahaztu behar horiez gain euskara hutsezko aldizkariak, nobelak, hizkuntza ikasteko metodoak, euskal ikastetxeak eta era guztietako lanak ondu zituela, bere operak ahaztu gabe. Funtsean euskarari eta euskal kulturari gizarte moderno batean bizirauteko behar zituen arlo guztiak ireki nahi izan zizkion.
Sortzaile gisa aritzeaz gain, euskararen aldeko ekimenek gizartean eragina izan zezaten Azkuek erakunde indartsuen babesa bilatu zuen. Ildo horretako bere proiektu nagusia Euskaltzaindia izan zen. Euskal Akademia eratu baino hogeita hamar urte lehenago jada Azkue asmo horrekin zebilen. Eta 1891 urtetik 1919 arte etengabeak izan ziren bere ahaleginak Euskal Akademia sortzeko. Ez da kasualitatea Euskaltzaindia sortutakoan Azkue hautatzea buru. Postu horretatatik hizkuntza ikertzeko, arautzeko eta sustatzeko jarduera hirukoitzari ekin zion. Gerra zibila eta diktadura frankista bera ere ez ziren aski izan Azkueren jarduera eteteko. Bere ekinari zor diogu Euskaltzaindia existitzea eta egundaino irautea.
Horiek dira liburuan aztertzen diren gaiak. Espero dut irakurleari gustagarri izango zaizkiola.
Jurgi Kintana Goiriena