Hauek izan dira gaur Bilbon izan diren akademia horietako ordezkariak:
- Real Academia Galega: Xosé Ramón Barreiro presidentea eta Manuel González idazkaria
- Institut d'Estudis Catalans: Joan Martí presidentea eta Isidor Marí presidenteordea
- Real Academia Española: Víctor García de la Concha zuzendaria eta Jose Antonio Pascual zuzendariordea.
Lehenengoz, Jose Antonio Pascual, Manuel Gonzalez, Isidor Marí eta Andoni Sagarna Euskaltzaindiaren Iker Sailburua izan dira hizlari, akademietako egitasmoak azaldu dituztelarik.
Bigarren partean, aldiz, Akademietako buruak mintzatu dira, hots, Víctor García de la Concha, Xosé Ramón Barreiro, Joan Martí eta Andres Urrutia euskaltzainburua. Guztiek azpimarratu dute hizkuntza guztien arteko elkarbizitzaren garrantzia, baita ere herri guztien hizkuntza-ondarea zaintzea eta babestea, ezinbestekoa dela. Kulturek eta hizkuntzek aberastasuna besterik ez dakartela adierazi dute, eta elkarlanaren aldeko aldarrikapena egin dute lau buruek.
Gaurko ekitaldiaren amaieran, adierazpen bat irakurri du Andres Urrutiak, lau Akademien izenean. Honela dio:
"2009ko uztailaren 16 eta 17an, Euskaltzaindiaren 90. urteurrenaren ospakizunean, gure hizkuntzetan araugintza ahalmena aitortu ohi izan zaien erakundeak bildu dira: Real Academia Española (RAE), Real Academia Galega (RAG) eta Institut d'Estudis Catalans (IEC) eta Euskaltzaindia.
Gure erakundeek, hizkuntzalaritzaren esparru zientifikoan dihardute, bestelako asmorik gabe. Haien xedea gure hizkuntzak bizkortzea da, aniztasuna onartzetik abiatuz, eta begirune eta babes berezia zor zaizkion kultura-ondare direla uste izanik.
Historian zehar, erakunde horien arteko harremanak adiskidetsuak eta arinak izan dira -eta dira-, baina desigarria litzateke beren arteko elkarlana hizkuntza ikerketa eta kodetze-lanera hedatzea. Akademia bakoitzaren ikerketa zientifikoak, metodoak eta baliabideak aztertzeak esperientzia-trukaketa mesedegarria ekarriko du, zalantzarik gabe. Hortik abiatuta, hizkuntza guztiei eragiten dieten xedeei elkarrekin ekiteko aukera zabaltzen da.
Horregatik guztiagatik, ospakizun honen barnean, lau Akademien arteko harremanak sendotzeko hartu dugun erabakia jendaurrean aldarrikatzen dugu, elkarlaguntzako esparru-hitzarmen baten bidez, ondoren bestelako konpromiso bereiziekin osatuko ahal izango dena.
Horrela, elkarren arteko harremanak sendotzen lagunduko lukeen egitasmo bat izan daiteke hiztegi elebidunak egitea, hizkuntza batetik bestera zubi zuzena eraikitzea ahalbidetuko luketenak.
Hizkuntza arteko material lexikografikoak eta gramatikazkoak onura handiko tresnak dira, eta Akademiek -duten izaeragatik eta itzalagatik- bere erantzukizun bezala hartu behar dituzte, horrela, gure hizkuntzak lotzen dituzten elkarguneak zehaztuz eta bilatuz, eta denona den kultura-altxorrean parte hartuz".