25.000 atxikimendu eta 30 elkarte. Horiek dira, zenbakitan, interneteko .eus domeinua lortzeko xedez sortu zen PuntuEus Elkarteak gaur ezagutarazi dituen zifrak: 25.000 pertsonek eman dute atxikimendua, eta hasiera batean 11 elkartek sustatzen zuten PuntuEus Elkartea, gaur egun 30 elkartek babesten dute.
Horiek horrela, hamalau hilabeteko ibilbidea egin duen elkarte horrek, gaur, Euskaltzaindiaren egoitzan, prentsaurrekoa eman eta argi adierazi du: ekimena aurrera doa, baina ibilbidea luzea da, "eta oso garrantzitsua da ahalik eta atxikimendu gehien lortzea". Izan ere, ICANN nazioarteko erakundearen aurrean .eus domeinua lortzeko eskaria egin behar denerako, euskal ordezkaritza "ahalik eta esanguratsuena bilakatu behar dugu, PuntuEus Elkartea zabalduz, sendoagoa eta anitzagoa bilakatuz, bai kuantitatiboki eta baita kualitatiboki ere".
Aipatu prentsaurrekoan hauek mintzatu dira: Andoni Sagarna Euskaltzaindiaren Iker Sailburu eta elkarteko presidentea, eta Iratxe Esnaola informatikari eta .eus ekimenaren koordinatzailea. Horiekin batera, PuntuEus elkartea osatzen duten hainbat elkartetako ordezkariak ere ageri dira.
Iratxe Esnaolak esan duenez, ezin da ziurtatu, "baina 2010eko martxoan eskaria aurkeztu ahal izango dugula aurreikusten dugu. Horrela bada, urtebeteren buruan, ICANNen erabakiaren berri jakingo dugu. Baiezkoa bada, ICANNekin kontratua sinatu eta .EUS domeinua martxan jartzeko moduan izango gara, PuntuEus Fundazioaren gidaritzapean".
Gaur egun, hauek dira Puntu.Eus elkarteko kideak:
Euskalgintza arloan: Euskaltzaindia, Euskal Idazleen Elkartea, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Euskal Kantuzaleen Elkartea, Euskara Kultur Elkargoa, Euskokultur Fundazioa, Gerediaga Elkartea, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Topagunea, Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herriko Gazteriaren Kontseilua.
Hezkuntza arloan: Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, Ikastolen Elkartea - Partaide, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibersitatea, Mondragon Unibertsitatea, Eusko Ikaskuntza, UEU, Sortzen/Ikasbatuaz eta Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno.
Internet eta Komunikazioa arloan: Euskal HerrikoTelekomunikazio Ingeniarien Elkargoa eta Euskadiko Informatikako Ingeniarien Elkargo Ofiziala, EiTB, Inernetikak, Euskadiko Software Libre Enpresen Elkartea (ESLE), Argia, Euskaltel Fundazioa, Elhuyar Fundazioa eta Euskarazko Komunikazio Taldea.