Manuel Olaizaola "Uztapide" bertsolariaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, ekitaldi ugari egin dira Zestoan, Uztapide gogoan taldearen ekimenez eta Zestoako Udalaren babesean. Euskaltzaindiak ere bat egin du omenaldiarekin. Maiatzaren 14an izan zen mahai-inguruan Euskaltzaindiaren Herri Literatura batzordekideek parte hartu zuten eta, 16an egin zen amaiera ekitaldian Andres Urrutia euskaltzainburua; ez da ahaztu behar Uztapide euskaltzain urgazlea izan zela, 1974an izendatua.
Urrutiarekin batera, hauek mintzatu ziren ekitaldian: Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko presidentea, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputatua eta Alazne Olaizola Zestoako alkatea.
Hauen guztien hitzak entzun ostean, Uztapide plazara joan ziren eta Kontxi Iturain Uztapide zenaren emazteak Guillermo Andonegi eskultorearen oroitarria bistaratu zuen. Xabier Amuriza, Sebastian Lizaso, Jon Lopategi eta Andoni Egaña bertsolariek bertso bana kantatu zuten.