Apirilaren 13an, urtero bezala Pazko Astelehenez, Sarako Idazleen Biltzarra egingo da herriko polikiroldegian. Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten biltzarrak autoreei ematen die lehentasuna. Euskal Herriko argitalpen munduak eta baita mugaz bi aldeetako euskaltzale askok ere Saran dute hitzordua, Pazko Astelehenean.
Euskaltzaindia ere urtero joaten da Sarara, eta hor bere azken argitalpenak erakusten ditu. Aurten, hiru liburu aurkeztuko ditu:
- Gratien Adema "Zaldubi"ren Artzain Beltxaren neurtitzak, Henri Duhauk paratua
- Txomin Peillenen Biziaren Hiztegiaz
- Jean-Louis Davanten Zuberoako Literaturaz. Antologia laburra
Hiru liburuak Euskaltzaindiaren "Euskaltzainak" izeneko bildumaren liburuak dira.
Horrez gain, Aurelia Arkotxa euskaltzain osoaren sarrera-hitzaldia, Bazterrez, jasotzen duen Euskera agerkariaren separata ere aurkeztuko da Saran.
Honen guztiaren aurkezpena 11:30ean izango da eta hauek mintzatuko dira: Andres Urrutia; Henri Duhau, Txomin Peillen, Jean-Louis Davant eta Aurelia Arkotxa.
Bestalde, Euskaltzaindiak antolatutako Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina erakusketa ikusgai izango da, egun osoan zehar. Erakusketa Euskaltzaindiak sustatzen du, eta Akademiaren sorreraren 90. urteurrena ospatzeko egin eta egingo diren ekitaldietako bat da.