Patxi de la Hoz Mendezek irabazi du
Euskaltzaindiak eta
Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Euskarazko Tesien I. Koldo Mitxelena Saria, Zientzia Esperimentalen jakintza-arloan. Tesiak "Denbora finituan singulartasunak garatzen dituzten zenbait fluxu geometrikoren zenbakizko azterketa" du izena eta Luis Vega González izan da zuzendaria.
"Unibertsitate mailan, ikerkuntzan edo irakaskuntzan, egunero euskara erabili behar dugun irakasleok erreferentzia gehiago edukitzea eskertuko genuke. Dagoeneko, material interesgarri batzuk prestatu badira ere, ondo legoke gure lana gehiago koordinatzea, besteek egin duten gauzen berri edukitzea, pixkanaka-pixkanaka adostasunak bilatzeko, terminologia eta estilo aldetik".
Tesi elebiduna egin du Patxi de la Hozek, euskaraz eta gaztelaniaz. Izan ere, hasieran gaztelaniaz landu bazuen ere, azken momentuan euskaratu eta hizkuntza honetan defendatzea erabaki zuen. Lasai-lasai azaltzen du berak: "Guztia prest zegoenean, konturatu nintzen bizpahiru aste libre neuzkala eta, neure buruari galdetu nion: zergatik ez dut, bada, zerbait egingo euskararen alde? Eta hori esan eta gogotsu ekin nion lanari, azkenean bertsio elebidun osoa depositatuz".
Luis Vega González katedradunaren zuzendaritzapean burutu zuen tesia. "Benetan eskertzekoa izan da -dio Patxi de la Hozek-. Izan ere, nazioarte mailan oso pertsona ezaguna izanik, lankide ugari dauzka munduan zehar barreiatuta eta, zalantzarik gabe, bere laguntza erabakigarria izan da, tesia arrakastaz bukatu ahal izateko".
Tesiak hiru kapitulu nagusi ditu. De la Hozen esanetan, "lehenengoan, teorema bat frogatu dut, Schrödinger-en aplikazioak espazio hiperbolikoan denbora finituan singulartasun bat garatzen duten soluzio erregularren familia bat existitzen dela dioena. Bigarrenean, simulazio ugari egin ditut, energiaren biltze-prozesua egonkorra dela erakutsiz".
"Eta hirugarrenean, bigarren kapituluaren antzeko zerbait egin dut, baina Korteweg-de Vries-en ekuazio eraldaturako; ekuazio horrek, baita ere, denbora finituan singulartasun bat garatzen duten soluzio erregularren familia bat dauka eta hori aztertu dut zenbakizko ikuspuntu batetik".
Tesia interesgarria da, bere aburuz "bertan Matematikako alderdi teorikoak zein praktikoak jorratzen direlako. Garatu ditudan metodoak eta, batez ere, irabazi dudan esperientzia, berehala aplika daitezke beste problema mota batzutarako".
"Ikerkuntza munduratzeko ia hizkuntza bakarra ingelesa da"
Esan bezala, tesi elebiduna da Patxi de la Hozek egin duena. Hala, hasiera batean "Estudio numérico de ciertos flujos geométricos que desarrollan singularidades en tiempo finito" izenburua zeukan lanak eta gero "Denbora finituan singulartasunak garatzen dituzten zenbait fluxu geometrikoren zenbakizko azterketa" izatera pasatu zen. Naturaltasun osoz euskaratu ei zuen: "Egia esan -dio- niretzat hizkuntzaren kontua ez da oztopo bat izan, azken finean oso gauza abstraktuak ikertzen ditudalako eta formula bat berdin-berdin esaten delako hizkuntza guztietan".
"Bestaldetik -gaineratzen du- tesian agertzen diren zati askoren jatorrizko hizkuntza ingelesa zen, ingelesa baita gaur egun gure ikerkuntza munduratzeko ia hizkuntza bakarra; izan ere, dagoeneko zati bat ingelesez argitaratuta dago eta aurten tesi osoa nazioarteko aldizkarietan ingelesez argitaratua izatea espero dut. Europar tesia aurkezteko asmorik ez neukanez, nire asmoa zen defentsa gaztelaniaz egitea, burokrazia aldetik errazagoa baita Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial batean egitea".
Euskararekiko konpromisoari garrantzia ematen dio: "Nire ustez -dio- euskaldunok, euskararen aldeko konpromiso txiki gehiago hartuko bagenitu, askoz hobeto genbiltzake. Halaxe ulertzen dut tesia euskaratu izana".
"Gainera, azken urteotan Matematika Sailean zenbait tesi elebidun aurkeztu izan dira eta, alde horretatik, beste batzuen lanaren jarraitzailea baino ez naiz izan; adibidez, nire epaimahaiko kidea izan den Enrike Zuazuak berak, duela zenbait urte, doktoregoa hasi nuenean, animatu ninduen tesi elebiduna egitera. Azkenik -amaitzen du-, Ezkerraldekoa naizen eta bizitza osoan A ereduan ikasi dudan aldetik, harrotasun puntu bat ere izan da niretzat, eta ez dut ukatuko egindako ahalegina guztiz probetxuzkoa izan zaidala nire hizkuntza mailari dagokionez, gaur egun EHUn eskola guztiak euskaraz ematen baititut".
Edozein modutan, arrazoi pertsonalak alde batera utzita, euskara akademikoa bultzatu behar delakoan dago de la Hoz: "Edozein iniziatiba txalogarria da. Izan ere, XXI. mendearen amaieran, gurea bezalako hizkuntza bat biziko bada, argi dago heldutasun zientifiko-teknologiko osoa behar duela eta lagunarteko erabileratik haratago joan behar dugula".
Hala ere, lan asko egin behar da, oraindik ere: "Unibertsitate mailan ikerkuntzan edo irakaskuntzan egunero euskara erabili behar dugun irakasleok erreferentzia gehiago edukitzea eskertuko genuke. Dagoeneko material interesgarri batzuk prestatu badira ere, ondo legoke gure lana gehiago koordinatzea, besteek egin duten gauzen berri edukitzea, pixkanaka-pixkanaka adostasunak bilatzeko, terminologia eta estilo aldetik".