Txomin Peillen euskaltzain emerituak Agosti Xaho saria jaso du. Saria Agosti Xaho Kultur Ekartearen Elixabete Piñol presidentearen eskutik jaso zuen, urtarrilaren 10ean, Baionako Fakultatean egin zen ekitaldian. Elixabete Piñolek azaldu bezala, bizitza guztian egindako lanagatik eman diote saria.
Elixabete Piñolen esanetan, ugariak dira Txomin Peillenen merezimenduak: "Euskaltzain osoa, Unibertsitateko katedratiko emeritua, ikertzaile nekagaitza hizkuntzalaritza arloan, langile sutsua hamaika erakundetan, eleberri, olerki eta antzerki idazlea".
Peillenek sortutako literatura lan batzuen izenburuak gogora ekarri zituen, bai eta eskuratu dituen sari batzuk ere. "Egindako lan guztiagatik -gaineratu zuen- merezi du Txominek Agosti Xaho saria. Gizon handia, estimatua, maitagarria eta euskaltzale sutsua. Eta guk beste meritu bat gehituko dugu: bere umorea".
Elixabete Piñolekin batera, Mikel Coia elkarteko idazkaria ere izan zen Baionan.
Aurreko urteotan, hauek jaso dute Agosti Xaho saria: Battitta Urruty zenak, Jean Mixel Bedaxagarrek, Junes Casenavek, Daniel Landartek eta Jean Louis Davantek.