Hitzetan sinistu behar badugu, hitz-biltzaile aparta izan da Antonio Zavala. Hitz soilak, alabaina, deusezak dira, hizkeraren katean josten eta ehotzen ez badira. Bilbadura sendoa da, hortaz, hizkuntzarena, ahozkoa zein idatzizkoa, adierazpide egokia lortzeko asmotan.
Ukaezina da, bestalde, Zavalaren zereginetan, ikertzaile-sena; eta emaitza, berriz, luze, sakon eta zabala, euskaraz eta gaztelaniaz, bizitza oso baten erakustaldi eta irakasbide.
Ahoz aho eta bururik buru ibili da mende askotan euskara; hitz gutxitan esateko, herri-hizkera izan dugu luzaroan gure berbeta. Eta herri-hizkera horrek sortu du herri-literatura, edo, berba zabalagoetan esanda, herri-kultura bera.
Bertsoz zein prosaz, aldi berean nahiz hurrenez hurren, erreskada luzeak osa daitezke herri-literatura euskaldunaren esparruan. Gehienek, hala ere, behin edo gehiagotan, Antonio Zavalaren begirada zorrotz eta luma fina izan dute euren gain.
Bertsoz zein prosaz, aldi berean nahiz hurrenez hurren, erreskada luzeak osa daitezke herri-literatura euskaldunaren esparruan. Gehienek, hala ere, behin edo gehiagotan, Antonio Zavalaren begirada zorrotz eta luma fina izan dute euren gain.
Zavalaren lana lekuko batena izan dela esan ohi da sarritan, lekukotza hutsak ikerkuntzaren hariak kolokan jarriko balitu bezala. Ukaezina da, bestalde, Zavalaren zereginetan, ikertzaile-sena; eta emaitza, berriz, luze, sakon eta zabala, euskaraz eta gaztelaniaz, bizitza oso baten erakustaldi eta irakasbide.
Ikerkuntza-lana da Auspoaren orrialdeetan nagusi, horrek egiten baitu Zavala maisu. Bildu ez ezik, landu, jorratu eta apailatu egin du eskutik eskura eta ahoz aho ibilia, aurrerantzean paperezko sorta antolatuan izan dezan irakurle jakinguratsuak.
Paperezkoak, alabaina, iraunaldi laburra omen du, teknika berrien mesederako. Hala bada ere, hona hemen, Auspoa bilduma osoan bezalaxe, abagune aproposa, egun corpusaren linguistika deitzen dena euskal eta erdal tradizio ezin hobeaz hornitzeko. Corpus bat osatzea lortu du Antonio Zavalak bere lanaren bitartez. Halako corpusak, bistan da, erabilgarriak ez ezik, onuragarriak ere badira gaurko hiztunentzat, hainbat arlotan baitira horiek erabakigarri, hala ahozko azterketan, nola idatzizko barrunbeetan.
Nekez aurkituko da Euskal Herrian halako bildumarik; nekezago, bistan da, Zavalaren modukorik, halakoak lantzeko gogo eta grina bertsuan uztarturik.
Garaiotako seinalea da, modu batera zein bestera, ordenagailuaren aginpidea. Askoren ustez, gainera, bateraezinak dira hura eta herri-literatura; azken honek, itxuraz, iritsiezinak baititu literatura idatziaren sona eta ospea, finkotasuna bera ez aipatzearren.
Bego hori dioena. Nago, ostera, ez ote dugun herri-literaturaren altxorra ere barneratu behar euskarak aspalditik premiazko duen corpus esanguratsu horretan. Teknika berriak, bestalde, teknika hitzak egoki adierazten duenez, horixe dira, hain juxtu ere: tresnak, giza kulturaren emaitzak errazago lantzeko eta jorratzeko baliabideak.
Giza seme-alabak izan ditu beti Zavalak helmuga eta helburu; xedea, berriz, herriak sortu dituenak erakustea, aspalditik ulertu baitu hor daudela gizabanakoaren handitasuna eta ahuleziak.
Ikusi, herriaren ahotan ikusten ditu berak jatortasuna eta indarra. Azalean dabilenak, ordea, uko egingo dio horri maila jasoaren sor-marka. Jokabide okerra, dena den, halakoa, herriaren ahotsa, esanak eta hizkuntzaren sena hortxe daudelako, herriak gozagarri izan dezan beragandik sorturikoa. Hala baieztatu du Zavalak behin eta berriro. Halaxe baieztatzen dute sarri-sarri euskaldun askok ere, ikasiek zein ezikasiek, Auspoa bildumari erakusten dioten atxikimenduarekin.
Euskal kulturaren eragileek ere gero eta ozenago aldarrikatu beharko lukete ikusmolde hori. Urte luzetan herri-literaturaren esparruan ibilia, Zavalak badaki norabide ziurrak ematen. Horiek dira herri-literaturaren ale garandu eta garatuak, euskararen ur garbian edan dituenak hau da, herri-literaturaren ur-jario agorrezinean. Literatura letra larrietan erreibindikatzen denean, herri-literatura ere aldarrikatu behar da, horrek egiten gaituelako, eraberekokeria guztien gainetik, hizkuntza bereizi baten partaide hiztun eta jabekide.
Antonio Zavala euskaltzain osoak utzi gaitu. Luze eta onuratsu jokatu du gure Akademian, 1964an euskaltzain oso izendatu zutenetik. Herri Literatura batzordearen kide, haren itzala nabarmena izan da batzordearen lan eta ahaleginetan.
Tamalez, ezin izan du ikusi eskuartean zituen hainbat lanen argitalpena. Besteak beste, adiskide mina zuen Antonio Arrue euskaltzain zenduaren artikuluen bilduma, laster kaleratuko dena Euskaltzaindiaren babespean. Orobat, Auspoaren azken aleak. Haren miresle eta jarraitzaile izan garenok badakigu Antonio Zavalaren ale garatu horiek ederki frogatzen dutela, beste behin ere, ikerketa, jakituria eta gozamena, bereiz baino barru-barrutik bildurik eta estekaturik daudela .
Andres Urrutia, euskaltzainburua
Artikulu honen ildotik: Antonio Zavala euskaltzain oso emeritua hil da