Apirilaren 1ean, Pazko Astelehenean, Sarako Idazleen Biltzarra egingo da herriko kiroldegian. Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten biltzarrak autoreei ematen die lehentasuna. Euskal Herriko argitalpen munduak eta baita mugaz bi aldeetako euskaltzale askok ere Saran dute hitzordua. Aurtengoa 30. edizioa izango da.
Euskaltzaindia ere urtero joaten da Sarara, eta hor bere azken argitalpenak erakusten ditu. Aurten, goizeko 10:45ean, hiru liburu hauek aurkeztuko ditu:
- Jon Mirande, olerkaria. Bilduma: Euskaltzainak, 18. Egilea: Txomin Peillen
- Antoine D'Abbadie, Abbadiaz. Bilduma: Euskaltzainak, 19. Egilea: Jean-Louis Davant
- Gaineratekoen bilduma. Bilduma: Euskaltzainak, 20. Egilea: Gratien Adema "Zaldubi". Prestatzailea: Henri Duhau
Egileekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburua izango da.
Bestalde, 30. Idazleen Biltzarrak Jean Haritschelhar omenduko du, 12:00etan. Apur bat lehenago, 11:15ean, Bernardo Atxagaren mintzaldia izango da, Luzien Etxezarretak lagunduta.
Jon Mirande, olerkaria
Bilduma: Euskaltzainak, 18
Egilea: Txomin Peillen
Editorea: Euskaltzaindia
Laguntzailea: Euskararen Erakunde Publikoa
Hizkuntza: Euskara - frantsesa
Prezioa: 12 €
Liburuan, Peillenek hautatutako berrogeita bi olerki bildu dira, frantsesez eta euskaraz aurkeztuak. Olerki hauek lau gairen arabera sailkatu dira: Thanatos (heriotza), Eros (sexua), Mythos (mitologia) eta Satyra (satira). Mirandek olerki gehienak euskaraz idatzi zituen, hortaz, liburuan jaso direnak frantsesera itzuliak izan dira. "Erdaldunentzat egin dut liburu hau -dio Peillenek-, baina pasatzean euskaldunek ere balia dezaten, bi hizkuntzetan da". Jon Mirande, poète parisien da liburuaren frantsesezko izenburua.
Liburuaren aurkibidea (PDF, 41,46 KB)
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.
Antoine D'Abbadie, Abbadiaz
Bilduma: Euskaltzainak, 19
Egilea: Jean-Louis Davant
Editorea: Euskaltzaindia
Laguntzailea: Euskararen Erakunde Publikoa
Hizkuntza: Euskara
Prezioa: 12 €
Testu desberdinak baliatuz, Jean-Louis Davantek Antoine D´Abbadieren (1810-1897) bizitza aztertzen du. D´Abbadiek alor asko landu zituen: astronomoa, zientzilaria eta exploratzailea izateaz landa, hizkuntza asko zekizkien. Euskal Herria beti izan zuen gogoan, eta bizilekua Hendaian finkatu ondoren, euskal kulturgintzaren bultzatzaile handia izan zen, besteak beste, lore jokoak antolatu eta sustatuz.
Liburuaren aurkibidea (PDF, 33,43 KB)
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.
Gaineratekoen bilduma
Bilduma: Euskaltzainak, 20
Egilea: Gratien Adema "Zaldubi"
Prestatzailea: Henri Duhau
Editorea: Euskaltzaindia
Laguntzaileak: Senpereko Udala, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskaltzaleen Biltzarra
Hizkuntza: Euskara
Prezioa: 12 €
Hauxe da Duhauk bilduma honetan Zaldubiri eskainitako zazpigarren, eta azken liburukia. Duhauk azpimarratzen duen bezala, lehen sei liburukiak eskuizkribuetarik zetozen. Zazpigarren liburuki honetan, bada eskuz idatzizko zati bat; gehienak, hala ere, bera bizi zela eta hil ondorengo urteetan argitaratutakoak dira, bai Eskualduna kazetan (1887-1903 eta 1908- 1944), baita Eskualdun Ona astekarian ere (1904tik 1907ra).
Liburuaren aurkibidea (PDF, 63,42 KB)
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.