Gaur, abenduaren 23an, Bat soziolinguistika aldizkariaren azken zenbakia aurkeztu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskaltzaindiak. Bi erakundeon artean argitaratu duten aldizkariaren zenbaki berrian diglosiari buruzko hausnarketa sakona proposatzen da, hainbat artikuluren bidez: batetik, zenbakiaren muina dena, Diglosiaren purgatorioaz. Teoriatik tiraka txostena dago, Mikel Zalbide euskaltzainak idatzi duena. Eta bestetik, Paula Kasares, Iñaki Martinez de Luna, Julen Arexolaleiba, Maria-Jose Azurmendi, Xabier Isasi, Lionel Joly eta Joxe Manuel Odriozola soziolinguistek idatzitako artikuluak jaso dira, Zalbideren txostenean planteatzen diren gaiei erantzuna eman nahi dietena. Guztiei eskerrak eman dizkie Mikel Zalbidek: "Niretzat pozgarria izan da zazpi kritika jaso izana. Bakoitzak zinez pentsatzen duena esan du, eta nabarmen dago gauza batzuetan ados gaudela, eta beste gauza batzuetan ez gaudela ados, eta hori sanoa da. Gauzak argituko baditugu, lehendabizi zertan gauden ados eta zertan ez jakin behar dugu, hori funtsezkoa da hurrengo pausoak eman ahal izateko".
Mikel Zalbide euskaltzainak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Belen Uranga Bat aldizkariko koordinatzaileak aurkeztu dute aldizkaria. Andres Urrutiak egindako lana goraipatu du, eta bai Euskaltzaindia bera, bai eta Bat aldizkaria ere, zoriondu egin ditu, abian jarri duten lankidetzagatik. Bere ondoan, Belen Urangak Mikel Zalbiderekin elkarlanean aritzea "erronka" izan dela aitortu du. Emaitzak ikusita, hori bai, bere poza agertu du: "Etorkizunean, behintzat Euskal Herrian, diglosiaz idatzi edota hitz egiten denean, ezinbestekoa izango da Mikel Zalbideren lana kontuan hartzea. Mugarri bat da".
Belen Urangak aldizkariaren hitzaurrean esan bezala, "diglosia terminoaren jatorria eta ibilbidea argitu du Zalbidek txostenean, bere jatorritik 1959ra arteko ibilbidea; Greziatik Fergusonera, ondoren, Fishman-en ekarpena parez pare ezarriz. Herrialde Katalanetatik datorren Menderatuen diglosiaren bidea ere zehatu du bere indarguneak eta ahuleziak erakutsiz. Azkenik, euskal herrian izan duen garapenari begirada oso sakona eskaini dio, tartean, sona handiko beste soziolinguista askoren ekarpenak ere bilduz".
Diglosiaren purgatorioaz. Teoriatik tiraka txostena luze eta sakona da, eta bertan galderak eta erantzunak ematen ditu Zalbidek. Gaur, aurkezpenean, labur hitz egin du diglosiaz. "Belaunaldi oso bat hazi da diglosiaren miseriaz hitz egiten", esan du. Hori horrela, haren ustez, diglosiari buruz jendeak duen ustea ez da zuzena, ez beti, "eta pentsatzen dut badela garaia honetaz hitz egiteko, batez ere ondorioak oso inportanteak baitira".
Diglosia munduko ia edozein lekutan gertatzen den gauza dela esan du, eta jarraian honako ezaugarriak erantsi zaizkio diglosiari: fenomeno soziala da, iraunkorra, sozio-funtzionala, eta ez da gatazka iturria, gatazka beti sortzen da "diglosia ahultzen denean; diglosia galtzeak, galtzeko prozesuan gaudenean, orduan sortzen da gatazka".
Belen Uranga: "Diglosiaren inguruan Mikel Zalbideren ekarpenaz" 66,20 Kb