Berrizko toponimia jasotzeko lana osatu da eta laster jakinaraziko dira azken bi urteotan burutu den ikerketaren emaitzak.
Udalak herriko toponimia ikertzeko erabakia 2008an hartu zuen eta urte horretan egin zuen beka deialdia Joan Ander Ramos jaunak eskuratu zuen. Ikerketa aurrera ateratzeko, Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu zuten; horren arabera, Akademiak hiru konpromezu hartu zituen: batetik, izenen normalizazioa burutzen laguntzea; bestetik, ikerlaria laguntzeko tutorea izendatzea, eta hirugarrenik, ikerketa bideratzeko osatu zen Jarraipen batzordean parte hartzea. Batzorde horretan Jose Luis Lizundia euskaltzainak eta Mikel Gorrotxategik hartu zuten parte, Akademiaren aldetik, eta Karmen Amezua Urcelayk, Lazaro Milikuak eta Maite Gerenabarrenak Udalaren partetik. Tutoretza lanak Mikel Gorrotxategi Onomastika batzordeko idazkariak bete ditu.
Ikerketa bi epe nagusitan egin zuen Jon Ander Ramosek. Lehengoan, iturri idatziak aztertu eta 9.529 izen bildu zituen, bereziki Udalaren eta Batzar Nagusien artxiboetan, nahiz eta beste batzuk ere arakatu. Geroago ahozko bilketa burutu zuen ikerlariak, Ibon Gorritxategiren laguntzarekin. Ahozko bilketaren bidez 921 izen bildu eta kokatu zituzten mapetan.
Datu hauek guztiak aztertu eta gero 1.139 leku izendatu dituzte. Izenak, edo hobeki esanda, kokapena zehatza dutenak, Bizkaiko Foru Aldundiaren argazkien gainean kokatu dira eta joan den abenduan ikusgai jarri zituen Udalak, herritarren parte-hartzea bultzatzeaz gain, jendeari zuzenketak edo beste ekarpenak egiteko aukera emateko. Bertan bildutako datu berriak erabiliko dira azken proposamena gauzatzeko.
Itxita. Ezin duzu iruzkin berririk gehitu.