Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman dio hasiera, gaur, 'Euskarak tokia hartu ahal izateko hizkuntza politikaz' izeneko mintegiari. Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatu dute jardunaldia, Bilbon.
Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza-politikako arduradun nagusiak batu dira, lehenengo aldiz, etorkizunean gara litezkeen lan-ildoei buruzko iritziak trukatzeko.
Entzuleen artean, gizarte eragile ugari. Tartean, Aitor Aldasoro (EUDEL); Lorea Arakistain (PUNTUeus); Iñaki Alegria (UEU); Arantza Atutxa (Gerediaga); Jokin Azkur (HABE); Alberto Barandiaran (Hekimen); Imanol Urbieta (UZEI); Ana Eizagirre (BIGE); Jasone Osoro (EIE); Maddi Etxebarria eta Leire Cancio (Elhuyar); Xabier Euzkitze (Donostiako Udala); Nere Jone Intxaustegi (Deustuko Unibertsitatea); Garbiñe Iztueta (Etxepare); Imanol Larrea (Soziolinguistika Klusterra); edo Mertxe Mujika (AEK).
Sabino Arana Fundazioaren eta Euskaltzaindiaren ekimenez, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza-politikako arduradun nagusiak aurretiaz inoiz egin ez den mintegi batean batu dira gaur, Fundazioaren egoitzan, etorkizunean gara litezkeen lan-ildoei buruzko iritziak trukatzeko xedez. Izan ere, jadanik Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetako hizkuntza-politikaren arloko lan-ildoak zehaztu ditu, Nafarroako Gobernuak lehen Euskararen Plan Estrategikoa onartu berri du, eta Ipar Euskal Herrian Euskal Elkargoa deritzon erakunde mankomunatua sortu da. Azken erakunde honek eskumenak izango ditu hizkuntza-politikaren esparruan, besteak beste.
Honakoa dugu Euskal Herriko lurralde guztietako hizkuntza-politikako arduradunak batu direneko lehen aldia, arestian aipatutako herri-erakundeen proiektuak eta lan-ildoak ezagutzera emateko eta, bestetik, haien arteko koordinazio-aukerak aztertzeko.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko lehendakariak jardun dute 'Euskarak tokia hartu ahal izateko hizkuntza politikaz' izenburua duen mintegi honen hasiera-ekitaldian. Honela, Zupiriak adierazi du ziurrenik inoizko baldintzarik onenak ditugula "euskara era eraginkorrean sustatzeko". "Azken hamarkadotan egindako lan onaren ondorioz, ezagutza asko hazi da eta hizkuntzaren erabilera ere areagotu da; gizartearen euskararekiko jarrera inoiz baino hobea da eta, indarkeria amaitu zenez geroztik, testuinguru politikoa ere askozaz errazagoa da. Erronka handiak ditugu, zailtasunak badaude, baina aukera handiak ere badaude”, azpimarratu du sailburuak. Bide batez, euskarak "mezu eta diskurtso positiboak" behar dituela adierazi du.
Bere aldetik, Juan Mª Atutxak bizpahiru esalditan argitu du mintegian bildutakoen asmo berdintsua: "lankidetza; elkarlanerako asmoa, elkarlanerako gogoa, elkarlanerako bidea. Testuinguru soziopolitikoak aukera ezin hobea eskaini digu; jauzi kualitatibo bat emateko aukera. Balia dezagun aukera hori. Erronkak itzelak dira: nola indartu, nola biziberritu euskara hizkuntza hegemonikoek markatutako joko-zelaian?; Txalupa txikia izanik, nola itsasoratu hizkuntza nagusien ur handitan? Mitxelenak zioen bezala, helburua ez baita bizirik irautea, berezko tokia izatea baizik”. Era berean, Sabino Arana Fundazioko lehendakariak agertu duenez, “azken berrogei urte hauetan aurrerapauso nabariak eman ditugu", eta, bere ustez, "botila ez dago erdi hutsik; botila erdi beteta dago, eta ez daukat zalantza izpirik ere, bide honetatik jarraitzen badugu, hau da, elkarlanaren bidetik jarraitzen badugu, botila, astiro bada ere, betetzen joango dela”.
ADOSTASUN ZABALAK
Andres Urrutia euskaltzainburuak ere irmotasunez adierazi du “hizkuntza politika beharrezkoa duela euskarak; ez, ordea, hizkuntzarekin politika egitea". Urrutiak bat egin du mintegiaren helburuarekin: "Iritzi-trukaketa beharrezkoa da, euskararen etorkizuna baitago jokoan. Eta, trukaketaren ostean, adostasun eta akordio zabalak beharko ditu".
(Gaur, Ipar eta Hego Euskal Herriko hizkuntza-politikako arduradun nagusiak aurretiaz inoiz egin ez den mintegi batean batu dira)