Datorren asteazkenean, ekainaren 24an, Euskaltzaindiak eta ONCEk bi erakundeen arteko elkarlanaren lehen emaitzak aurkeztuko dituzte: Erlea aldizkariaren azken bi zenbakiak eta Bernard Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua, pertsona itsuentzat edota ikusmen urritasunak dituzten pertsonentzat egokituta. Aurkezpena goizeko 10:30ean izango da, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan.
Aipatu lanok bi euskarritan eskainiko dira: Braille alfabetoan eta audio bidezko Daisy sisteman. Bion funtzionamendua erakutsiko da aurkezpenean bertan.
2014ko azaroan, Euskaltzaindiak eta ONCEk lankidetza-hitzarmena sinatu zuten. Helburua Euskaltzaindiko katalogoetako obra batzuk Braille sistemara edota itsuek soilik erabiliko dituzten beste formatu batzuetara egokitzea zen.
Orain datoz, beraz, akordio horren lehen argitalpenak. Honako hauek aurkeztuko dituzte: Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Xabier Kintana idazkariak eta Bernardo Atxaga idazle, euskaltzain eta Erlea aldizkariko zuzendariak; eta ONCErenean, Basilio San Gabriel lurralde-ordezkariak eta Iñigo Arbiza Komunikazio buruak.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea ere bertan izango da. Izan ere, Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak Linguae Vasconum Primitiae liburuaren bi edizio kaleratu dituzte, lankidetzan. Horren ondorioz, euskaraz gain, hamaika hizkuntzatan irakur daiteke: gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez, italieraz, katalanez, galizieraz, errumanieraz, arabieraz, kitxuaz eta txineraz.