Euskaltzaindiak eduki gehiago jarri ditu Creative Commons lizentziapean. Bost ziren lizentzia horren menpe orain arte zabaltzen ziren lanak, eta orain bost gehiago gehituko zaizkie. Hauek dira lan guztiak: Arauak, Hiztegi Batua, Hiztegi Batu Oinarriduna, XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa, Orotariko Euskal Hiztegia, Literatura Terminoen Hiztegia, Lexikoaren Behatokiaren Corpusa, Hitz-elkarketa, Izendegiak / Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA) eta Jagonet galde-erantzunen datu-basea.
Euskaltzaindiak erabiltzeari eskaintzen dion baimen-mota zehatza honako hau da: Aitortu - EzKomertziala - Partekatu Berdin 3.0 Espainia.
Hortaz, Akademiak argitaratutako material horiek guztiak kopiatu, banatu eta jendaurrean komunikatu ahal izango dira, betiere egilea Euskaltzaindia dela beren-beregi aitortu eta begi-bistan jarriz gero, eta edukiak zabaltzeko lizentzia bera erabiltzen bada. Horretaz gain, ezin da lan horren erabilera komertzialik egin, eta lana aldatu edo lan eratorri bat sortzen bada, sortutako eduki horren banaketa, ezaugarri berberarekin egin beharko da.
Era berean, erabiltzaileak lan baimendunen zatiak barruratu ahal izango ditu lan sortu berrietan, lan berri horiek literatura arlokoak izan, artistikoak izan nahiz zientifikoak izan, baldin eta lan sortu berrian ageriko aipamena jartzen badu, aurretiazko lan bat erabili duela nabarmentzeko, eta, horrez gain, baimen honen baldintza guztiak betetzen baditu (Aitortu - EzKomertziala - PartekatuBerdin).