Apirilaren 21ean, Pazko Astelehenean, Sarako Idazleen Biltzarra egingo da. Euskaltzaindiak hiru liburu aurkeztuko ditu: Le fondement moral des droits culturels de l'homme (Kultura eskubideen oinarrietikoak), Piarres Charrittonena; Amodioaren Martirra. Dolores emazte bat berthutez bethea, Ernest Daudetena, Xabier Altzibar da edizio kritiko eta modernoa egin duena; eta Zubererazko istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri, Jean-Baptiste "Battittu" Coyosena.
Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten biltzarra herriko kiroldegian egingo da, urtero legez. Aurtengo edizioak hiru lagun omenduko ditu: Erramun Baxok soziolinguista eta ohorezko euskaltzaina, Manex Pagola idazle, kantari eta euskaltzain urgazlea eta Patrice Rouleau marrazkilaria.
Euskaltzaindiaren aurkezpena goizeko 11:00etan izango da.
Amodioaren Martirra. Dolores emazte bat berthutez bethea
Bilduma: Euskaltzainak, 21
Egilea: Ernest Daudet
Sarrera, edizio kritikoa, hiztegia eta edizio modernoa: Xabier Altzibar
Editorea: Euskaltzaindia
Laguntzailea: Euskararen Erakunde Publikoa
Hizkuntza: Euskara
Prezioa: 15 €
Ernest Daudet frantses idazlearen (1837-1921) nobela baten euskarazko moldaketa da. Protagonista nagusia Dolores da, ijito alaba, eta, harekin batera, Salbador, markes pobretu baten semea; bada hirugarren pertsonaia garrantzitsu bat, Eusebia, neskato noble eta aberatsa. Hiruren artean osatzen dute amodio-triangelua. Frantses Iraultzaren aitzineko eta ondoko jazoeretan kokatua dago (1770 -1794); azken atala, monarkia berrezarriaren garaian.
Altzibarrek azaldu bezala, "folletoi-nobelaren barruan kokatzen da eta horri dagozkion ezaugarriak ageri dira: gertaeren erreberritze ziklikoa; egoera dramatiko ugari (are egiantzekotasunik gabeak, korapiloaren batasunari eusteko asmoz); Ongiaren eta Gaizkiaren arteko borroka (Ongia, monarkia; Gaizkia, Iraultza edo Errepublika); esajerazioa, patetismoa etab".
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.
Zubererazko istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri
Bilduma: Euskaltzainak, 22
Egilea: Jean-Baptiste "Battittu" Coyos
Editorea: Euskaltzaindia
Laguntzailea: Euskararen Erakunde Publikoa
Hizkuntza: Euskara
Prezioa: 12 €
Liburuak Gure Herria aldizkarian 1924tik 1939ra argitaratu ziren zubererazko istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri bilduma bat eskaintzen du.
Zubererazko istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri liburuak azpititulua du: "Gure Herria aldizkariaren idazleak (1924-1939)". Hitzaurrea egin duen Jean-Louis Davant euskaltzainak azaltzen duen bezala, "munduko bi gerla handien artean, zuberotar prosalari gazte andana bat agertu zen Gure Herria aldizkarian, istorio eta ipuinak sotilki kontatuz".
Hala, bada, Coyosek "belaunaldi horretako zortzi autoreren idazlan batzuk berpizten ditu, haatik ez edozein krakakoak: «istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri» zenbaiten berriz argitaratzea hautatu du". Oro har, hogeita hamar testu hautatu ditu Coyosek: narrazioak, ipuinak, alegiak "eta sailkatzeko errazak ez direnak".
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.
Le fondement moral des droits culturels de l'homme. (Kultura eskubideen oinarri etikoak)
Bilduma: Euskaltzainak, 23
Egilea: Piarres Xarriton
Editorea: Euskaltzaindia
Laguntzailea: Euskararen Erakunde Publikoa
Hizkuntza: Frantsesa - euskara
Prezioa: 15 €
Liburu hau idaztean, asmo zehatza izan du Piarres Xarritonek: "Herri orok baduela herri bat izaiteko eskua nahi nuke ikusi eta erakutsi. Irakatsi ere zergatik duen eskubide hori fedearen argitan". Herri bat izateko eskubidea esaten duenean, Xarritonek oso kontuan hartzen du kultura. "Kulturak emaiten dio herriari herritasuna, kulturaren iraupena da herriaren iraunpide bakarra".
Elizari buruz hitz egiten da lan honetan, eta “fedearen argitan” egiten da, egileak doen bezala. "Elizaren altzoan haziak eta haren zerbitzuan higatuak garen batzuk bagara bizkitartean oraino gure herrian", argudiatzen du. Horiek horrela, "giza-jakintzen laguntzarekin lehiatuko gara elizaren irakaspenari erro sendoagoak emaiterat. Ez baita sekulan ahantzi behar, San Tomas Akinokoaren arabera “Graziak ez duela nehoiz Naturaleza suntsitzen” ez eta beraz Fedeak ukatzen Jakintza."
Liburuaren aurkibidea (PDF, 432 KB)
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.