-(e)la menderagailuaz eraturiko osagarriak hartzen ditu normalean iruditu aditzak: Altubek arrazoi zuela dirudi horretan. Batzordeari -(e)netz hobetsi behar zela iruditu zaio.
Ez dira ohikoak -t(z)ea/-t(z)eak erako konplementazioak (aditz ez-jokatuak, alegia). Erabiltzen direnean, gainera, zalantza sortzen da NOR ala NORK kasua dagokien.
Literatura-tradizioko datuetara jota, bietariko jokaerak aurki daitezke, kopuru berdintsuetan, gainera. Beraz, biak ontzat jo behar dira.
• dirudi + -t(z)eak: Horretarako Madrila jotzeak, izan ere, ez dirudi bidezko (K. Mitxelena)...
• dirudi + -t(z)ea: Betiko leloak utzirik, beraz, ez dirudi lan alferra dakarren mandatu horri begiratzea (K. Mitxelena).
Euskaltzaindiaren Hiztegikoak dira adibide hauek: Irakurleari ez zaio biderik gehiegi zabaldu behar, agian, baina arantzaz eta sasiz irakurtzeak ere ez dirudi egoki. Gezurra dirudi horrenbestetan eta horren berdin maitemindu ahal izatea.
EUSKALTZAINDIA. “Aditzaren jokabidea: iruditu (gezurra dirudi hain argal egotea/egoteak)”, Jagonet galde-erantzunak.