Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik eman ‘ezina’ adierazten duen ezin izan aditzari buruz —ezta ahal izan aditzari buruz ere; behar izan eta nahi izan aditz modalei buruzkoak bai [113 eta 114. arauak]—. Tradizioan, ordea, badira ondo finkaturiko moldeak eta komeni da horiei buruzko zenbait zertzelada aipatzea, euskalki guztietan erabiltzen dira-eta ezin izanez osaturiko perifrasiak.
ERREGIMENA. Laguntzen duen aditzaren ezkerrera doa eta haren erregimenaren arabera jokatzen da ezin izan: (erosi, esaterako, du aditza denez) ezin du erosi (inpertsonala bada, da ere baliteke: ezin da erosi); (etorri, berriz, da aditza denez) ezin da etorri (*ezin du etorri). [EH]
Nolanahi ere, aditz nagusia isilpean gordetzen denean, du hartzen du beti (esaldia inpertsonala ez bada behintzat: (Ezin da). —Joan zaitezke? —Ez, ezin dut. (*—Ez, ezin naiz).
EGITURA MORFOSINTAKTIKOAK
Hauek baliokideak dira denak esanahiz, eta zuzenak formaz: ezin naiz joan / ezin joan naiz / ez(in) naiteke joan / ezin joan naiteke / (ez daukat joaterik); ezin dut erosi / ezin erosi dut / ez(in) dezaket eros / ezin eros dezaket / (ez daukat erosterik). Letra lodiz ageri dira molde erabilienak eta neutroenak.
EUSKALTZAINDIA (2016). Euskaltzaindiaren Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia (ezin sarrera).
—(1990). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (461).
—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (423).
— “Aditzaren jokabidea: behar izan, ezin izan, balio izan, bizi izan, ahal izan, nahi izan (behar izango / beharko…)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: ezin izan (ezin zen / ezin zitekeen)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: ahal izan, ezin izan (joan ahal nintzen / joan nintekeen, ezin joan naiz / ezin naiteke joan)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: ezin izan (ezin dut / ezin dezaket / ez dezaket)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: ahal izan, ezin izan”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: ezin izan (ezin dut jan / ezin jan dut) ”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (210, 214-215).