Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik eman kontu honetaz, baina besterik ez alde batetik doa eta baino ez eta baizik ez beste batetik, ez baitute berdin jokatzen.
NUMERO-KOMUNZTADURA. Besterik ez erabiltzean, aditz-komunztadura singularrean egiten da: Eskolako liburuak besterik ez dut ekarri (*Eskolako liburuak besterik ez ditut ekarri); izan ere, aditzak besterikekin egiten du komunztadura (bera baita aditzaren objektua), eta ez haren ezkerreko sintagmarekin: Ez zegoen bakar batzuk besterik (*Ez zeuden bakar batzuk besterik).
Bada salbuespenik, ordea:
Beste biek (baino ez, baizik ez) singularreko nahiz pluraleko komunztadura onartzen dute. Liburuak baino/baizik ez ditut ekarri.
PERTSONA-KOMUNZTADURA. Hirugarren pertsona erabiltzen da. Zu baizik/besterik/baino ez dut maite (*Zu baizik/besterik/baino ez zaitut maite). Mezu bera emateko, euskarak badu beste egitura bat zalantzarik ez duena: Ez dut INOR maite zu baizik. Ez dut BESTE INOR maite zu baizik. Ez dut BESTE EZER erosi liburuak baizik.
Aipatu beharrekoa da besterikek duen muga bat: aurreko izena nahitaez absolutiboan (NOR kasuan) behar du; beste kasu batean badago, baino eta baizik baliatu behar dira, horiek kasu guztiak onartzen baitituzte. Zurekin baino/baizik ez du nahi (*Zurekin besterik ez du nahi). Egokiak dira, noski, beste hauek: Zurekin bakarrik nahi du. Zurekin beste inorekin ez du nahi.
Absolutiboaz gainerako kasuekin beste- erroaren aukera balia daiteke hemen ere: <X + beste + (inor/ezer)> egitura, hain zuzen, bi sintagmak kasu berean direla: Zuk bestek ez dit esan. Gertaturikoa ez diot zuri beste inori esango. Asteburuetan ez omen zara mendira beste inora joaten.
PARTIZIPIOA vs ADITZ-IZENA. Zuzenak dira forma hauek guztiak:
- Irakurri besterik/baino (baizik) ez duzu.
- Irakurtzea besterik/baino (baizik) ez duzu.
- Irakurri besterik/baino (baizik) ez duzu egin behar.
- Irakurtzea besterik/baino (baizik) ez duzu egin behar.
Tradizioan, partizipio-moldea (irakurri) aditz-izena (irakurtzea) baino sarriago erabili da; eta besterik sarriago bainoren aldean.
Nolabaiteko agindu-nahikundea edo adierazten dute forma horiek. Badu euskarak ahozko moldean sarri erabiltzen den beste esapide-modu bat besterik erabili gabe horietan esaten dena adierazteko: <-t(z)ea aditz-izena + ukan/eduki> perifrasi-multzoa.
(Irakurri/irakurtzea besterik ez duzu) = Irakurtzea daukazu/duzu.
([...] lehenago utzi/uztea besterik ez zeukan) = ‘Senarra txarra atera zaio; lehenago uztea zeukan’.
EUSKALTZAINDIA (1994). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak IV (EGLU IV). Bilbo: Euskaltzaindia (216-219).
—(1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (471).
— “Kuantifikazioa adieraztea: besterik ez (komunztadura: ariketak besterik ez dut egin / besterik ez ditut egin)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Kuantifikazioa adieraztea: Komunztadura (besterik ez, baino ez, baizik ez) (dut/ditut)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Kuantifikazioa adieraztea: besterik ez / baino ez (irakurri/irakurtzea besterik ez duzu)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (97-98).
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "Besterik", Ehulkuren aholku guztiak.
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (50-52).