Ez dira gauza bera autobus berdinean etorri ziren eta autobus berean etorri ziren. Berdin izenlagunak elkarren antza duten gauza bi edo gehiago adierazten du; ber(a) erakusleak, berriz, gauza bakar beraz ari dela . Zure amak eta nireak auto berdina erosi dute badiogu, auto igualak erosi dituztela diogu; bi auto daude aipamenean, bakoitzak berea erosi du eta. Zure ama eta nirea auto berean etorri dira esaten badugu, aldiz, auto bat besterik ez dago. [EH]
Analogiaz, beraz: *Egun berdinean joan ziren oporretara (> egun berean). *Ikastetxe berdinean daude aurten (> ikastetxe berean). *Eskola berdineko ikasleak gara (> eskola bereko). *Atzoko mutil berdina etorri da ate joka (> mutil bera). Zeinek bere balioa du, beraz: Plater beretik jango dugu (plater bat baino ez dago) ≠ Plater berdinetik jango dugu (plater bi gutxienez). Anttonek eta Luisek arropa berdina daramate, baina ez arropa bera.
Kolore bera ala kolore berdina? Izen abstraktuekin lausotu egiten da aldea, eta halako izen batzuek biak onartzen dituzte (ZER galdetzailea suma dezakegu batean, eta NOLAKO bestean): lan bera eginda... / lan berdina eginda...; atzoko tenperatura bera / atzoko tenperatura berdina; klima bera / klima berdina; iritzi bera / iritzi berdina; ideia bera / ideia berdina, erabaki bera / erabaki berdina, balio bera / balio berdina; kolore bera / kolore berdina... Dena dela, modurik ohikoena eta egokiagoa lehen moldea da (ZER): iritzi berekoak gara, iritzi bera dugu.
Nolanahi ere, desegokia da *berdina esan esapidea. Modu egokia gauza bera esan da, edo, bestela, beste esanahi batekin, berdin esan (NOLA esan, adberbioa: modu berean esan).
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Iruñea: Euskaltzaindia (92).
— “Lexikoa: bera/berdin (kolore bera/kolore berdina)”, Jagonet galde-erantzunak.
—(1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (131, 133).
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (130).
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (121-127).
SARASOLA, Ibon (1997). Euskara batuaren ajeak. Irun: Alberdania (47).