IDAZKERA. Ba- aurrizkia aditzarekin batera idatzi behar da, bai baldintza markatzeko denean (1) , bai aditzaren baietza markatzeko denean (2) .
(1) Mikel etortzen BAda, elkarrekin afalduko dugu.
(2) BAdator Mikel.
Baldintzazko ez den horretan (2), hala ere, ba- hizkiaren eta aditzaren artean beste hitz batzuk ere sar daitezke. Orduan, ba bera bakarrik idatzi behar da: Ba ote dator Mikel? Ba omen dator Mikel. Ba ote (dago) inor ni baino hoberik? [24. araua, «Ba- eta gabe-ren idazkera»]. Idazkera hauek ez dira zuzenak: *Bai ote posible? (> Posible ote da? / Bai ote?), *Baida posible! (> Bada posible!), *Baidakigu non dagoen (> Badakigu non dagoen), *Baidago gaur (> Badago gaur).
Aditzik gabeko esamolde-egiturak direnean, bai ote? eta ez ote? dira moldeak:
—Bihar etorriko da. —Bai? Bai ote?
Ez da ahaztu behar ba- aurrizkia ager daitekeela zehar-galderan (Ez dakit BAdatorren) eta kontzesio-perpausetan ([...] nahiz beste lanik BAduen) ere.
AZENTUERA
Oharra: Azpimarra-markak azentu gainartzailea adierazten du.
BA LOKAILUA. Elkarrizketetan eta kidekoetan, onartzekoa da lokailuaren ba forma laburtua —baita idatzian ere—, maila neutroari bada forma dagokion arren. Goazen, bada/ba. Bada/Ba, hori zure eskuan dago. [EH]
Euskara mintzatuan [ba] forma hartzen du normalean. Ondorioz, ahoskeran ere eragina du: <Alde egizu, bada(!)> / <Alde egizu(,) ba(!)> [aldeegizuba]; <Ekarriko ez du(,) ba!> [ekarrikoeztuba]. Halako askotan, ez da sintaktikoki beregaina, eta, orduan, kontuan hartu beharko dira hizkera-maila zaindugabeetan egiten diren ahultzeak: <Esaiok ba!> [esaiopa]; <Neuk esan ez dinat ba!> [neukesaneztiña´pa].
BA- BAIEZTEKOA ETA MENDEKO ESALDIAK. Tradizioak dio ba- erabil daitekeela mendeko perpausetan ere (aditz trinkoari loturik beti, jakina). Erabilera-maiztasuna ez da berdina Iparraldean (non sarriago erabiltzen den) eta Hegoaldean, baina bi moldeak dira zilegi. Adibideak:
Badatorrela esan du. (konpletiboa)
Boligraforik (ba)daukazun galdetu dizu. Ez dakit (ba)datorren. (zehar-galdera)
[...] nahiz bertze lanik baduen. (kontzesiozkoa)
[...] zeren ogi-buruaren itxura baduen. (kausazkoa)
[...] baden bitartean zenbait traba. (denborazkoa)
Perpaus erlatiboetan, ordea, euskalki guztietako joera nagusia aurrizkirik gabe eratzea da: Aspaldi dakigun mintzaira da euskara. Iparraldean, hala ere, honelakorik ere —oso gutxi, egia esan— aurki daiteke: Baina horrako hor datorren gizona duk sakelan diru asko baduena.
BIZKAIERAZKO BA- ZEHAR-GALDERETAN. Euskalki honetako zenbait tokitan, zehar-galderak -(e)n menderagailua hartu beharrean ba- hartzen du inoiz, ahozko hizkeran batez ere (azentugabea izaten da). Ez dakit jaitsiko banaiz (= Ez dakit jaitsiko naizen).
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (343-345).
—(1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (109-112, 166, 202, 217).
—(1990). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak III (EGLU III). Bilbo: Euskaltzaindia (149).
—(2016). Euskaltzaindiaren Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia (ba sarrera).
— “Aditzaren jokabidea: ba- (badatorrela esan du / boligraforik badaukazun galdetu dizu)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Zehar-galderak: Jainkorik baden / Jainkorik den”, Jagonet galde-erantzunak.
ALBERDI, Andres (2014). Ahoskera, Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (62).