Bi gauza dira. Zer ikusi esapidea galdetzailez eta aditzez osaturik dago: Badago hemen zer ikusirik! Zer ikusi, hura ikasi. Zerikusi, berriz, izena da: Politikarekin zerikusi gutxi duen gaia. Donostian ezagutu nuen mutil batekin dauka zerikusia. Honek ez du horrekin zerikusirik. [EH]
Zerikusi izenaren baliokidea da ikusteko, izena denean. Honek ez du horrekin zerikusirik = Honek ez du horrekin ikustekorik. Hala izanik, ez dira zuzenak *Honek ez du zer ikustekorik horrekin eta *Honek ez du zer zerikusirik horrekin (> Honek ez du zerikusirik/ikustekorik horrekin), nolabait bi egiturak (zer ikusi / zerikusi) nahasita. Beste testuinguru batean, zer eta ikusteko perpaus berean ager daitezke, noski, baina bakoitza osagai desberdina izanik: Zer ikusteko dut nik zurekin?
EUSKALTZAINDIA. “Aditzaren jokabidea: zerikusirik ez izan (zerikusia / *zer ikustekoa)”, Jagonet galde-erantzunak.