Muga zedarritzea ez da askotan erraza, baina badira irizpide nagusi batzuk:
• Galdera irekietan, zer galdetzailea erabiltzea da egokiena: Zer adin duzu? Zer lanbidetan aritzen da ama? Zer menditan izan zineten atzo?
Zenbatekoren esanahia duenean ere, zer da erabiltzekoa: Zer indar du alderdi horrek gaur egun? Zer pisu zenuen 18 urterekin? Tenperatura 25 °C denean, zer presio dago galdaran?
• Era batera edo bestera zedarrituta daukagun multzo jakin batetik bat bereizi behar denean, zein da aukera egokiagoa: Bi liburu hauetatik, zein (liburu) nahi duzu?; Ikusi dituzun herrietatik, zein [herri] gustatzen zaizu gehien?; [Gipuzkoako] Zein herritan bizi zara zu?; [Nafarroako] Zein erregek gobernatu zuen...; Zein irakaslek egin dute greba?
• Batzuetan, biak erabil daitezke, eta testuinguruak adieraziko digu aukeraren egokia: Zer egunetan joan behar duzu mendira? / Zein egunetan joan behar duzu mendira [aipatutako horietatik]?; Zer kolore erabili da gehien? / Zein kolore erabili da gehien [aipatutako horietatik]?; Zer/Zein herritan bizi da Ane?
Gaur egungo hizkeran eta testuetan, behar baino gehiagotan zeinen aldeko gehiegizko lerratzea nabari da. ?Zein ordutan joaten zara eskolara? / Zer ordutan joaten zara eskolara?; ?Zein koloretakoa da hondoa? / Zer koloretakoa da hondoa?; ?Ez nekien zein musika aukeratu / Ez nekien zer musika aukeratu; ?Zein alde dago psikiatriaren eta psikologiaren artean? / Zer alde dago...
ZER, harridurazko perpausetan:
a) Izena bakarrik doanean, zer erabiltzen da: Zer etxea!; Zer zoriona, zer goxotasuna, zer bakea! (#Zer zorion, zer bake?)
b) Izena eta adjektiboa edo adjektibo soila doazenean, berriz, baliokide dira zer eta zein(en): Zer etxe handia! / Zein(en) etxe handia!; Zer polita! / Zein(en) polita! (*Zer polit).
AHOSKERA
EUSKALTZAINDIA (2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (4-5, 59-60).
— ““Nor/zer” adieraztea: zer, zein (zein erregek, zein irakaslek)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Ortografia: zer, zein / ze (zer ordu, zer polita, zer ona...)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (93).
EHUko Euskara Zerbitzua (2008). "Zer/zein", Ehulkuren aholku guztiak.