Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik eman zenbaki hauei buruz, baina, ohituraz, zenbait egoera eta kasu berezitan, sinbolo erromatarrak erabiltzen dira berariaz zenbaki ordinalak adierazteko
. Hauetan bereziki:- Dinastietan (pilotariak, errege-erreginak, aita santuak...): Olaizola II.a, Luis XIV.ak esandakoa, Berasaluze IX.aren jokaldi ikusgarria, Benedikto XVI.aren entziklika... Ordinala beti deklinatzen da (erreparatu adibideetako letra etzanei), baita aposizioetan ere: Justiniano I.a > Justiniano I.a enperadorearen garaian... / *Justiniano I. enperadorearen garaian...; beste hainbeste egiten da jatorria aipatzen denean ere: Jakue II.a Ingalaterrakoa / *Jakue II. Ingalaterrakoa.
- Mendeak adieraztean: Eliza erromanikoak X. mendean hasi ziren eraikitzen. Einstein XX. mendeko zientzialari aukeratu zuten. XVII eta XVIII. mendeetan gertatu zen hori / XVII. eta XVIII. mendeetan gertatu zen hori.
- Data laburturik idazteko, bi molde hauek erabiltzen dira: 2007-X-20 eta 2007-10-20.
- Jaialdiak, biltzarrak, olinpiar jokoak, txapelketak, sariketak, kontzilioak eta antzekoak: Eguberrietako III. Jaialdia, Abokatuen Elkargoaren X. Biltzarra, XXX. Olinpiar Jokoak (Londres, 2012), Vatikanoko II. Kontzilioa... Idatzi beharreko zenbakiari konplexuegia irizten bazaio, erraztasunagatik, zenbaki arabiarretara jotzen da: 78. Munduko Xake Txapelketa.
- Itsasontzi eta beste ibilgailu batzuen izenak: Titanic II.a; Nautilus X.a.
- Ordinala eta hari dagokion hitza ezin dira bereizi bi lerrotan. Joan XXIII.a [*Joan//XXIII.a].
Nolanahi ere, pilota-jokoan eta, ez dago zertan puntua adierazi pilotarien elastikoetan edota partiden emaitzetan, ulertu egiten baita izen horiek etiketa modukoak direla, eta, inplizituki, ordinal modura hartu behar direla. Elastikoetan, honela: Olaizola II, Galartza VI, Berasaluze VIII... Emaitzak ematean, honela: Bengoetxea VI-Urrutikoetxea, 22; Altuna III-Irribarria, 21.
ZENBAITEN ARTEAN (2005). Onomastika. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (89).
ETXEBARRIA, Jose Ramon (2011). Zientzia eta Teknikako Euskara Arautzeko Gomendioak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (41).