VI.2. Argibideak I.5.2
Aurreko lanetan bezala (H-E/1, H-E/3), hemen ere gure corpusean jaso ditugun Behi-esne motako hitz elkartuen adibideak emango ditugu: hitz elkartuaren lema agertuko da lehenik, eta ondoren hitz elkartu hori, bere testuinguruan, autore bakoitzaren lanean (liburu bakoitzari dagokion kodea eta orrialdea emanaz). Beharrezko iruditu zaigu, hala ere, zenbait argibide ematea irakurleari.
Ondoren datozen adibideen —eta testuan zehar aipatu ditugunen— iturriari dagokionez, ez dago aldaketarik aurreko lanekin alderatuaz. Hasieratik esku artean izan dugun corpusa gorde dugu orain ere gure adibideen iturri. Sarrerako argibideetan esan bezala (§ Sarrera gisa) Mikel Zalbidek prestatu eta antolatua da diogun corpus hori.
Egia da asko aldatu dela corpusgintzaren mundua laurogeiko hamarkadan gure corpusa osatu genuenetik hona. Euskaraz ere baditugu, zorionez, modu bateko baino gehiagoko corpusak, besteak beste, XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa, Ereduzko Prosa Gaur, EHUko itzulpenen corpusa, Pentsamenduaren klasikoak edo Zientzia eta teknologiaren corpusa. Baina iturri horietara jotzeak ez liguke aldaraziko Behi-esne motako hitz elkartuen azterketa; eta, aldiz, hautsi egingo luke hitz-elkarketari eskainitako liburukien arteko koherentzia. Historian zehar eta azken mendean, ez dira hitz elkartuak sortzeko erregelak aldatu; beraz, liburuki honetan emandako azalpenek berdin-berdin balio dute azken urteetan sortu ditugun hitz elkartu berriak ulertu eta interpretatzeko. Corpus handiago horietara jotzeak balioko liguke, hori bai, ikusteko nolako baliabide indartsua den gaur ere hitz-elkarketa termino berrien beharra dugunean. Beraz, esan bezala, H-E/1, H-E/3 eta H-E/4 lanetako liburu-zerrenda dauka irakurleak Kodeen Azalpena-ren azpian.
Adibideei dagokienez, berriz, honakoak izan behar ditu gogoan erabiltzaileak. Batetik, aurreko lanetako jokabide bera aurkituko du; hau da, hitz elkartuaren lema emango dugu, grafia batura egokitua, eta azpian autore bakoitzaren adibideak, jatorrizko grafian eta UZEIko datu-basean zeuden bezala emanak, adibide bakoitzaren testuinguruari dagokionez. Testuinguru luzeagoa nahi duenak hor aurkituko du zein liburu eta zein orrialdetatik hartua den adibidea. Lemaren idazkeran ere aurreko lanetako jokabidea errespetatu dugu. Euskaltzaindiak aukeran utzi zuen Behi-esne motako elkarte gehienak marraz edo marrarik gabe idatzi. Hala ere, marraz idaztera jo genuen H-E/3 eta H-E/4 liburukietan; hala egin dugu orain ere, koherentziaren izenean; gero, adibide bakoitzean ikusiko da idazleek nola idatzi duten hitz elkartu hori. Hortik aurrera berrikuntzak ikusiko ditu irakurleak aurreko lanetako jokabidearekin alderatuz.
Lehenik eta behin, Behi-esne motako adibide guztiak sartzea erabaki dugu. Aurreko lanean, H-E/3 liburukian, ez genuen modurik aztertu genituen hitz-elkarteei zegozkien adibide guztiak argitaratzeko. Paperezko argitalpena izatean, ez zen komeni 450 orrialdetik gora ibiltzerik; horrek eraman gintuen hitz elkartu jakin baten adibideak soiltzera. Orain, ordea, ez dugu halako mugarik; ez dugu, beraz, corpuseko fitxa guztiak emateko arazorik. Hartara, gainera, oso argi ikusiko du irakurleak nolako maiztasuna izan duen hitz elkartu jakin batek gure tradizioan: zenbat idazlek eta zenbat bider erabili duten.
Bestetik, alfabetoaren arabera antolatu ditugu corpuseko hitz elkartu guztiak, Behi-esne motakoak izateaz gain, zein azpisailetakoak diren kontuan hartu gabe. Beraz, liburu honek lau kapitulu nagusi ditu, eta horietatik bigarrenak, beste zortzi azpi-kapitulu; baina adibidetegian ez dugu horrelako bereizketarik egin. Batera eman ditugu, alfabetoaren hurrenkeran, esan bezala, adibide guztiak, aurkitzeko errazago izango delakoan. Nolanahi ere, lema jakin baten bila doan irakurleak informazio osagarria aurkituko du: hitz elkartu horri dagozkion adibide guztiez gain, lemaren ondoan beste informazio-modu bat ere emango dugu estekak jarriaz parentesi artean, H-E/4 liburukian egin genuen antzera:
hitz elkartu jakin hori non aipatzen den H-E/2 liburukian, zein puntutan ematen diren izen elkartu horri buruzko xehetasunak. Hartara, hitz elkartu horri buruzko argibideak/azalpenak (hurrengo lerroan berriro argibide) nahi dituena —zein motatakoa den, mugatzaileari eta mugakizunari buruzko argibideak, edo nolako erlazio semantikoa dagoen bi osagaien artean— esteka sakatu eta zuzenean joango da liburuan hori guztia aztertzen den puntura.
Adibidetegiak itxura hau izango du, beraz:
Giza sail H-E/2: II.2.2.2.7 (horrek esan nahi du II.2. kapituluko, hau da Multzo elkarteetako adibideen artean, mugatzaile biziduna nahiz bizigabea onartzen dutenen multzokoa dela; eta, zehazki, sail mugakizunaren adibidea).
“an billatu du Batista giza-saill aundi baten tartean” (HE22, 63).
“guiza-sall = muchedumbre. S. Franciso Xavier-en ontzian arquitzen cirán milla guizon bezala; iche bateraco guiza-sall arrigarria ta eguzqui-pe errean” (EI31,341).
“Burgesiak nekazari eta beste gizasail zapalduak sakabanatu eta indargabe bihurtzen ditu” (EJ52,49).
Azken ohar gisa, aldez aurretik barkamena eskatuko diogu irakurleari, behin eta berriro zuzentzen ahalegindu arren, huts bat baino gehiago itzuriko zitzaigulako adibidetegi luze honetan.