URTECO IGANDE GUZTIETARACO PLATICAC EDO ITZALDIAK
Nafarroan, Elcano deritzan errian, bertaco vicario jaun Don Joaquin Lizarragac compondu eta predicatuac.
(Donostian, Ignacio Ramon Baroja-ren inprentan argitaratua, 1846an)
Elkanoko Garbikundeko Andre Mariaren eliza.
Testuingurua
Liburu hau benetako harribitxia da, baina ez gaiagatik, egileagatik baizik. Joakin Lizarraga (1748-1835) Elkanoko (Nafarroa) apaiza izan zen hirurogei urtez. Bada, garai hartan Elkano herri euskalduna zen, Iruñerri guztia bezala, eta Lizarragak euskaraz predikatzen zuen igandero. Eta sermoi horiek berak letra txukunez idatzi eta gordetzen zituen. Asko idatzi zuen, ia-ia guztia euskaraz, baina bizi izan zen bitartean ez zen ezer argitaratu.
Bera hil eta hamaika urtera aipagai dugun liburua atera zuten, Gipuzkoan, eta hori dela eta nahikoa aldatu zuten testua. Azken hamarkadatan, ordea, apaiz filologoen belaunaldi berri batek (Ondarra, Apezetxea, Satrustegi…) bere lan gehienak jatorrizko eskuizkribuetatik argitaratu ditu.
Mamia
Euskarazko sermoiak biltzen ditu liburuak. Benetako harribitxia da, gaur egun praktikan desagertua dagoen Iruñeko jatorrizko euskaran argitaratutako liburu bakarra delako. Horregatik Villasanteren oharra: “La figura de Joaquín Lizarraga destaca como un gigante solitario en Navarra” (Historia de la literatura vasca, 237. or.).
Lagin bat
“Beñik bein bekatu iten duzunean, despreziazen ta desobedizen duzu Jangoikoaren legea ta manua. Manazen du Jangoikoak bere legean ezazula juramentu banorik egin, goardazkizula jaiak, honrazkizula aita eta amak, ezazula nior il, ezazula fornikatu, ez ebatsi, ez murmuratu, etc. Ta zuk kasorik iten estuzula Jangoikoaren manuas edo iten duzu juramentu bano, edo fornikazen, edo murmurazen, edo berze gauza debekaturen bat iten duzu, etc. O atrebimentu horrorosoa, ongi pensazen bada! Gizon txar miserablea atrebi daikela desobedizera Jangoiko omnipotentearen manua! Zenbat erreparo ezarzen dute gizonek, estaizengatik despreziatu beren manuak?”