Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=zein 2 sarreratan aurkitu da.

zein

1 det. (Galdetzailea). Mota bereko zenbait gauzaren edo pertsonaren artean hautatzeko hitza. (Dagokion izenaren ezkerrean ezartzen da eta izen hori mugagabean erabiltzen da; izen horrek adierazten duena bakarra edo bat baino gehiago izan daiteke). Zein euskalki hartu duzu oinarritzat hiztegirako? Zein ur, geldia ala lasterra? Oraingo zein gaztek ikusi du hori? Zein baserritan ikasi ote du "kontuan erortzen" esaten? Bizkaiko hitza omen da, eta Mogelek (baina zein Mogelek, eta non?) darabilena.

2 (Izena ezabaturik). Baina zein da gure helburua? Zein dira egiazko kristauak? (Ik. zeintzuk) Geure izatearen zatirik barrenena, geureena, zein ote dugu? Anarkia handi horretan zein aukeratu? Zein da, ordea, zeinen itzulpen?

3 (Zehar-galderetan). Bi hitzok Duvoisinek zenbat aldiz eta zein lekutan erabili zituen Biblian K. Boudak erakutsi du. Zein bidetarik dabilen ez dakit. Badakizue zein iritzitakoak diren hitzei dagokienez. Baditugu, zeini zein toki dagokion ongi ez badakigu ere, zenbait partiketa nabarmen. Euskaltzaindiak erabaki beharko zuela zein hitz ziren aukeratzekoak eta zein ez. Arazoa zein den eta zertan datzan. Euskal hitzak zein diren. Ez dakigu zein sartu genituen eta zein ez. Ez da galdetu behar zein dagoen zabalduago, zeinek egon behar lukeen baizik. Forma zaharrago eta berriagoen artean, zein zein den nabari denean, zaharragoei dagokie nagusitasuna. Galdetu genion zein dauzkan hobetzat, orduko sermolariak ala gaurkoak. Ez naiz berriz hasiko aztertzen zein den zaharren eta jatorren. Ea zein den gure eginkizuna.

4 izord. Nor? Zein etorri da? || Azken jardunaldian jakingo da zeinek jokatuko duten urtarrilaren 15eko finala. Ia gureak egin du, badugu zeinek agindu.

5 izord. (bere-ren ezkerrean). Bakoitza. Itzuli zen zein bere etxera. Eta bere ardiak deitzen ditu, zein bere izenez. Hitzak, ahotik irten orduko, lerro-lerro antolatzen zitzaizkion, zein bere tokian, soldadu ongi hezien antzera. Filologia eta hizkuntzalaritza zein bere aldetik abiatu zirela. Bete behar ditugu zeinek bere bizimoduko eginbideak.

6 (zein... zein... korrelaziozko esaldietan). Batzuk... beste batzuk... Nik "gu" asko ditut, zein zabalago, zein meharrago, eta orobat gertatzen zaie inguruko "ni" guztiei. Obra horrek badakarrela azentu marka ugari, zein ongi zein gaizki ipiniak. Erdibiturik gabiltza, zein batean, zein bestean.

7 adb. (Harridura-perpausetan, izenondo, izenlagun edo kideko bati dagokiola; aditz laguntzaileak -(e)n menderagailua hartzen du). Zein gauza lotsagarria! Oi zein miragarri diren, Jaun ona, zure hitzak! Zein ederki! Harrigarria da zein berandu eta ahul iritsi zen erantzuna. Adierazi nahi dugu zein diren goxo oraindik udazken buruko egun epelak. Guztiok dakigu zein asmo ederrek eragiten dieten halakoei.

8 junt. Nahiz, edo. Berdin dira euskaldun zein erdaldunentzat. Gogorik nahiz astirik ez zuelako; bata zein bestea falta zitzaizkion, beharbada. Onerako zein gaitzerako. Euskara bat zen beretzat, eta hain euskara hangoa zein hemengoa. Nahiz jakituna, zein ezjakina.

9 (zein... zein... korrelaziozko esaldietan). Nahiz... nahiz... Berdin balio dute zein batak zein besteak.

10 (Perpaus erlatibo baten hasieran, dagokion aditzak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Emazteak, zeina soprano izan baitzen, oraindik ere pianoa jotzen irakasten zien haurrei. Hau da ene seme maitea, zeinaren baitan hartu baitut atsegin guztia. Hau da gorputz galdua, zeinean eta zeinagatik hainbeste bekatu egin bainituen. Hirugarren zatia, zeinean adierazten baita egin behar dena. Gure herriak baditu une historikoak, zeinetan jarrera eraginkorrak eta ausartak hartzea eskatzen zaigun. || (Hura-ren saileko erakusle batekin). Zein nahiago duzun, huraxe emango dizut.

zein baino zein ...-ago Bata baino bestea ...-ago, batzuk baino besteak ...-ago. Ik. nor baino nor ...-ago. Haren ordez hiru opari eskaini zizkioten, zein baino zein galgarriagoak. Jesu Kristoren Elizan, hiru Ordena, zein baino zein miragarriagoak jartzeko. Bederatzi mahaiko, eta zeinek baino zeinek jateko gogo ederragoa.

zein ere 1 (Perpaus erlatibo baten hasieran, hura-ren saileko erakusle batekin). Zein ere baitira gizonetan hobekienik dohatuak, haiek izendatu behar dira aitzindaritzat.

2 (Perpaus txertatu baten hasieran, izen baten ezkerrean, dagokion aditzak bait- hartzen duela). Zein ere etxetan sartuko baitzarete, lehenik errazue, "bakea dela etxe honetan": edozein etxetan sartzen zaretela, lehenik errazue, "bakea dela etxe honetan".

3 (Perpaus txertatu baten hasieran, izenondo baten ezkerrean, dagokion aditzak -(e)n menderagailua hartzen duela). Nahiz eta, arren. Baina zein ere handiak liratekeen irabazte horiek, ez lukete fits bat balioko fededun onak egiten duen irabaziaren aldean. Zein ere ondasun ugariak dituen batek, gizonaren bizia ez dago ondasun asko izatean. Ez dut uste Arresek, zein ere olerkari ugaria zen, bertso sail miragarri hori baino gehiago egin zezakeenik. Ez dago gizonaz etsitzerik, zein ere galdua dirudien hondamendian barrena.

zein-nahi, zeinahi det. Edozein. Euskal Herriko zeinahi eskualde eta euskalkitan. Gogoz irakurriko ditu zeinahi euskaldunek. Zeinahi tokitan dago berdin Jainkoa. Bokalen artean, zein-nahi direla. Beste zein-nahi baino presakakoagoa dugulako kontu hori. Tronpeta hotsez edo zein-nahi beste seinalez.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper