Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=txar 7 sarreratan aurkitu da.

txar

1 adj. Funtsezko akats bat duena, bere egitekoa ongi betetzen ez duena, ona ez dena. Ik. tzar. Ohe txarra. Horrexegatik beragatik da ona aizkora zorrotza, ebakitzeko sortua delarik, eta aizkora kamutsa, berriz, txarra. Belar txarrak. Txakur txar, ezertako ez dena. Ez da hau leku txarra, horretaz mintzatzeko. Ostatu txar batean. Aurkitu zuten Haurtxoa zapi txar batzuetan bilduta. Bertsolari txarra. Langile txarra. || Eguraldi txarra.

2 adj. (Gauza abstraktuez mintzatuz). Ik. desegoki. Amets horrek baditu, haatik, zenbait alde txar. Joera ona den ala txarra ez nuke esango. Ez litzateke hori bide txarra guretzat. Harrera txarra egin diote. Ohitura txarrak. Hazibide txarra. Gerra onenean baino hobe da bake txarrenean bizi. Susmo txarra. Itxura txarreko kontua.

3 adj. (Zenbait esapidetan). Ez omen du begi txarrez ikusten. (Alde) txarrera hartu: gaizki hartu. Gogo txarrez: gogo gaiztoz.

4 adj. (Ezezko esaldietan, indargarri gisa). Zin-zinetako poesia ez beste guztia kiskaltzen hasiko balira, ez lukete hutsaldi txarra hartuko liburutegiek. Ez zaude toki txarrean! Ez da guretzat maisu txarra.

5 adj. (Berez ideia txar bat adierazten duten izenekin, indargarri gisa). Engainu txarrak ugaldu dira gure artean galanki. Estutasun txarra pasatu. Deabru txar tentatzailea.

6 iz. Gauza txarra. Ona eta txarra ondo bereizten dakitenek asko ikas dezakete idazle horietan.

7 adj. Oinazea edo nekea eragin dezakeena. Egoera txarrean. Berri txar, mingotsa. Usain txarra.

8 adj. Gaiztoa, zintzotasunaren aurkakoa. Gogoeta eta egite txarrak. Grina txarrak. Eta Jaunaren beldur gabeko biziera txar batean heriotzak harrapatu zuen. Gizon txarra.

9 adj. Txikia, ezdeusa, balio gutxikoa. Bazterrak agertzen dizkigu etxe txar apal batzuk. Ttipian txakur txar bat zen, gero handitu bazen ere.

txarrean 1 adb. Indarra erabilita, borondatearen kontra. Ik. gaitzez. Onean ez bada txarrean egin beharko duzu.

2 adb. Txarrerako. Zernahitarako gauza gara, bai onean eta bai txarrean. Txorakeriak esan dira honetaz, onean eta txarrean.

txarrerako 1 adb. Ondorio txarrerako. Ik. txarrean 2. Mundua itxuraldatzen ari zaigu, onerako edo txarrerako. Onerako nahiz txarrerako.

2 adb. Gaizkia egiteko. Santatxo bat izan da; txarrerako ez zuen sekula grinarik.

3 adj. Gaizkia egiteko dena. Begira txarrerako biderik eman diozun. Txarrerako ahalmen hori ere badu gizonak.

aire

1 iz. Atmosfera eratzen duen gas nahastura, batez ere oxigenoz eta nitrogenoz osatua. Airea beharrezkoa dute izaki bizidun guztiek. Gela honetan airea falta da. Airearen kutsadura. Airearen astuntasuna. Airearen hezetasuna neurtu. Aire kanpaia.

2 iz. Nahastura horrek lurgainean betetzen duen bitartea. Itsasoko arrainak eta aireko txoriak. Airean ez da erraz ibiltzen hegoak moztuta. Airean gora abiatu. Kolore bizienak eta minenak histen dira aire handian. Airean zegoen, ez zerurako eta ez lurrerako.

3 iz. Itxura, antza. Integrista airea hartzen diot nik Txomin Agirreri.

4 iz. Ipar. Ahairea, doinua. Aire zaharrean kantatu zuen.

aire interj. Alde! Aire hemendik!: alde hemendik!.

airean 1 adb. Azkar, presaka. Zoaz hemendik airean. Airean bidali zuen.

2 adb. (eduki, egon... aditzekin). Ernai, urduri. Jaidurarik ahalkegarrienek airean daukate nire bihotza. || (Beldurrak airean, beldurrez airean eta kideko esapideetan). Ezin egon gaitezke beti beldurrak airean! Ainhoako ezkilak pozik airean dauzka baserri hurbilak. Horretan pentsatze hutsak beldurrez airean daukala? Pozak airean zegoen hura, Athletic-ek irabazi zuelako.

aire-armada [Oharra: Euskaltzaindiak, aire-armada-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. aireko armada].

aire berean adb. Azkar, berehala. Erran eta egin, badoa, aire berean, ontziko kapitain buruzagiarengana.

aire-bidaia [Oharra: Euskaltzaindiak, aire-bidaia-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. aireko bidaia].

aire bide, aire-bide Aireontzien hegaldientzako bidea.

aire gaizto 1 Tximista. Aire gaiztoak jo.

2 Perlesia.

aire-garraio [Oharra: Euskaltzaindiak, aire-garraio-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. aireko garraio].

aire girotu Tenperatura eta hezetasuna kontrolatuak dituen airea. Aire girotua jarri dute.

aire girotze, aire-girotze Airearen tenperatura eta hezetasuna kontrolatzea. Aire-girotze sistemak.

aire gozagarri, aire-gozagarri Usain ona hedatzeko edo usain txarra kentzeko edo estaltzeko erabiltzen den gaia. Etxeko txoko bakoitzari usain berezia emateko aire-gozagarri berriak!, zein da zure gustukoena?, etorri eta probatu! Aire-gozagarri elektrikoak.

aire-indar [Oharra: Euskaltzaindiak, aire-indar-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. aireko indar].

aireko armada Armadaren saila, batez ere airetiko erasoak egiten dituena. Talde horretako pilotuak Espainiako Aireko Armadako ofizialak dira.

aireko bidaia Airez egiten den bidaia.

aireko espazio Estatu baten kontrolpean dauden aire-bideen eremua. Bilera horretan, aireko espazio bateratua proposatuko du Espainiak Europan. Estatu kolpea eman ondoren, matxinatuek Maliko aireko espazioa eta lurreko mugak itxi zituzten.

aireko garraio Airez egiten den garraioa.

aireko indar Aireko armada.

aire konpainia, aire-konpainia Hegazkin bidez pertsonak edo gauzak garraiatzen dituen enpresa.

aire kontrolatzaile, aire-kontrolatzaile Aireportuetako langilea, aireportuan eta haren ekintza eremuari dagokion aireko espazioan dabiltzan aireontzien trafikoa kontrolatzen duena. Aire-kontrolatzaileek astearte gauean utzi zioten lan egiteari eta, horren ondorioz, bertan behera gelditu ziren atzoko programatuta zeuden 400 bat hegaldi.

aireko posta Airez egiten den posta-zerbitzua; modu horretan garraiatu diren eskutitz eta kidekoen multzoa.

aire korronte, aire-korronte Aire masa baten higidura jarraitua. Ik. haize laster. Geroztik eztarria ondo zaintzen saiatzen da, aire korronteetatik ihesi. Bat-batean sortutako zirimola, aire korronte bero eta hotzen nahasketak eragindakoa.

aire poltsa, aire-poltsa Automobiletan ezartzen den segurtasun gailua, talka handietan, bidaiariak babesteko automatikoki puzten den poltsa moduko bat aktibatzen duena. Ik. airbag. Toyota Avensis berriak bederatzi aire poltsa ditu.

aire posta, aire-posta Aireko posta.

airetik adb. Ipar. Pilota-jokoan, pilotak lurra ukitu aurretik. Ik. airez. Holako begi kolpea duzula pilota airetik biltzeko.

aire txar Perlesia. Ik. aire gaizto.

airez adb. Heg. Airetik. Olaizolak airez sartzea lortu zuen, eta partida irabazi.

aire zabalean Aterpe edo teilatu gabeko tokian. Aire zabalean egiten zituzten dantzaldiak. Ezkondu zenetik, aire zabalean gehiago ibiltzen zenez, itxura hobea zuen. || Aire zabaleko jatetxe batean afaldu zuten.

airez aire adb. Hala eraman zuten uso mezulariek agindua airez aire. Aingeruek noizbait airez aire ekarria. Airez aire igorri.

arrazoi

1 iz. Zerbaiten zergatia azaltzen duen edo zerbait bidezko egiten duen gauza. Ik. zergatiko. Bere jokaeraren arrazoiak ezagutzeko. Euskaltzaindiak hori gomendatzeko dituen arrazoiak. Erabakiaren arrazoiak emateko. Arrazoi gabe zigortuak. Baina asmazio hori ez zen arrazoi gabekoa.

2 iz. Zerbait frogatzeko argudioa. Arrazoi berririk azaltzen ez den bitartean. Egia hau anitz arrazoiz froga daiteke. Gortea jaikiz gero, bilauaren arrazoiak (esr. zah.).

3 iz. Adimena, arrazoimena. Arrazoiak izan behar duela gizonaren gidari. Arrazoiaz baliatuz. Arrazoiaren legea. Pentsa daiteke gaurko egunez ezin dezakegula bestetan adinako sinesterik izan arrazoi hutsaren eta arrazoibide soilen indarrean.

4 iz. Mat. Magnitude edo kantitate biren arteko erlazioa. Ik. ratio.

arrazoi(a) da (zen...) g.g.er. Bidezkoa da. Ez nuen erein, ez da arrazoi bil dezadan. Gizon batek bakarrik kondenatu behar balu ere, beldurrez ikara egotea arrazoi litzateke.

arrazoia eduki Batez ere Bizk. Arrazoi izan.

arrazoi eman Heg. Lehenbizikoari ematen diot arrazoi, batere zalantzarik gabe.

arrazoi gaizto Arrazoi txarra, erantzun desegokia.

arrazoi izan Dakusagun, bada, zeinek duen arrazoi. Simeonek ezagutu zuen arrazoi zuela apezpikuak. Bai, bai; arrazoi duzu, izeba. || Horretan Altubek arrazoia zuela dirudi. Arrazoi handia duzu. Arrazoi osoa du alde horretatik artikuluaren egileak.

arrazoi txar Hitz desegokiak. Zintzo ari denak ez du arrazoi txarrik merezi.

arrazoizko adj. Zentzuzkoa, bidezkoa; arrazoimenaren araberakoa. Ik. arrazional. Aldaketa arrazoizkoak eta beharrezkoak. Arrazoizko argudioak. Hauen joerari zeharo arrazoizko deritzot.

[Oharra: arrazoia daukazu / arrazoi(a) duzu aukeren artean Euskaltzaindiak arrazoi(a) duzu hobesten du].

belar1

1 iz. Landare txiki, berde eta zurtoin-biguna, gehienetan urterokoa. Belar iharrak. Mendiko belar motak. Belar ura hartu. Belar ukenduak. Belar onak. Belar landarea. Tabako belarra.

2 iz. (Multzokari gisa). Belarra jaten. Belar zelaia. Belarra ebaki, irauli. Belar ebaki berriaren usain gozoa. Belar iharra. Bi gurdi belar. Belarretan etzan (Ik. belarretan).

3 iz. Belar ondua. Belarra mandioan gorde.

belar denda, belar-denda Sendabelarrak saltzen diren denda.

belar epaile, belar-epaile Belarra ebakitzen duen pertsona. Ik. segalari.

belar gaizto Baratze edo bestelako lur landuetan bere kasa hazten den belarra, han erein edo landutakoari kalte egiten diona. Gure sagardiak, belar gaiztoak menderatuta ikusten ditut erdiak.

belar hazi, belar-hazi Belarraren hazia.

belar idor Belar ondua. Egiten zuen lo lur hutsaren gainean edo belar idor batzuk bildu eta haien gainean.

belar izpi, belar-izpi Belar zatia. Txoriak ikusten ziren belar izpi bana mokoan.

belar lan, belar-lan Belarra ebaki eta garraiatzeko lana. Mutilak neskak begiz jotzera joaten ziren udan gari ebakitzen, arbi ereiten eta belar lanetan zebiltzanean.

belar meta, belar-meta Belarrez egindako meta. Afaldu zenean, etzan zen belar meta baten gainean.

belar on Usain oneko belarra. Untxiek, belar on pixka bat ematen bazaie hil baino lehentxeago, txit gustu oneko haragia izaten dute.

belar ondo, belar-ondo Belarra (landarea). Begien gozagarritzat ez duzu deus, bi aldeetako mendixka larrutuak baizik: lur-mamirik ez da ezagun, ez belar-ondo bat, ez zuhaitz bat. Axuantaren astoa, hilobien artean belar ondo bat edo beste marruskatuz, han-hemenka dabil.

belar ondu Ebaki eta ihartutako belarra, ganadu-janari gisa erabilia. Gurditik belar ondua hustu eta zabaltzen ari ziren.

belarretan adb. Belar lanean. Belarretan ari zen.

belar soro, belar-soro g.er. Belardia.

belar txar Belar gaiztoa. Soroan belar txarrak kentzen ziharduela. Gorrotozko belar txarrak erein.

belar-xut Ipar. Izpilikua.

esker

1 iz. Mesede edo zerbitzu bat hartu duenaren ezagutzazko sentimena. Esker erakutsitzat. Batzar lagunekiko dudan eskerra eta zorra adierazi nahi nituzke. Bilauaren eskerra, pokerra (esr. zah.). || pl. Eskerrak zor dizkiot.

2 iz. Batez ere Ipar. edo Jas. Aintzat hartzea, estimua. Nire bihotzak ez die eskerrik lur honetako ondasun iragankorrei. Esker gutxi zien zuen opariei.

esker beltz Eskergabekeria. Israeldarren esker beltza eta gaiztakeria ikusirik.

esker beltzeko adj. Eskergabea. Honelako mesedea Zuk niri egin, eta esker beltzekoa beti izango naiz?

esker egin Bizk. g.er. Eskerrak eman. Hik heurea egin duk, eta esker egiok Jainkoari.

esker eman Eskerrak eman. Gaur Jainkoari esker ematera noakio. On da esker ematea, dezakegun dina. Esker dizut nire bihotz guztiaz.

esker emate, esker-emate Eskerrak ematea. Erregu eta esker-emateak egin daitezela.

esker gaizto Eskergabekeria. Esker gaiztoa da horrelakoek hartu ohi duten saria.

esker gaiztoko adj. Eskergabea. Esker gaiztoko semea. Gai honetan inor esker gaiztoko azaldu bada, ez gara gu izan. Ez garela hain esker gaiztokoak.

esker mila Mila esker. Esker mila, adiskidea.

esker on Eskerra. Esker ona erakutsi. Esker onez eta beldur gaiztoz. Esker onezko otoitza.

esker oneko adj. Mesedeak eta on eginak eskertzen dakiena. Esker oneko semea. Esker onekoak izan behar dugula beti.

esker otoitz, esker-otoitz Esker onezko otoitza.

eskerrak 1 Eskerrak emateko erabiltzen den esapidea. Ik. eskerrik asko. Eskerrak zure laguntzari! Eskerrak zuri, nire Jesus maitagarria. Eskerrak borondate eder horregatik.

2 (Perpaus osagarri bat lagun duela). Eskerrak ez dela etorri. Eskerrak etorri ez den.

eskerrak bihurtu Eskerrak eman.

eskerrak eman Eskertu. Jainkoari eskerrak ematen. Egin dizkigun mesedeengatik eskerrak emateko. Eskerrak eta laudorioak bihotzez emateko.

eskerrik anitz Eskerrik asko. Eskerrik anitz zure eskutitzagatik.

eskerrik asko Eskerrak emateko erabiltzen den esapidea. Eskerrik asko, Alberdi jauna. Eskerrik asko zuen harrera onagatik. Ez, eskerrik asko.

esker txar Eskergabekeria. Seme-alaben esker txarra.

esker txarreko adj. Eskergabea. Esker txarreko ez agertzearren.

-i esker -en bitartekotasunagatik, laguntzagatik, eraginagatik. Bizi banaiz, zuri esker bizi naiz.

mila esker Eskerrik asko. Ik. milesker. Mila esker, jauna, mesede honengatik. Mila esker guztioi.

fede

1 iz. Erlijioko egiei eta dogmei buruzko sinestea; bertute teologala, Elizak irakasten duena egia ziurtzat sinestean datzana. Jesu Kristoren fedea duena. Kristori buruzko fede zuzena iluntzen denean. Fede handiko apaiza. Fede gutxiko gizonak! Fede hila baita obra onik gabeko fedea. Fede osoz. Fede bizia, suharra. Fedearen argitan. Fedearen begiz. Fedea galdu duena. Fede aitormena. Bada Erroman fedea zaintzen duenik.

2 iz. Erlijio baten sinesgaien multzoa. Kristau fedearen alde. Fedearen kontrako bekatua. Fede katolikoaren egiak. Gure fede santuak erakusten digunez. Egiazko fedea mundu guztian zabaltzeko. Fedeko egia guztiak. Fedeaz arnegatu zuelako.

ene fedea Esaten dena indartzeko erabiltzen den esapidea. Ontsa merezi duzue, ene fedea!

fede emaile, fede-emaile iz. Zerbaiten fede ematen duen pertsona, bereziki notario edo funtzionarioa. Atzerriko behatzaile eta fede emaileek osatutako taldea. Fede emaileen lana prozesua babestea eta berrestea, fede ematea eta nazioartean horren berri ofizialki ematea izango da.

fede-emaile adj. Zerbaiten fede ematen duena. Agiri fede-emaileak.

fede eman Lekukotasuna eman. Fede emateko behar ditut luma eta tintontzia.

fede gaizto Asmo txarra. Ik. fede txar. Fede gaiztoz dabilena.

fede-hausle Heretikoa. Fede-hauslez betea daukagu mundua.

fede on Asmo ona. Egin denaren fede ona erakusteko. Beren ezjakinak edo fede onak bultzaturik. Fede ona eta leialtasuna. Fede onean.

fede txar Fede gaiztoa, asmo txarra. Ez genuen fede txarrez egin.

fedezko adj. Fedezko misterio nagusiak. Fedezko otoitza.

izen

1 iz. Gauza bat aipatzen edo adierazten duen hitza; banako bat aipatzeko eta kidekoetatik bereizteko erabiltzen den hitza edo hitz multzoa. Ik. grazia 4. Gauza guztiek izena dute. Hori ez da leku baten izena. Izen entzutetsua. Jainkoaren izen santua. Alonso López da nire izena. Mister Stephenson du izena. Arnald Steiger-en izena aspaldi entzuna nuen. Izenez deitu (Ik. izenez). Izkribu baten azpian izena ezarri (Ik. izenpetu). Nazaret izena duen Galileako hirira. Nafarroako hiriburuaren izena. Izen bereko baserrian. Kale-izenak. Pertsona-izenak eta leku-izenak. Euskal izenak. Alferrandi, izenaren jabe zelarik, zen ere tabernazaletxoa.

2 iz. Pertsona bat izendatzen duen hitza, abizenari lotua doana eta familia bereko beste kideetatik bereizteko balio duena. Ik. ponte izen. Segundo izena hartu zuen. Izena eta izengoitia. Egunen batean alabaren bat badut, izen hori jarriko diot. Jack izen xarmagarria da nire iritziz.

3 iz. Izenburua. Argitaratu berri duen liburuaren izena. Euskaldunak zuen izena artikuluak.

4 iz. Omena, entzutea. Ik. izen handiko; izen on; izen txar. Bere izena, hil orduko, desegiten hasia da. Ikerlan horri noraezekoa deritzat Euskaltzaindiak izena eta itzala gordeko eta gehituko baldin baditu. Izen handirik ez dute, baina kirolari talde sendoa osatzen dute.

5 iz. Kategoria edo mota bateko izakiak edo gauzak adierazteko erabiltzen den hitza. Landare askoren izena daki. Eritasun horren izena guztiok dakigu. Ideia horiekin sortutako izenak bazter guztietara zabaldu dira, ideiak zabaldu ahala. Nondik datorkizu kristauaren izen hori? Egiazko lirika, izen horren duin dena alegia, da giza mintzoak menderatu duen gailurrik garaiena. Nekez izango da gaur filosofiarik, filosofiaren izena merezi duenik, jakintza oinarri sendorik gabe. || Gauza eta gauzaren izena.

6 (izan-ekin hitz jokoa eginez). Ik. izan3. Izena eta izana. Giristino izenarekin izana duzuenak. Kristaua izenez eta izatez.

7 iz. Hizkl. Izaki bati edo izaki mota bati, edo gauza edo ideia bati dagokion hitza. Izena eta aditza. Izen bizidunak eta bizigabeak. Erabilera bat du izenak mugatzailearekin doanean eta bestea mugatzailerik gabe doanean. Izenak, izenondoak eta izenlagunak. Izen sintagma. Aditz izena.

-en izenean Aipatzen denaren ordezkari gisa. Euskaltzaindiaren izenean hitz egin. Guztien izenean hitza hartuta. Haren izenean eskatzen dizut. Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Jainkoaren izenean.

izen-abizen pl. Pertsona baten izena eta lehen abizena edo izena eta lehen bi abizenak. Ik. izen-deitura. Hauek dira ezinbestean bidali beharreko datuak: egilearen izen-abizenak, helbidea eta herria, eta telefono zenbakia. Handik, izen-abizen berriekin, Rottleberodeko kontzentrazio esparrura deportatu zuten.

izena eman 1 dio ad. Izendatu, deitu. Gauza guztiak aurrean ipini zizkion, nori bere izena emateko. Bernabe izena eman zioten. Ardoaren izena ematen dioten pozoikeria batzuetarik edan eta edan. Fenomeno honi "herri etimologia" izena eman zaio.

2 Egiteko jakin baterako, zerrenda batean norberaren izena idatzi edo idatzarazi. Armadan izena eman beharko du. Taxi erregistroan izena emanda zaude. Antolatzaileek ez diote Vilariñori izena ematen utzi. Izena ematen dutenei ekainaren 10a aurretik jakinaraziko zaie onartuak izan diren ala ez.

izena izan Ik. deitu 2. Nola du haur honek izena?, Xabier du izena. Senarrak Iñaki du izena. Sebastian du izena, ez dakit abizena. Hemendik aurrera Joan izango duzu izena.

izen arrunt Mota bereko izaki edo gauza guztiak, edo horietako bakoitza, izendatzeko erabiltzen den izena. Izen arruntak eta bereziak. Gutxi dira artikulua duten herri izenak, baina badutelarik, izen arruntak bezala deklinatzen dira.

izen berezi Izaki edo gauza jakin bat izendatzeko erabiltzen den izena, letra larriz idazten dena eta gehienetan mugatzailerik onartzen ez duena. Elkarte, enpresa eta abarren izen bereziak. Izen berezi batek gizabanako bat adierazten duen bezala. Izen berezietatik sortutako aditzak ditu hizpide alemaniar filologoak.

izen-deitura pl. Pertsona baten izena eta lehen abizena edo izena eta lehen bi abizenak. Ik. izen-abizen. Baserriaren sarrerako atearen gainean, marmol grisezko harrian, jabearen izen-deiturak, eraikitze urtea eta, zenbaitetan, otoitz baten zatiak.

izeneko 1 (Artikulurik edo kasu markarik gabeko izen arrunt baten eskuinean). Ustekoa; adierazten den izena ematen zaiona. Adiskide izeneko haren eskutitza. Hemengo negu izeneko honetan. Historialari izeneko engainatzaile haiek.

2 (Izen berezi baten eskuinean). Izena duena. Torralba izeneko artzain batek. Oihenart izeneko familiak bat baino gehiago ziren. Ana Mari izeneko neskato bat. Murumendi izeneko itsasontzia.

3 (Liburu eta kidekoen izen baten eskuinean). Izenburua duena. Gure txoriak izeneko liburua. Idatzi horiek Inkisizioa izeneko liburuan bildu dituzte.

izen emate, izen-emate Egiteko jakin baterako, zerrenda batean norberaren izena idaztea edo idatzaraztea. Lasterketa egunean egun horretako probarako izen-emateak bakarrik onartuko dira. Izen emate orria. Bihar amaituko da izen-emate epea.

izenez 1 adb. Ez dira izenez baizen giristino. Lucy-ren erosleetako askok izenez ezagutzen dute.

2 adb. (Izen sintagma baten aposizioan doan izen berezi baten eskuinean edo ezkerrean). Zelatari edo espioi bat, izenez Erbia. Kubatar hau, Sergio izenez, Siberian duten zientifikoen hirira etorri zen ikastera.

izen handiko adj. Omen handikoa, ospetsua. Izen handiko sendagilea. Izen handiko jatetxea. Izen handiko familia bateko kidea.

izen on Ospe ona. Haren izen ona zikindu. Hain maite dugun izen ona. Nahiago izan dut gutxiago izanik izen onari eustea, izen ona galduz aberastasunak izatea baino.

izen propio Izen berezia; ponte izena. Izen propio batekin osatutako izenak (adibidez, Errezil sagarra).

izen txar Ospe txarra. Ekologistek, lehen sugegorriek bezala, oso izen txarra izan ohi dute zenbait lekutan. Mandatuz idatzitako lanek izen txarra izaten dute literaturazaleen artean. Beldurrik gabe igarotzen ziren izen txarreko kaleetatik.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper