Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=gorputz egun sarrera bakarrean aurkitu da.

gorputz

1 iz. Gizakien eta animalien materiazko osagarria. (Gizakietan arima-ren aurrez aurre). Giza gorputza. Gorputz handiko asto ederrak. Hegaztiek lumaz estalirik dute gorputza. Gorputzik gabeko espiritu hutsak. Arima gorputzetik irtetean. Gorputz eta arimako osasuna. Hor ari da jo eta ke, egun osoan lanean, gorputza asko nekatzen. Gorputz hilkorra, ustelkorra. Bere gorputz hila beztitzeko. McCarthy zenaren gorputza aspaldi usteldua zela (Ik. beherago 5).

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Gorputz zatiak. Gorputz oinazeak. Espiritu Santua gorputz itxuran, uso irudian jaitsi zen. Gorputz adinari gagozkiolarik. Gorputz harreman horiek ezkongaietan debekaturik daude. Gorputz lana.

3 iz. Irud. Eliza gorputz bat baita. Hala, anitz garelarik, gorputz bat gara Kristo baitan. Aita santuak eta apezpikuek egiten duten gorputzean.

4 iz. Gorputz enborra. Gorputza eta besoak zauriz beterik. Gorputza zulo batean aurkitu zuten, eta burua handik hamar urratsetara. Gorputz liraina zuen.

5 pred. Hilotzik, gorpu. Maiteñoa zait hil atzo, aretoan gorputz dago. Suge batek heldu eta ordubeteko gorputz zela. Ondoeza eginda, gorputz geratu zen. Atzo bizi, egun gorputz.

6 iz. Fis. Materiazko zernahi gauzaki. Gorputz baten masa.

7 iz. (Hedaduraz). Eman ezazu irina, oreak gorputzik aski hartu arte. Gorputzik gabeko ametsa eta irudipen hutsa.

gorputz adar, gorputz-adar Besoa edo zangoa. Goiko eta beheko gorputz adarrak.

gorputz-arima (Singularrean nahiz pluralean). Gorputza eta arima. Gorputz-arimen osasuna. Gorputz-arimen galgarri. Giza gorputz-arimen hondar zikinak.

gorputz atal, gorputz-atal Gorputz atalek ematen diguten laguntza soil-soilik dugula. Mihia ez beste gorputz atal guztiak ezinduak zituen.

gorputz egun, gorputz-egun Corpus eguna. Gorputz egunerako josi genion soineko beltza.

gorputz enbor, gorputz-enbor Ugaztunen gorputzaren zati nagusia, burua eta gorputz adarrak kokatuak daudena. Gorputz enbor mardula eta zango motzak zituen.

gorputz eta arima adb. Erabat, oso-osorik. Gorputz eta arima naiz zeurea. Bazekien alabak gorputz eta arima maite zuela.

gorputzezko adj. Gorputzezko izakiak. Jauna, eskerrak ematen dizkizugu espirituzko eta gorputzezko gauza guztiak egin zenituelako.

gorputz heziketa, gorputz-heziketa Gorputz hezkuntza. Gorputz heziketako irakaslea da.

gorputz hezkuntza, gorputz-hezkuntza Hezkuntzaren atala, bereziki eskola garaikoa, ariketa fisikoaren bitartez gorputza lantzea helburu duena. Ik. gimnastika. Gorputz hezkuntzan tituluduna. Iaz jaitsi egin zen gorputz hezkuntzako orduen kopurua.

gorputz saindu Eukaristia. Gorputz sainduko sakramentua.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper