Euskarak erabili izan ditu eta erabiltzen ditu egitura pasiboak; gehiago Iparraldeko testuetan Hegoaldekoetan baino. Horretarako, partizipioa erabili ohi da, eta aditzaren agente edo egilea instrumentalean (-z) edo ergatiboan (-k) joaten da: Jainkoa deabruaz tentatua izan zen, Jainkoa deabruak tentatua izan zen / Etsaiez inguratua dago, Etsaiek inguratua dago. Egokiagoak dira ergatiboan emanikoak.
Egitura pasibo horiek molde aktiboan ere eman daitezke: Jainkoa deabruak tentatu zuen. Etsaiek inguratu dute. Berdin gertatzen da honelakoekin ere: Kanporatuak izan ziren (pasiboa) / Kanporatu zituzten (aktiboa).
Bi moldeak gramatikalak izanda ere, gaur egungo gramatikek eta estilo-liburuek, pasiboa gaitzetsi gabe, molde aktiboaren aldeko gomendioa egiten dute, informazioa doiago ematen duelako.
Badira pasiboen antza duten beste egitura batzuk (nahiz eta ez diren benetako pasiboak), oso erabiliak. Adibidez: Ni gauza asko ikusia naiz / Ni gauza asko ikusita nago.
Pasiboetan, egitura aktiboetako objektu zuzena subjektu bihurtzen da (Alkateak hori esan zuen → Hori alkateak esana da); beste egitura horietan ez da hori gertatzen: egitura aktiboetako subjektu ergatiboa subjektu absolutibo bihurtzen da (Maximok asko ikusi du → Maximo asko ikusia da) [edo egitura aktiboko datiboa subjektu absolutibo: Norbaitek Lierniri abisatu zion → Lierni norbaitek abisatuta zegoen].
Bestalde, aipatzekoa da, gaztelaniaren kalkoz —hark darabilen ‘por’ preposizioaren euskal ordaina eman nahian, -tik, -gandik, -gatik atzizkiak erabilita—, sarri, hutsegiteak egiten direla edo esaldi anbiguoak sortzen direla molde pasiboarekin:
*Arazo hori Osakidetzatik ere kontsideratua izan da (> Osakidetzak ere kontsideratu du arazo hori).
*Herriko biztanle guztiengandik ikusia izan zen (> Herriko biztanle guztiek ikusi zuten. Herriko biztanle guztiek ikusia izan zen).
‘Nigatik esana da aspaldi’ esaldia zuzena da adiera honetan: Ni(re)gatik —ni naizela kausa— norbaitek esan du (zerbait) aspaldi. Baina ez da zuzena egiletasuna adierazi nahi denean; hala denean, honela behar du: Nik esana da aspaldi. Nik esana dut aspaldi.
Bereizketa bera egin beharra dago Nigatik egina da, Nigatik idatzia da eta antzekoetan.
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (294-296).
—(1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (16-19).
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (44-45, 160-164).