EUSKARAREN HERRI HIZKEREN ATLASA
Hizkuntzaren ahozko aldaera desberdinak mapetan agerian emateko egiten dira hizkuntza atlasak. Hortaz, Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu. Euskaltzaindiak 1983an onartu zuen egitasmo hau.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa: VI. liburukia
Bilduma: Euskararen Herri Hizkeren Atlasa
Egilea: Euskaltzaindia. Dialektologia batzordea. Atlasgintza lantaldea.
Argitaratzailea: Laboral Kutxa - Euskaltzaindia
Hizkuntza: euskara
Prezioa: 60 €
Liburukiak aditz morfologia jorratzen du, gehien erabiltzen diren aditzaren forma jokatuak aztertzen ditu. Liburuarekin batera, edukia PDF formatuan jasotzen duen CD-ROM bat kaleratu da.
Liburukia eskuratzeko sakatu hemen.
MENDAUR BILDUMA
Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak sortu zuten bilduma hau 2006an, bi erakundeok sinatua duten hitzarmenaren ondorioz.
Gero
Bilduma: Mendaur, 6
Egilea: Axular
Paratzailea: Blanca Urgell
Argitaratzailea: Nafarroako Gobernua - Euskaltzaindia
Hizkuntza: euskara
Prezioa: 15 €
Blanca Urgellek paraturiko Axularren Gero liburuaren edizio kritikoa da. Axularren Gero (1643) liburuak, 1976an Luis Villasantek azkenekoz argitaratu zuenetik, ez du jaso merezi duen arreta kritikoa.
Blanca Urgell filologoak (UPV/EHU) goitik behera berrikusitako testu bat aurkezten du, aurreko edizio guztiak zipriztintzen dituzten akatsetatik garbitua. Honetarako, testua osoki erkatu da hitzez hitz 1643ko princeps edizioaren ale on batekin, eta pasarte ilun edo zalantzazkoetan baita beste bi alerekin eta bi edizio esanguratsurekin ere: Manuel Lekuona (1954) eta Villasanterenarekin (1976).
Liburuaren aurkibidea (PDF, 163,1 KB)
IKER BILDUMA
Iker bilduman hiztegigintzaz, gramatikaz, onomastikaz, literaturaz edota dialektologiaz diharduten lanak argitaratzen dira.
Approche textologique et comparative du conte traditionnel basque dans les versions bilingues de 1873 à 1942
Bilduma: Iker, 31
Egilea: Natalia M. Zaïka
Editorea: Euskaltzaindia
Laguntzailea: Euskararen Erakunde Publikoa
Hizkuntza: Frantsesa
Prezioa: 19 €
Natalia Zaïkak euskarazko ipuin batzuk hartu eta hurbilketa testulogikoa eta konparatiboa egiten du, lau ipuin biltzaileren uzta ikertuz. Ipuin bilatzaileak honako hauek dira: Resurrección María Azkue, Jean Barbier, Jean-François Cerquand eta Wentworth Webster. Epe historikoa ere mugatu du, 1873tik 1942raino.
Natalia Zaïka San Petersburgoko Zientzia Akademiaren kidea da. Lan hau bere tesia da, Aurelia Arkotxa eta Viktor S. Kharakovsky irakasleen zuzendaritzapean burutua. San Petersburgoko Zientzia Akademiaren, Bordeleko Montaigne Unibertsitatearen eta CNRSko UMR 5478 taldearen arteko elkarlanaren fruitua da.
Liburuaren aurkibidea (PDF, 73,6 KB)
Liburua eskuratzeko sakatu hemen
EUSKALTZAINAK BILDUMA
Bilduma honetan euskaltzain izan diren eta direnen obrak eta eurei buruzko azterketak argitaratzen ditu Akademiak. Bestalde, Euskaltzaindiaren historiarako esanguratsu gertatu diren hainbat egileren lanak ere kaleratzen ari dira bilduma horretan.
Bahnar deitu Salbaiak
Bilduma: Euskaltzainak, 24
Egilea: Pierre Dourisboure
Euskarazko itzulpena: Jean Elissalde "Zerbitzari"
Paratzailea: Henri Duhau
Editorea: Euskaltzaindia
Laguntzailea: Euskararen Erakunde Publikoa, Beskoitzeko Herriko Etxea, Euskaltzaleen Biltzarra
Hizkuntza: Euskara
Prezioa: 11,40 €
“Les Sauvages Bahnars” Pierre Dourisboure apaiz misiolari beskoiztarrak idatzi zuen 1870ean, gaur egungo Kanbodia, Thailandia eta Laos estatuek osatzen duten lurraldeetako Bahnar jendearen ezaugarriak deskribatu asmoz. Orduan Frantziako kolonia ziren lurralde haietara joanak ziren apaiz misiolariak.
Charbonnier Jaun apezpikuak tribu harengan kristautasuna nola hedatu zen idazteko eskaria egin zion eta hortik abiatu zen Dourisbouren lana.
1929an, Jean Elissalde “Zerbitzari” Azkaineko idazle eta euskaltzainak liburu hau euskarara itzuli zuen “Bahnar deitu Salbaiak” izena emanez. Orain Henri Duhauk “Zerbitzari”ren itzulpen honen beste edizio bat aurkezten du. Sarrera egiteaz gain, testua ulertzen lagunduko duten garai hartako beste idatzi batzuk erantsi ditu.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen
Mongongo Dassanza. Albaitaritza idazlanak (1692-1892)
Bilduma: Euskaltzainak, 25
Paratzailea: Txomin Peillen
Editorea: Euskaltzaindia
Laguntzailea: Euskararen Erakunde Publikoa
Hizkuntza: Euskara
Prezioa: 12 €
1690 inguruan, nekazariendako abere sendakuntzako liburua idatzi zen lapurteraz. Egilea Donibane Lohizuneko kimikari bat zen: Mongongo Dassanza. Liburua egiteko oinarri nagusia L'Agriculture et la Maison Rustique 1583an argitaraturiko lan ospetsua izan zen.
Dassanzaren liburu osoa ez da aurkitu, bai ordea liburu hau oinarritzat hartuz, idatzi ziren lau idazlan:
- Baigorrikoa, XVII. mendekoa omen dena, eta nagusiki behe-nafarreraz idatzia dagoena
- Peillen Barkoxeren eskuizkribua, XVIII. mendekoa eta lapurteraz idatzia
- Garazikoa, Bertrand Goyenetchek idatzia (1830-1831)
- Amikuzekoa, Jauregiberryrena (1891koa nonbait)
Txomin Peillen paratzaileak, idazlan hauetan ematen diren animaliak sendatzeko errezetak bildu eta ordenaturik ematen ditu, errezeta bakoitzari bere albaitaritzako iruzkina gehituz.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen
KULTURA ETA LITERATURA ALDIZKARIA
2009ko urrian, Erlea aldizkariaren lehen zenbakia kaleratu zen. Aldizkaria Euskaltzaindiak argitaratzen du, eta Jose Irazu "Bernardo Atxaga" idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria. Pamiela argitaletxeak du edizioaren eta diseinuaren ardura. Aldizkariak Akademiaren eta kulturgintzaren arteko lotura sendotzea du helburu. Literaturarekin lotutako aldizkaria da.
Erlea 8
Zuzendaria: Bernardo Atxaga
Egileak: Batzuk
Editorea: Euskaltzaindia
Hizkuntza: Euskara
Prezioa: 11,40 €
Bigarren Mundu Gerra Euskal Herrian, Gabriel Aresti, Leopoldo María Panero eta erleak, besteak beste, esku artera ekarri ditu Erlea 8k.
Zenbaki berrian honako hauek izan dira partaide: Iñigo Astiz, Arantxa Iturbe, Miel A. Elustondo, Joxemari Iturralde, Josu Chueca, Eneko Bidegain, Jabier Kaltzakorta, Janbattitt Dirassar, Julian Zabalbeaskoa, Kepa Altonaga, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Jacinto Iturbe, Lourdes Otaegi, Grégoire Joannateguy, Jon Kortazar, Uxue Apaolaza, Iñaki Irazu, Jose Luis Padron, Joseba Luzuriaga, Irati Elorrieta, Amaia Oleaga, Xabier Kintana eta Bernardo Atxaga. Azala Xabier Idoatek egin du.
Argazkiak eta ilustrazioak Miel A. Elustondok, J.A. Azpilikuetak eta Jose Ramón Urtasunek egin dituzte.
Bestalde, Bernardo Atxagak sinatzen duen "Objektuak" atala Florentino Goikoetxea Comète Sarean laguntzen aritu zen mugalari hernaniarrari eskaini dio.
ARGITALPEN DIGITALAK
Bestalde, denbora-epe horretan, ondoko liburu hauek sarean jarri ditu Akademiak:
- Lehen Mundu Gerra “Eskualduna” astekarian
- Amodioaren Martirra. Dolores emazte bat berthutez bethea
- Euskera agerkariaren 2013ko zenbakiak: Euskera 2013,1 eta Euskera 2103,2
- Zubererazko istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri
- Le fondement moral des droits culturels de l'homme. (Kultura eskubideen oinarri etikoak)
- Euskaltzaindiaren 2014ko Oroitidazkia
Horrez gainera, ondoko hauek ere sarean jarri dira:
- Orotariko Euskal Hiztegiaren laugarren argitaraldia sarean jarri da.
- Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) V. liburukia ipini du Euskaltzaindiak bere webgunean ikusgai eta entzungai.