Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=errege 3 sarreratan aurkitu da.

errege

1 iz. Erreinu bateko buru den gizona. Guztiek behar dugu erregea obeditu. Suediako erregea berriki izana da Parisen. Mazedoniako errege Alexandro Handiaren garaian. Frantziako errege gaztea. Salomon errege ahaltsu hark. Gure Errege Jauna. Gaztelako errege batek emana. Errege egin zuten. Berrogei urtez errege egon zen. Alfontso XII.a errege zela. Israelgo errege izango zela. Itsuen herrian okerra errege (esr. zah.). || Erregeren kontseilaria. Iacques Millanges, Erregeren inprimatzailearenean.

2 iz. Irud. Zeruko erregea. Lehoia, animalien erregea.

3 iz. Kristau erlijioan, Jesus haurra gurtu zuten hiru erregeetako bakoitza. Han daude Erregeak, han daude artzainak, haur eder hari eman nahirik begiak.

4 (Hitz elkartuetan lehen osagai gisa). Haurrak ziren errege jantzi dotorez apainduak. Errege etxeko atean. Errege jauregia. Errege odola.

5 iz. Errege baten irudia duen karta. Hordago jo du, eta mahai gainean lau erregeak erakutsita, irabazi egin du. || Errege ezpata. Errege diamantea.

6 iz. Xake-jokoko pieza garrantzitsuena.

errege alaba, errege-alaba Printzesa. Soineko luze ederrez jantzia zegoen neska, halaxe janzten baitziren errege alaba ezkongabeak.

errege aulki, errege-aulki Tronua. Jaunak emanen dio Jesusi David bere aitaren errege aulkia.

errege bide, errege-bide Antzinako bide zabala, estatuaren ondasunaren kontura egina. Gurutzearen bide santua da zerurako errege bidea.

errege egun, errege-egun Urtarrilaren 6a, Erregeek Jesus haurrari egin zioten gurtza gogoratzen duen eguna. Errege egunez txistu eta guzti joaten ziren haurrak.

errege-erregina pl. Erregea eta erregina. Espainiako errege-erreginak etorri dira. Errege-erregina katolikoak.

errege makila, errege-makila Zetroa. Bere erresumaren eta errege makilaren jabe izango dela.

errege sagar, errege-sagar Azal berde edo arrea duen sagar mota gazi-gozoa, bere zaporeagatik oso aintzat hartua dena. Errege sagarrak konpotan.

errege seme, errege-seme Printzea. Errege seme batek hartuko nau emaztetzat ondoan.

[Oharra: lehen, izen berezi bezala erabiltzen zen, artikulurik gabe, alegia. Adibidez: erregek esan du, erregeren jauregian, erregeri emateko, etab.].

dekretu

iz. Gobernu baten, agintari baten edo epaile baten erabakia. Dekretu bat eman. Ez dut uste gure Probintziak inoiz dekreturik eman zuenik. Dekretu bidez agindua. Lehendakaritzaren dekretua. Lege dekretua. Dekretu berezia. Dekretua izenpetu. Pio Seigarrenaren dekretu baten arabera.

errege dekretu, errege-dekretu Erregeak sinatu duen dekretua. Errege dekretu bat atera dute Belgikan edari alkoholdunen iragarkiak debekatzeko. 1919. urtean errege dekretu baten bidez 48 orduko lan astea ezarri zuten Espainiako estatuan.

erregina

1 iz. Erresuma bateko buru den emakumea; erregearen emaztea. Errege eta erregina. Ingalaterrako erregina. Erreginaren senarra. Buruan ezarri zioten erregina-diadema. Zeruetako, Zeruko Erregina: Ama Birjina.

2 iz. Karta frantsesetan, erregina baten irudia duen karta, erregearen azpikoa. Ik. andere 4.

3 iz. Xake-jokoko pieza, garrantzian erregearen ondorengoa dena.

4 iz. Taldean bizi diren intsektuen artean, eme ugalkorra. Erlauntz bakoitzean, erreginaz gainera, bi motatako erleak daude: langileak eta erlamandoak.

errege-erregina pl. Erregea eta erregina. Espainiako errege-erreginak etorri dira. Errege-erregina katolikoak.

Oharra: azken eguneraketa 2018-07-13

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. E48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper