Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=baino 8 sarreratan aurkitu da.

baino

1 Desberdintasunezko erkaketan erabiltzen den hitza. (Erkaketa adjektibo edo adizlagunen bidez zertzen denean, delako adjektibo edo adizlagunak -ago atzizkia hartu behar du eta baino erkaketaren bigarren aldearen ondo-ondotik ezartzen da). Hura hau baino hobea da. Etxe hau txikiagoa da eliza baino. Ane eta Miren Edurne baino alaiagoak dira. Soineko hori ez da gona hau baino garestiagoa. Beira baino hauskorragoa. Deabrua baino okerragoa. Zu baino goizago heldu direnak. Behar baino maizago eten ditugulako. Guk baino hobeki egin du. Arinago irteten omen da sartu den baino. Zuk baino diru gehiago dut. Nahiago dut hau hura baino. Lasterrago baitabil beti gogoa begia baino.

2 (Erkaketaren atal bietan hitz bera erabiliz, hitzaren balioa azpimarratzeko). Erne baino erneago ezartzen gaituzte. Bukaera ederra baino ederragoa Aitagurearena. Ondo baino hobeto daki hori.

3 junt./adb. (Lehen esaldia ezezkoa denean). Baizik. Hori ez da gorria, zuria baino. Ez dago bide bat baino. Ez du gogoan beste gauzarik erabili, guri mesedeak egitea baino.

bainoago Jas. Baino gehiago. Batak estimatzen du egun bata bertzea bainoago, eta bertzeak estimatzen du berdin zein egun nahi den. Egiaz, nik esaten dizuet, morroia ez da bere nagusia baino handiago, ezta ere Bidalia bere Bidaltzailea bainoago.

baino bainoagoko Euskaltzain batzuek, baino bainoagokoa bilatzen dute zenbaitetan: Euskaltzain batzuek dagokion baino zehaztasun handiagoa bilatzen dute zenbaitetan.

baino lehen (Aditz edo kideko baten ondotik). Aditzak edo kidekoak adierazten duena gertatu aurretik. Ik. lehenago. Etorri baino lehen. Bestek gure ordez sor dezan baino lehen. Etxera baino lehen. Berandu baino lehen. Bi minutu (igaro) baino lehen.

egun1

1 iz. Lurrak bere ardatzaren inguruan bira osoa egiten ematen duen denbora; 24 orduko denbora-bitartea, gauerditik gauerdira. Egunak 24 ordu ditu eta urteak 365 egun. Hilaren hamaseigarren egunean. Hurrengo egunean. Duela (edo orain dela) zortzi egun. Badu, dagoeneko, lau egun hila dela. Handik hamar egun baino lehen. Epea lau egun barru betetzen zaidala. Hiru egunen buruan hil zen. 100 egunen barkamena. Hamabost eguneko bitartea. Egun hartan jaio zirenak. Baserritik atera zen egun berean. Jarri zitzaion egun batean etxekoandrea begira. Mendekoste eguna. San Tomas eguna. Erramu eguna. Eskola egun guztietan. Aberri eguna. Emakume langilearen eguna. Etorria duk ene mendekuaren eguna. Ezkontzako egunean eman zenuen hitza. Astronomia eguna.

2 iz. Eguzkiak argitzen duen denbora. Anton. gau. Eguna argitu zuenean. Eguna zabaldu orduko. Eguna baino lehen jaikitzen zen. Berrogei egun eta berrogei gau. Udako egun luzeetan. Egun eguzkitsua, argia. Egun goibela. Etenda baitzegoen, egun osoan ibili eta ibili egin ondoren. || Eguna zabaldu zen ene baitan.

3 iz. pl. Norbaiten bizitza. Daviden egunak aurrera zihoazen. Jaunaren grazian gure egunak bukatzea. Nire geroztiko egunak ilundu zituen ekaitza.

4 iz. pl. Garaia. Bonaparteren egunetan. Erromatarren egunetan. Ume nintzeneko egunak. Egunak bete zirenean, Agar-ek Abraham-i seme bat eman zion. Garoa etxeratzeko egunak aurrera zihoazen. Egun larriak izan ziren guraso zaharrentzat.

5 iz. Beh. Urtebetetzea. Ez al dakizu gaur nire eguna dela?

eguna joan (eta) eguna etorri, egunak joan (eta) egunak etorri adb. Egunak aurrera joan ahala. Egunak joan, egunak etorri, ez zen semea agertzen. Eguna joan eta eguna etorri, luze zihoan elurte ikaragarri hura.

egun-argi Eguzkiak barreiatzen duen argia. Egun-argiak begietan jo zuenean. Egun-argiak urratzen duen amets itxura. Gauaz egiten diren tratuak egun-argitan ikusi. Egun-argiz heldu nahi dute etxera. Egun-argiz eta jendaurrean.

egunaz adb. Egun-argiz. Egunaz egina gauaz desegiten dugularik. Egunaz dabilena ez da behaztopatzen.

egunazko adj. Egunekoa. Egunazko soinekoak erantzi.

egun batetik bestera 1 adb. Berehala, denbora gutxian. Mundu zabalean gertatzen dena egun batetik bestera jakiten dugu. Egun batetik bestera osatuko zinela uste nuen. Orain kolpean aldatu zaigu egun batetik bestera.

2 adb. Egunetik egunera.

egunean baino egunean ...-ago adb. Heg. Egunetik egunera ...-ago. Egunean baino egunean erosoago.

egunean-egunean adb. Bizk. Egunero. Egunean-egunean barau egiten dutela.

egunean eguneango adj. Batez ere Bizk. g.g.er. Egunean eguneko.

egunean eguneko adj. Egunerokoa. Egunean eguneko ogia eskatuz. Egunean eguneko premiei aurre egiteko.

eguneko 1 adj. Esneaz, ogiaz eta kidekoez mintzatuz, freskoa, egun berean egina. Gustuko zuen eguneko ogiarekin gosaltzea. Gazteek galdua dute eguneko esnea hartzeko ohitura.

2 adj. Egunerokoa. Eguneko ogiaren eske daude. Seinalaturik bakoitzari bere eguneko lana eta saila.

egun eta gau adb. Gau eta egun. Egun eta gau guduan.

egunetik egunera adb. Denbora aurrera doan eran. Kontuak okertuz zihoazen egunetik egunera. Galerak, egunetik egunera eta astetik astera, gailen agertzen zirela irabazien aldean. Egunetik egunera gogorrago.

egunez adb. Egunaz, egun-argiz. Gauetan hotz eta egunez bero. Egunez aise gastatzen ziren gaueko irabaziak.

egunez egun 1 adb. (Halako) egun berean. Ik. gaurko egunez 2. Sei urte, egunez egun, hemen berean ginela.

2 adb. Egunetik egunera. Egunez egun ari da luzatzen eguna.

egunezko adj. Heg. Egunazkoa, egunekoa. Egunezko lana.

egunik egun adb. Egunez egun, egunetik egunera. Egunik egun aberatsagoa da.

egun on Goizean agur egiteko erabiltzen den esapidea. —Egun on! —Baita zuri ere.

egun oroz adb. Ipar. Egunero. Ene otoitzetan egun oroz aipatuko zaitut.

egun orozko adj. Ipar. Egunerokoa. Egun orozko mintzaeratzat irlandera darabiltenak.

egun-pasa adb. Eguna pasatzera. Ik. egunpasa. Mendira joan dira egun-pasa.

egun-txinta Egunsentia. Egun-txintaren zain. Egun-txintan etxetik ateratzeko zeuden.

egun urratze, egun-urratze Egunsentia. Ik. argi-urratze. Egun urratze alai bat.

lehen

1 adb. Igaro den denboran. Lehen, orain eta gero. Lehen, Euskal Herri osoan, eta orain, inon ez. Haren izena ezaguna izan da aspaldidanik gure artean, kantari ospetsu bezala lehen, idazle apain bezala gero. Lehen ez zen horrelakorik gertatzen. Lehen mintzatu naiz horretaz. Lehen ere aipatu dugunez. Arau horiek zorrotzago eta zehatzago betetzen ziren lehen. Lehen, hain aspaldi ez delarik, apaizak genituen latinez mintzatzeko gai zirenak. Ez da haatik lehen baino lasaiago bizi. Ba al da Paris lehen adina arte gaietan? Lehen bezala. Jendea, lehen ez bezala, zaletua dugu eginbide horietan. Lehen esan bezala.

2 ord. Aurretik besterik ez duena, beste guztien aurretik gertatzen dena. Ik. lehenengo; lehenbiziko; aurren. Ez zen lehen aldia pilotan ari zela. Lehen aldiz ikusi nuenean. Lehen aldian baino bortizkiago. Liburuaren lehen orrialdeetan. Hori dugu lehen arazoa. Lehen argitaralditik bigarrenera gauza asko aldatu dira. Asteko lehen egunean. Gure literaturaren lehen gurasoak. Euskal Herriko lehen gizona. Adam eta Evaren lehen bi haurrak. Printze eta errege lehena? || Zein da lehena? Hala izango dira azkenak lehen eta lehenak azken. || Maiatzaren lehena.

3 (Adizlagun gisa). Ik. lehenbizi. Zu lehen heldu zara eta ni bigarren. Lehen egin behar duzuna.

4 iz. Lehenaldia, iragana. Lehenarekin edo geroarekin ametsetan bizi direnak.

lehen auzo Hurbileneko auzokidea. Ik. auzo lehen. Ohituraren kontrakotzat jotzen da lehen auzoei dagokien lana senideek egitea. Nire bi lehen auzoak ez ditut ezagutzen.

lehenaz gain Lehengoaz gainera, lehen gertaturikoaz gainera. Gaurko eguzkiak, lehenaz gain, kiskaliko ditu bazterrak.

lehenaz gainera Lehenaz gain. Zertara datozkit nire gogora lehengo jazoera itunak, lehenaz gainera, nire bihotza zauritzen dutenak?

lehen baino lehen Lehenbailehen. Lehen baino lehen has zedin eskatu nion.

lehen buruan 1 Hasieran. Aditza perpausaren lehen buruan ez doanean.

2 Ezer baino lehen. Ik. lehenik. Lehen buruan, bi bereizten ditu.

lehendanik adb. Jas. Lehendik.

lehenean 1 adb. Lehen bezala, lehengo egoeran. Apustua lehenean dago. Zu beti lehenean geratzen zara!

2 adb. Lehengo iritzian. Lehenean daude sendagile gehienak eta hitzarmen baten arabera ari dira.

lehen(engo) jaunartze Eukaristiako sakramentua lehenengo aldiz hartzea. Lehenengo jaunartze egunean. Jaio zenetik 75 urte bete direla, lehen jaunartzea egin zuenetik 63.

lehen-lehen 1 adb. lehen-en indargarria. Gure lurrek, behar bezalako etekin eta irabazia emateko, zuhaitz eta basoz jantziak egon behar luketela, lehen-lehen bezala.

2 ord. lehen-en indargarria. Hona lehen-lehen hitzak: (...).

lehen ministro Ministroen kontseiluko lehendakaria; gobernuburua. Erresuma Batuan, haatik, Tony Blair lehen ministroak iragarri du erreferenduma antolatuko duela. Israelgo lehen ministroa.

lehen mundu Garapen ekonomiko handia lortu duten herrialdeen multzoa. Ik. bigarren mundu; hirugarren mundu; laugarren mundu. Hirugarren munduko gosea lehen munduko gehiegizko luxuaren ondorioa da.

noiz

1 adb. (Galdetzailea). Zer unetan, zer denboratan? Noiz gertatu zen hori? Noiz etorriko da? Baina, noiz artean iraungo du oraingo joerak? (Ik. noizdaino) Noiz arte behar dut neuretzat atxiki? Oraingo goibelaldi hau, noiz artekoa ote?

2 adb. (Zehar-galderetan). Ez dakigu noiz arte gauden hemen. Lana noiz bukatuko zain. Jainkoak daki noiz!

noiz baino noiz (Zehar-galderetan, dagokion aditza geroaldian, adierazten dena edozein unetan gerta daitekeela aditzera emanez). Noiz. Aita hau beldurrez zebilen, noiz baino noiz azpian hartu eta lehertuko ote zuen bere seme horrek. Hasi ziren bidean behera, hitzik egiteko ahalmenik gabe eta noiz baino noiz negarrak irtengo.

noizdanik adb. (Galdetzailea). Noiztik? Noizdanik duzu gogoeta gaiztoei leku emateko ohitura? || Nondik eta noizdanik datorren jakiteko.

noizdanik(ak)o adj. Nik ezin erran dezaket noizdanikakoa den horien makurra.

noizean behin adb. Batzuetan, gutxitan, bataren eta bestearen artean tarte handia gertatzen dela. Ik. noizbehinka; aldian behin; aldian-aldian; aldika; aldiz-aldiz; aldizka 2; bakanka; inoiz edo behin; inoizka; lantzean behin; lantzean-lantzean; noizean behinka; noizean noiz; noiz edo behin; noizetik noizera; noizik behin; noizik behinean; noizik behinka; noizik eta behin; noizik noizera; tarteka; tarteka-marteka; unean-unean. Noizean behin etortzen da. Ez da hori, beharbada, eguneroko eginbeharra; bai, ordea, noizean behin —eta zenbat ere maizago hobe— egitekoa.

noizean behingo adj. Noizean behingo bilerak.

noizean behinka adb. Noizean behin.

noizean noiz adb. Noizean behin.

noiz edo behin adb. Inoiz edo behin. Elizara joaten dira noiz edo behin.

noiz edo noiz adb. Noizbait, inoiz. Zin egin zuen noiz edo noiz mendekatuko zela. Hori izan da Europaren espiritua, noiz edo noiz bide horretatik baztertu bada ere.

noiz ere (Denborazko perpaus txertatu baten hasieran, aditzak bait- hartzen duela). Ik. noiz eta. Noiz ere uste baituzu urrun naizela zureganik, orduan zure hurbilean naiz. Goizik jarria nintzen supazter txokoan, nire gorputz guztia gozoki beroan, noiz ere entzun baitut tok-tok-tok leihoan.

noiz eta (Denborazko perpaus txertatu baten hasieran, aditzak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Noiz ere. Noiz eta heldu baitziren hiriaren erdira, erregeak golkotik sartzen dio ganibeta erreginari. Eta, noiz eta gutxiena uste duen hiltzea, aurkitzen da berehala hil behar duelako berriarekin.

noiz eta ere (Denborazko perpaus txertatu baten hasieran, aditzak bait- hartzen duela). Noiz ere. Noiz eta ere fruta egosi baita, atera ezazu kazolatik. Ez genuen oraino oren erdi baten bidea eginik, noiz eta ere ikusi baikenuen etxe bat sutan.

noizetik noizera adb. Noizean behin. Noizetik noizera gizonari so egiten zion.

noizez gero Noiztik. Noizez gero zaitugu zu mediku?

noizik behin adb. Noizean behin. Noizik behin sentitzen duzun samurtasun ezti hori.

noizik behinean adb. Noizean behin.

noizik behingo adj. Eguneroko ogia eta noizik behingo ardo zurruta.

noizik behinka adb. Noizean behin.

noizik eta behin adb. Gip. Noizean behin. Ik. noizbehinka. Noizik eta behin, nire aurrean agertzen da bat-batean. Joan egiten zen argia noizik eta behin.

noizik noizera adb. Noizean behin.

noiz... noiz... Batzuetan... beste batzuetan... Hor ari zaizkigu "gure" erdal egunkariak, noiz alboka, noiz txirula, noiz adarra joz.

noiz nola Batzuetan bai, beste batzuetan ez, unearen arabera. Langilea da?, noiz nola. On edo gaizto, omen dugu hori euskaldunek; egia?, noiz nola.

nor

1 izord. (-r- bakunarekin. Galdetzailea). Zer pertsona? (Pertsona bat edo pertsona bat baino gehiago adierazteko erabiltzen da). Ik. zein 4; nortzuk; zeintzuk. Nor da hau? Nor etorri da? Lehenbiziko maisua nor? Nor dira ene anaiak? Nor daude meza entzutera behartuak? Nork ekarri du? Noren bila zabiltzate? Norena duzu haurtxo hau, Maria? Norekin joan zara?

2 izord. (Galdera erretorikoetan). Nor naiz, beraz, herri oso bati kontuak eskatzeko? Nor harritzen ez da hitz horiek entzunda? Eta azkenean, nork esan, inor baino berritsuago azaldu zaigu.

3 izord. (Zehar-galderetan). Zuk badakizu nor naizen, baina nik ez dakit nor zaitudan. Han egoten dira zain, nor agertuko. Noren erruz gertatu zen horrela, ez zait ardura.

4 izord. (Erlatibozko esaldiak eratuz). Izango duzu nork maita. Bazegoen baserriarekin nork jarraitu. Haur txikiak nori utzi ez duenak. Bazen nori begiratua.

5 izord. (bere edo kidekoren bat eskuinean duela). Bakoitza (pertsona bati dagokiola). Israeldarrak nor bere lekura itzuli ziren. Nahitaezkoa da nor bere barrenean ezin hautsizko hesiz inguratua egotea. Nork bere eskua trebatzeko. Hor gabiltza, batetik eta bestetik, nork geure opilari ikatza nola hurbilduko. || Esr. zah.: Nori berea, Jainkoaren legea. Nor bere zoroak darabil.

6 izord. (Eskuinean beste galdetzaile bat duela). Azkenean ageriko da nor nola dabilen. Etxekoen artean genbiltzan, eta bakoitzak bazekien nor zen nor. Haren kontra, nork zer esango du?

7 izord. (Esaldi txertatu baten hasieran izenordain erlatibo gisa, hura-ren saileko erakusle batekin, aditz jokatuak bait- hartzen duela). Ik. nor ere. Baina nork begiratzen baitu haren hitza egiazki, hura baitan Jainkoaren amodioa konplitu da. Ezen nor hark igorri baitu, hura zuek ez duzue sinesten.

nor baino nor ...-ago Bata baino bestea ...-ago, batzuk baino besteak ...-ago. Ik. zein baino zein ...-ago. Bat etorri ziren, nor baino nor amorratuago, Larramendiren kontra.

nor edo nor Norbait. Nor edo nor hiltzen zenean. Nor edo nork asmatuko du.

nor ere 1 (Perpaus erlatibo baten hasieran, aditz jokatuak bait- hartzen duela). Dohatsu da nor ere prestuki bizi izan eta ongi hil baita. || (haina-rekin edo hura-ren saileko erakusle batekin). Nori ere pot eginen baitiot, hura da. Nor ere etorriko baita, haina ene laguna da. Norekin ere baitzabiltza, hura mespretxatzen duzu. Ezen nork ere baitu, hari emanen zaio.

2 (Perpaus txertatu baten hasieran). Nor ere baitzara, adiskidea, barka iezadazu ene bizitasuna: zarena zarela, adiskidea, barka iezadazu ene bizitasuna.

nor izan Gauza izan, gai izan, duin izan. (Ezezko eta baldintzazko perpausetan erabiltzen da). Ez naiz nor auzi hau erabakitzeko; nor banintz ere, ez nintzateke sartuko nire gogoz behintzat. Eta zu nor bazara, emango dizu betiko bizitza dohatsua.

nor... nor... Batzuk... beste batzuk... Herri berean bizi behar dugu, nork batera, nork bestera maite dugun herrian.

noski

1 adb. Jakina!, horixe! Bai, noski! Huts egin dezakeela?: noski, bada. Bidea hain ongi dakienak ez du, noski, gidari beharrik. Azkeneko hitza, noski, herriak izango du.

2 adb. g.er. Beharbada, dirudienez. Gizon prestu hark ez zuen, noski, ardoaren indarrik ezagutzen.

noski baino noskiago Zalantzarik gabe. Euskalariak baino areago euskaldun eta euskaltzaleak behar ditugu, noski baino noskiago.

[Oharra: noski baietz! eta kideko esapideen lekuan, Euskaltzaindiak bai, noski! eta kidekoak erabiltzea gomendatzen du].

orain

1 adb. Une honetan, garai honetan. Orain da garaia. Orain banoa, beste bat arte, adio tabernaria. Hona orain berritu zaigun auzia. Ez gara orain ohi den bidetik abiatuko. Bestetan esan dudana berresango dut orain. Ez da denbora asko, orain esatera noana gertatu zela. Lehen eta orain. Lehen, orain eta gero. Orain eta beti. Batasunerako, nik ez nuen indarkeriarik nahi, hasi berri hartan, ez dut nahi orain eta ez nuke nahi gerorako. Orain bertan. Nik ez dut, behintzat orain arte, entzun. Ezagunagoak ziren orduan orain baino. Orain bezala lehenago ere. || Orain (dela) hamabost bat urte: duela hamabost bat urte. Orain duela aspaldi.

2 adb. (Iraganaldian jokaturiko aditzekin, kontakizun batean). Ez zuen orain Negua gorroto. Negarrez zegoen orain.

3 (Izen gisa). Ik. orainaldi. Oraina, etorkizun dugun geroaren agergarri izan daitekeen aldetik. Lehenaldia orainaren azpian baitatza beti. Lehena orainean bizi da eta orainaren errainua aldi igaroak iragartzen du. Baina nik, karismarik hartu ez dudan honek, lehen-orainak ditut begien aurrean soil-soilik, bihar-etzitakoei nolabait ere antzemango badiet.

orainago 1 Geroztik. Galdetzekoa ere da ea orainago beste horrenbestekorik sortu ote den, Azkoitiko zalduntxoez kanpora, Euskal Herriko lurralde guztian. Lehengoak aldatzen ari direla orainagokoak, desegiten baino areago.

2 Duela gutxi, oraintsu. Orainago esan den bezala. Eta guztien artean gogortasunik handiena agertzen zuena orainago aipatu den Saulo zen. Ni naiz, bada, orainago igaro duzun herriko barberua.

orain baino lehen adb. Lehen. Orain baino lehen banituen hamaika bertso emanak. Esadak, lagun hori, ez nauk inon ikusi orain baino lehen?

oraindanik adb. Hemendik aurrera, une honetatik aurrera. Ik. aurrerantzean. Uko egiten diot oraindanik, bihotzez munduari. Oraindanik eta betiko besarkatzen dut umiltasuna.

zein

1 det. (Galdetzailea). Mota bereko zenbait gauzaren edo pertsonaren artean hautatzeko hitza. (Dagokion izenaren ezkerrean ezartzen da eta izen hori mugagabean erabiltzen da; izen horrek adierazten duena bakarra edo bat baino gehiago izan daiteke). Zein euskalki hartu duzu oinarritzat hiztegirako? Zein ur, geldia ala lasterra? Oraingo zein gaztek ikusi du hori? Zein baserritan ikasi ote du "kontuan erortzen" esaten? Bizkaiko hitza omen da, eta Mogelek (baina zein Mogelek, eta non?) darabilena.

2 (Izena ezabaturik). Baina zein da gure helburua? Zein dira egiazko kristauak? (Ik. zeintzuk) Geure izatearen zatirik barrenena, geureena, zein ote dugu? Anarkia handi horretan zein aukeratu? Zein da, ordea, zeinen itzulpen?

3 (Zehar-galderetan). Bi hitzok Duvoisinek zenbat aldiz eta zein lekutan erabili zituen Biblian K. Boudak erakutsi du. Zein bidetarik dabilen ez dakit. Badakizue zein iritzitakoak diren hitzei dagokienez. Baditugu, zeini zein toki dagokion ongi ez badakigu ere, zenbait partiketa nabarmen. Euskaltzaindiak erabaki beharko zuela zein hitz ziren aukeratzekoak eta zein ez. Arazoa zein den eta zertan datzan. Euskal hitzak zein diren. Ez dakigu zein sartu genituen eta zein ez. Ez da galdetu behar zein dagoen zabalduago, zeinek egon behar lukeen baizik. Forma zaharrago eta berriagoen artean, zein zein den nabari denean, zaharragoei dagokie nagusitasuna. Galdetu genion zein dauzkan hobetzat, orduko sermolariak ala gaurkoak. Ez naiz berriz hasiko aztertzen zein den zaharren eta jatorren. Ea zein den gure eginkizuna.

4 izord. Nor? Zein etorri da? || Azken jardunaldian jakingo da zeinek jokatuko duten urtarrilaren 15eko finala. Ia gureak egin du, badugu zeinek agindu.

5 izord. (bere-ren ezkerrean). Bakoitza. Itzuli zen zein bere etxera. Eta bere ardiak deitzen ditu, zein bere izenez. Hitzak, ahotik irten orduko, lerro-lerro antolatzen zitzaizkion, zein bere tokian, soldadu ongi hezien antzera. Filologia eta hizkuntzalaritza zein bere aldetik abiatu zirela. Bete behar ditugu zeinek bere bizimoduko eginbideak.

6 (zein... zein... korrelaziozko esaldietan). Batzuk... beste batzuk... Nik "gu" asko ditut, zein zabalago, zein meharrago, eta orobat gertatzen zaie inguruko "ni" guztiei. Obra horrek badakarrela azentu marka ugari, zein ongi zein gaizki ipiniak. Erdibiturik gabiltza, zein batean, zein bestean.

7 adb. (Harridura-perpausetan, izenondo, izenlagun edo kideko bati dagokiola; aditz laguntzaileak -(e)n menderagailua hartzen du). Zein gauza lotsagarria! Oi zein miragarri diren, Jaun ona, zure hitzak! Zein ederki! Harrigarria da zein berandu eta ahul iritsi zen erantzuna. Adierazi nahi dugu zein diren goxo oraindik udazken buruko egun epelak. Guztiok dakigu zein asmo ederrek eragiten dieten halakoei.

8 junt. Nahiz, edo. Berdin dira euskaldun zein erdaldunentzat. Gogorik nahiz astirik ez zuelako; bata zein bestea falta zitzaizkion, beharbada. Onerako zein gaitzerako. Euskara bat zen beretzat, eta hain euskara hangoa zein hemengoa. Nahiz jakituna, zein ezjakina.

9 (zein... zein... korrelaziozko esaldietan). Nahiz... nahiz... Berdin balio dute zein batak zein besteak.

10 (Perpaus erlatibo baten hasieran, dagokion aditzak bait- edo -(e)n menderagailua hartzen duela). Emazteak, zeina soprano izan baitzen, oraindik ere pianoa jotzen irakasten zien haurrei. Hau da ene seme maitea, zeinaren baitan hartu baitut atsegin guztia. Hau da gorputz galdua, zeinean eta zeinagatik hainbeste bekatu egin bainituen. Hirugarren zatia, zeinean adierazten baita egin behar dena. Gure herriak baditu une historikoak, zeinetan jarrera eraginkorrak eta ausartak hartzea eskatzen zaigun. || (Hura-ren saileko erakusle batekin). Zein nahiago duzun, huraxe emango dizut.

zein baino zein ...-ago Bata baino bestea ...-ago, batzuk baino besteak ...-ago. Ik. nor baino nor ...-ago. Haren ordez hiru opari eskaini zizkioten, zein baino zein galgarriagoak. Jesu Kristoren Elizan, hiru Ordena, zein baino zein miragarriagoak jartzeko. Bederatzi mahaiko, eta zeinek baino zeinek jateko gogo ederragoa.

zein ere 1 (Perpaus erlatibo baten hasieran, hura-ren saileko erakusle batekin). Zein ere baitira gizonetan hobekienik dohatuak, haiek izendatu behar dira aitzindaritzat.

2 (Perpaus txertatu baten hasieran, izen baten ezkerrean, dagokion aditzak bait- hartzen duela). Zein ere etxetan sartuko baitzarete, lehenik errazue, "bakea dela etxe honetan": edozein etxetan sartzen zaretela, lehenik errazue, "bakea dela etxe honetan".

3 (Perpaus txertatu baten hasieran, izenondo baten ezkerrean, dagokion aditzak -(e)n menderagailua hartzen duela). Nahiz eta, arren. Baina zein ere handiak liratekeen irabazte horiek, ez lukete fits bat balioko fededun onak egiten duen irabaziaren aldean. Zein ere ondasun ugariak dituen batek, gizonaren bizia ez dago ondasun asko izatean. Ez dut uste Arresek, zein ere olerkari ugaria zen, bertso sail miragarri hori baino gehiago egin zezakeenik. Ez dago gizonaz etsitzerik, zein ere galdua dirudien hondamendian barrena.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper