Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=ahi 2 sarreratan aurkitu da.

ahi

iz. Edozein irin egosirik, bereziki esnetan, egiten den jateko ore arina. Arto irinezko ahia. Ahi lodia. Ahi mehea. Inudeak haurtxoari ematen dion ahia.

ur

1 iz. (-r- bakunarekin). Isurkari koloregabe, usaingabe eta zaporegabea, ibaiak, aintzirak eta itsasoak betetzen dituena, hidrogeno eta oxigeno atomoz osatua dena (H2O). Ik. lurrun; izotz. Pitxer bat ur. Ur eta ogi hutseko baraua. Ur hartatik edan zuen. Ur hotza, freskoa, epela, beroa. Ur irakinean ez da eulia pausatzen. Ur garbiaren pare. Ur gardena bezain garbi. Ur gazia eta geza. Ur huts-hutsak, edateko balio ez duen bezala. Itsasoko ura. Iturriko ura. Vichyko ura edaten. Pasatuko dira ura zubiaren azpitik bezala. Ur bila nator berriz ere iturri emankorrera. Ur destilatua. Urez bete. Urak esnea galtzen du, eske soberak adiskidea (esr. zah.).

2 iz. pl. Ur arreak. Moisesek eskua hedaturik, bet-betan urak ireki ziren. Edateko urak nonahi badira Azkainen.

3 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Ur tanta edo ur sorta bat. Ur jarioa. Beste batzuetan, makromolekularen ur disoluzio bat erabiltzen da abiapuntu gisa. Ur putzuak.

4 iz. (Leku atzizkiekin). Itzulipurdika sartu da uretan. Bere behatz muturra uretan busti zuen. Hori ezin da uretan garbitu. Uretara bota zuten. Mutil koskorrak uretatik ateratzeko.

5 iz. (Ibai, aintzira edo itsasokoaz mintzatuz). Ur ertzetik joan. Ur hegiko lizar lerdenen andanak. Txalupa ur azalean ikusi zuenean. Ur azpian isuritako olioa urez gain ateratzen da. Ur-haizeen joera lagun ez dugunez gero. Itsasaldi handi edo ur biziak. Ur eremu handia. Gure aitari urak eraman zion etxea. Baina geroztik hona urak bide egin du. Hizkuntza gaietan urak bere bidera itzuli direnean. Urak ez daramana, uharrak (esr. zah.).

6 iz. Zukua. Limoi ura. Ur anitz duen udarea.

7 iz. Egoskina. Iltze-belar ura. || Aurtiki ezazu tripakien ura eta ezar baso bat ardo.

ur ahi, ur-ahi Paperak-eta itsasteko erabiltzen den ur eta irinezko nahastura.

urak hartu1 Ehunez edo arropez mintzatuz, bustitzearen ondorioz tamainaz txikitu. Jertsea zeharo txikitu zitzaidan, garbigailuan sartu eta urak hartuta.

urak hartu2 Ur mineral sendagarriak dituen bainuetxe batean bainuak hartu edo bertako ura edan. Zestoara joan dira urak hartzera.

ur-bazter Itsasoan, aintziretan eta ibaietan, ura eta lehorra batzen diren aldea. Urola ibaiko ur-bazterrean. Ur-bazterreko belar ederrean bazkatzen.

ur bedeinkatu Kristau erlijioan, apaiz batek bedeinkaturiko ura. Ur bedeinkatu ontzia.

ur berro, ur-berro Iturri belarra. Ik. berro 2.

ur bildu Leku jakin batean bildu edo pilaturiko ura. Eta Jainkoak lehorrari izentzat eman zion lurra; eta ur bilduei itsasoa.

ur dilista, ur-dilista Ur geldietan hazten den landare belarkara txikia, itxuran dilista gogorarazten duena (Lemna minor).

ur emari, ur-emari Ur-laster baten emaria. Danubio ibaiaren ur emaria segundoko 15.800 metro kubikokoa izatera iritsi da azken egunetan. Elurra urtu ondoren, ibaiaren ur emariak urtero gora egiten du. Iturrien ur emaria.

uretan eragin Xaboiaz edo beste garbigarriren batez garbitu den zerbaiti ur hutsez eragin, garbigarria kentzeko. Ik. urberritu. Arropa xabonatzen eta bihurdikatzen zuen bitartean eta uretan eragiten zion bitartean, Madeleinek ez zuen hausnarketarako astirik izaten.

ur etorri, ur-etorri iz. Ur emaria.

urez eragin Uretan eragin. Xanpua buru osoan zabaldu behar da, tokirik erasanenak ongi igurtziz; bost minutuz mantendu behar da, urez eragin aurretik.

ur geldi 1 Leku batean geldirik dagoen ura. Ur geldiek gaitzak ekartzen dituzte. Kiratsa dario ur geldiari.

2 Aintzira. Niantza deitzen den ur geldi handiaren aldera.

3 Ur barea. Ontzitik zilarrezko ur geldiari begira. Leku zoragarria, ur geldiak, hondartza zabalak.

ur handi 1 Ibaia. Bolaños deitu ur handia behar zuten iragan. Bere burua aurtikitzen du zubi batetik ur handira eta han itotzen da.

2 Ur sakona, ur-bazterrekoa ez dena. Ur handitako arrantza. Ur handietara joan, igerian jakin gabe. || Ur handitako arraina: eskarmentu handiko pertsona.

ur hegazkin, ur-hegazkin Ur gainean jar daitekeen hegazkina.

ur jauzi, ur-jauzi Ur-laster baten ibilbidean gertatzen den bat-bateko garaiera aldea, ura goitik behera jaustea eragiten duena; bertatik jausten den ur-masa. Niagarako ur-jauzietan.

ur laster, ur-laster Higitzen den ur masa. Ur-lasterraren erdian goaz, ez gaude ja ertzetik begira. Bizitza honen ur-lasterraren ezin gelditua.

ur lurrun, ur-lurrun Fis., Kim. Gas egoeran dagoen ura. Hezetasuna da leku eta une jakin batean airean dagoen ur lurrun kantitatea. Kalkula itzazu igarotzen den ur lurrunaren masa-unitateari dagokion lan garbia eta errendimendu termikoa.

ur mineral Iturburu bateko ura, gai mineralak disoluzioan dituena. Ik. burdin ur; metal ur. Altzolako ur minerala. Erromatarren garaian, bainuetxeek eta ur mineralek arrakasta handia zuten.

ur oxigenatu Hidrogeno peroxidoa, desinfektatzaile gisa erabiltzen dena. Ur oxigenatua botatzean, apar zuria atera zen zauritik.

ur parke, ur-parke Jolas parkea, uretan jostatzeko instalazioak dauzkana. Aqualand ur parkera irteera egingo dute DBHko gazteek.

[Oharra: Hegoaldean mugagabean erabiltzen dena, uretan, uretara, uretatik, Iparraldean mugatu singularrean erabiltzen da: urean, urera, uretik].

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper