JAGONET galde-erantzunak

Badira hainbat urte ... -(e)la/-(e)netik

Galdera:

Badira... egiturarekin -(e)la erabili behar dugu beti edo -(e)netik ere erabil daiteke? Zuzenak dira, adibidez, Badira hamar urte ezkondu nintzela eta Badira hamar urte ezkondu nintzenetik esaldiak? Biak zuzenak?

Erantzuna:

Euskal Gramatika: Lehen Urratsak, EGLU, V, Mendeko perpausak, 1 liburukiko 50. orrialdean dator horri buruzko informazioa, perpaus osagarrien atalean. Han esaten da halako predikatuek (´´denbora erreferentzia ematen´´ dutenek) perpaus osagarriak hartzen dituztela; beraz, -(e)la da menderagailuak duen forma. Adibide batzuk ere ematen dira: Egunak ditu hor dela; Hamalau egun dira nik urten nebala; Badu jadanik lau egun hil dela; Ez baitzuen lehen aldia iheska zebilela eta beste.

-(e)netik formari dagokionez, denbora-balioan erabiltzekoa dela esan behar, eta beste predikatu mota batzuekin. Adibidez, honako hauek zuzenak dira: Bost urte pasatu dira etxetik joan zinenetik; Etxetik joan zinenetik, hutsune handia nabaritzen dugu.

Data: 2012/01/19 - Erantzulea: Jesus Mari Makazaga, Gramatika batzordeko idazk.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper