JAGONET galde-erantzunak

bakarrik / baino ez

Galdera:

Semantikaren aldetik berdinak al dira "bakarrik" eta "baino ez"? Eta erabilpenean?

Erantzuna:

Euskaltzaindiak ez du ezer erabaki gai horretaz; baina Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiak dakarrenez (ikus 95. or.), "bakarrik" hitzak bi adiera ditu:

"bakarrik (1.): Lagunik, kiderik gabe."

"bakarrik (2.): Eta ez besterik, eta ez gehiago, eta ez bestetan...(dagokion hitz edo esaldiaren ondo-ondotik)."

Horiek horrela, nire iritzia emango dizut.

Lehenengo adiera duenean, ez dira elkarren sinonimo "bakarrik" eta "baino ez". Adibidez: "Bakarrik bizi naiz".

Bigarren adieran, ordea, elkarren sinonimo izan daitezke "bakarrik" eta "baino ez"; adibidez: "hauxe bakarrik esan nahi dizut = hauxe baino ez dizut esan nahi". Baina "bakarrik" hori ezezkoa denean, ez dira elkarren sinonimo; adibidez: "ez dirua bakarrik, nortasun-agiria ere kendu egin baitzioten".

Horrez gainera, ikus datu-base honetako "bakarrik" eta "baino ez" sarrerak.

Data: 2001/10/22 - Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper