JAGONET galde-erantzunak

Urtea ("-garren"en erabilera)

Galdera:

Euskaltzaindiaren 37. arauak, data adierazteko honako egitura hau hobesten du: "Durango(n), 1983ko martxoaren 7a(n)".
Nire zalantza da ea zilegi den ordinala erabiltzea urtea adierazteko: "Durango(n), 1983.eko martxoaren 7a(n)". Badirudi baietz, arauaren datan egitura hau ageri baita: "Euskaltzaindiak, Donostian, 1995.eko uztailaren 28an onartua". Hala ere, ez litzateke egokiagoa izango "-garren"en erabilera gaitzestea digitoekin?

Erantzuna:

Gramatika batzordeak erabaki zuen ezin dela "-garren"en erabilera gaitzetsi, tradizioan erabili izan den egitura denez gero. Arauan ere ez da gaitzesten, nahiz eta han bestelako eredua eman: "Durangon, 1995eko martxoaren 7an" edo "Durango, 1995eko martxoaren 7a". Baina Gramatika batzordeak esana du arauan bertan adierazten den horixe dela errespetatu beharrekoa (adibideetako bi egitura horiek, alegia).

Horrez gainera, eta 37. arauaren osagarri, ondorengo jokaera hau hobetsi zuen Jagon saileko Corpus batzordeak:

"Datari dagokion urtea idaztean, ez erabili "-garren" atzizkia (ez letraz eta ez puntuaz), salbu urte-kopuruaren ondoren "urte" hitza idazten denean (eta orduan, nahitaez erabili "-garren" atzizkia). Adibidez, 1982an, 1664ko udaberrian, 2001eko abenduaren 13an, 1952. urtean, 1952an, 1664. urteko udaberrian..."

Oharra:

Urtearen digitoa bera punturik gabe idatzi behar da, adibide horietan ikus dezakezunez.

Data: 2004/06/21 - Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper