JAGONET galde-erantzunak

"-agatik, izanagatik"; kausazkoa ala kontzesiboa?

Galdera:

Badakit ez direla berdin "etortzeagatik" (kausa zein helburua) eta "etorriagatik" (kontzesiboa). Baina lehenaldi burutuak "izan" eskatzen duenean ez daukat hain argi. Hau da: "Aita etorri izanak poztu du" moldatu eta "Aita etorri izanagatik (kausa) poztu da" esan al daiteke? Ala "Aita etortzeagatik poztu da" esan behar al da? Nik lehena erabiltzen dut, baina ez dakit ongi dagoen.

Erantzuna:

Kausa balioan ez dago gure literatura-tradizioan "Aita etorri izanagatik poztu da" bezalako egiturarik. Ez, behintzat, Orotariko Euskal Hiztegiko corpus osoan.

Baliteke kausazko perpausetan aspektu burutua adierazteko aditz-forma jokatuak ("Aita etorri delako/zelako poztu da") erabili izan direlako gertatzea hori, edo aditz-izena oinarri duen forma jokatu gabea ("etortzeagatik") erabili delako.

Kontua da "izanagatik" formaren erabilera guztiak balio kontzesibokoak direla. Adibidez, honako hau:

- Polik maite zuan bizibide ura beti arriskoan bizi izanagatik (Anabitarte, Poli, 43. or.)

Data: 2002/01/14 - Erantzulea: Jesus Mari Makatzaga, Gramatika batzordeko idazk.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper