Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia - Argibideak eta erabiltzeko gida

Argibide nagusiak

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren xedea euskarazko hitzak txukun erabiltzen laguntzea da. Horretarako, hitzen adierak argitzen ditu definizioen bidez, baina, hori ez baita aski, beste argitasun asko ere ematen ditu: kategoria gramatikalak, aditzen erregimenak, euskalki- eta garai-markak, espezialitate-markak, erregistroak, izaki bizidunen izen zientifikoak, eta, gaur egungo hiztegi bati dagokionez, baita adibideak ere. Hauek garrantzi handia dute, hain zuzen ere, erabilera egokia adierazteko baliabiderik argigarrienak direlako. Guztiak dira benetako erabileratik, corpusetatik, jasoak eta ez asmatuak.

Hiztegiaren hiztegia

Adiera

Atzizki

Azpisarrera

Kategoria

Lema

Sarrera

Taxon

Hiztegiaren egitura

Hiztegiaren egitura

Hiztegi honetan, hitz bat eta harekin loturiko forma konposatuak eta esapideak sarrera bakarrean bildu dira. Adibidez, ogi hitzari eta haren konposatuei honako artikulu hau dagokie:

Ogi sarrera

Hitzaren forma arautua edo lema sarrera buruan ageri da letra lodiz. Hitzaren adiera bakoitzak aurretik zenbaki bat du. Adibide honetan, bost adiera bereizi dira. Zenbakiaren ondoren, kategoria gramatikalaren laburdura dator eta jarraian, letra arruntez, definizioa. Irakurleak, hor, hitzaren adiera aurkituko du eta ez informazio entziklopedikoa. Esate baterako, ogiaren kasuan, ez dira okintzaren ikuspegitik eman litezkeen hainbat xehetasun ematen, hizkuntzaren ikuspegitik adiera zehazteko behar diren argibideak baizik.

Kasu batzuetan, definiziotik zertxobait saihesten den ñabarduraren bat duen adibidea || ikurraren ondoren jartzen da. Goiko adibidean, 3. adieran, gari irinez egin ordez, garagar irinez egiten den ogia aipatzen duen adibide bat dago horrela markatua. Definizioaren ostean, adibideak datoz, letra etzanez idatziak. Adibideok corpusetan jasota dauden benetako testu-zatiak dira eta hitzaren erabilerari buruzko argitasunak ematen dituzte.

Zenbait sarrera edo adieratan, euskalki marka ageri da, jatorria adierazteko eta usuenik nongo hiztunek erabiltzen duten esateko. Adibidean, 5. adierak Batez ere Ipar. marka du, batez ere Iparraldeko testuetan ageri ohi delako ogi hitza adiera horrekin, baina Hegoaldean ere arrunta da, adibidez, ogi-irin esatea garia ehoz egindako irinari. Ostera, 2. adierako Ogi bihotza adibideak Ipar. marka du eta, ondoren, ogi mamia azalpen gisa, Iparraldeko euskalkiak erabiltzen ez dituzten hiztunei lagungarri gertatuko zaielakoan.

Adibideen artean, esaera zaharrak ematen dira askotan, euskararen arimaren osagai garrantzitsuak direlako. Horiek (esr. zah.) marka daramate.

Izaki bizidunen izenei dagozkien sarrerek edo azpisarrerek parentesi artean izen zientifikoa dute, adibidez, ogi zuhaitz, ogi-zuhaitz azpisarreran, Artocarpus communis, horixe delako adiera zehazteko erarik egokiena.

Forma bera izan arren jatorri berekoak ez diren homonimoak artikulu banatan emanda daude, zenbakizko goi-indize batez markaturik. Adibidez: arte1, arte2, arte3, arte4. Batzuetan, forma eta jatorri berekoak izanik ere, adieren artean jauzi handia dagoenean, artikulu banatan eman dira hitz batzuk, erabiltzailearentzat erosoago gerta dadin. Adibidez: astindu1 (aditza), astindu2 (izena), sare1 (izena), sare2 (adjektiboa).

Hitzen egokitasunari buruzko informazioa

Komunikazio-egoera bakoitzean hizkuntza egoki erabiltzeak hitzak arretaz aukeratzea eskatzen du. Hiztegi honetan, sarri aurkituko ditu erabiltzaileak hitzak egoki erabiltzeko oharrak, hala nola:

  • Forma bat ez erabiltzeko gomendioa. Hiztegi Batuan e. marka zeramaten hitzek Euskaltzaindiaren Hiztegian forma hori ez erabiltzeko eta beste forma bat erabiltzeko dioen ohar bat dute. Adibidez:

    Eritzi sarrera

  • Hiztegi Batuan h. marka zuten hitz batzuek, beste bat hobesteko; hemen, beste hitz hori definitzaile gisa dutela agertzen dira eta gehienetan adibiderik gabe (hau sistematikoa ez bada ere). Adibidez:

    Nafartar sarrera

  • Erregistro jakinetan, hau da, egoera, asmo edo gai jakinetan, soilik erabiltzekoak diren hitzak markaturik agertzen dira (ikus laburduren zerrenda).

    Menu baten adibidea

    Horien artean, arreta berezia merezi dute Lgart. marka daramaten hitz batzuek, gizatalde batzuentzat iraingarriak gerta litezkeelako. Adibidez:

    Marikoi sarrera

  • Gaur egun zaharkiturik geratu diren hitzak edo gutxi erabiltzen direnak Zah. eta g.g.er. markekin jaso dira. Adibidez:

    Abondant sarrera

    Akeita sarrera

Jakite-arloari buruzko informazioa

Hainbat hitzen sarreretan espezialitate-markak aurkituko ditu hiztegiaren erabiltzaileak. Kasu honetan, argitu nahi dugu, marka horiek hitza hizkuntza arruntera igaro ez den neurrian bakarrik jarri direla. Hitz bat, espezialitate jakin batekoa izanik ere, eguneroko hizkuntzan erabiltzen baldin bada, sarrera horrek ez du markarik izango, gehienetan. Adibidez:

Etilo sarrera

hidrogeno sarrera

Kontsulta arruntak

Ezagutzen ez den hitz baten esanahia jakiteko

Demagun artikulu bat irakurtzen ari zarela eta ezagutzen ez duzun hitz batekin topo egiten duzula. Artikuluaren pasarteak hau dio:

gazta egiteko erabiltzen den legarra garrantzi handikoa da

Esaldia ez duzu ulertzen, ez dakizulako zer den legarra edo hitz horrek zure ustez esan nahi duenarekin esaldiak ez lukeelako zentzurik. Hiztegiak lagunduko dizu.

Euskaltzaindiaren webguneko orri nagusian dagoen bilatzailean (edo Euskaltzaindia>Hizkuntza-baliabideak>Euskaltzaindiaren Hiztegia bideari jarraituz aurkituko duzunean) hitz hori, horrelaxe, osorik, legarra jartzen baduzu eta bilatzeko eskatu, ez duzu aurkituko, hitz horren bukaerako a ez delako a itsatsia. Hiztegiko sarrerak lemak dira, esaldietan hitzek morfosintaxiaren arabera hartzen dituzten atzizkirik gabeko formak. Hortaz, legar galdetu beharko duzu.

Galdera hori egiten duzunean:

Bilaketa konbinatua

Erantzun hau jasoko duzu:

Legar sarrera

Hiru erantzun jaso dituzu, legarformari dagozkionak. Forma berekoak izan arren, hiru sarrera dira. Behin baino gehiagotan gertatzen da hori. Forma bera izan arren jatorri desberdineko hitzak izaten dira. Adibidez, baso (oihana) eta baso (edalontzia). Galdera egitera ekarri zaituen esaldian legar1 eta legar2 hitzen adierek ez dute zentzurik, baina legar3 hitzak bai, gatzagia gaztak egiteko erabiltzen baita.

Gatzagia zer den ez badakizu, erantzuna hiztegian duzu:

gatzagi sarrera

legar3 sarrerak definizioaz gainera bi marka ditu: iz. eta Bizk. Lehenbizikoa kategoria da, izena, eta bigarrena euskalki-marka, bizkaiera. Horrek adierazten du forma hori bizkaieraz erabiltzen dela.

Hitzaren forma arautua eta antzekoak

Batzuetan erabiltzaileak kontsulta egiteko ez du erabiltzen hitzaren forma arautua, ez duelako ezagutzen edo gaizki tekleatu duelako. Kasu askotan hiztegia gai izango da, hurbilketaz, zer forma arautu erabili behar zen igartzeko eta erantzun egokia emango du, esate baterako, zergatik galdetu beharrean zergaitik galdetuta ere zergatik hitzaren sarrera aurkituko du erabiltzaileak. Era berean, garrantzi arautuaren ordez garrantzia galdetzen duenari forma arautuari dagokion sarrera agertuko zaio.

Hiztegia alfabetoaren hurrenkeran aztertu

Aukera hau erabili nahi izanez gero, urrats hauek egin behar dira:

1 Webgunearen orrialde nagusian HIZKUNTZA-BALIABIDEAK > Euskaltzaindiaren Hiztegia hautatu.

Menu nagusia

2 Hor Letraka ireki eta nahi den letra zabaldu.

Menu letraka

Bilaketa aurreratuak

Orain arte aipatu diren bilaketak sarreraren araberakoak izan dira. Egin daitezke beste era bateko bilaketak ere:

Menu aukeraketa

hitz-hasieran

Adibidez, sasi hasiera duten hitzak: sasi sarrera sasi-igel eta sai-txori azpisarrerekin, sasiakazia, sasiama, sasiarte, sasidi, etab.

hitz-amaieran

Adibidez, kizun amaiera duten hitzak: adierazkizun, agerkizun, aitorkizun, etab.

adibideetan

Adibidez, altxor hitza daukaten adibideak. Era honetan altxor sarreran dauden adibideez gain beste sarrera batzuetan daudenak ere ikus daitezke, flysch edo garestitxo sarreretan daudenak, esate baterako:

Axularren hizkuntza altxor bikaina da euskaldun guztiontzat.

Gipuzkoako kostaldeko itsaslabarrek gordetzen dituzten altxor preziatuak dira flyschak

Altxor preziatutzat zuen, baina, aldi berean, garestitxo ordaindua.

definizioetan

Adibidez, definizioetan mineral hitza duten sarrera guztiak eskura daitezke: anfibol, atakamita, augita, axinita, etab.

taxonetan

Adibidez, genero jakin batekoak diren bizidunei dagozkien sarrera guztiak bilatzeko, esate baterako quercus generokoak: abaritz, ametz, arte, artelatz, erkametz, haritz, haritz gorri.

erreferentzietan

Argi eduki behar da, hasteko, erreferentziak ez dituztela lotzen nahi eta nahi ez sinonimoak diren hitzak. Izan ere, adiera bera duten hitzak ere askotan ez daitezke ordezka testuinguru batean, erregistroagatik, euskalkiagatik edo erabilera aldetik duten ñabarduraren batengatik. Beharrezkoa da beti erreferentzia bidez loturik dauden hitzen definizioak, markak, erabilera oharrak eta adibideak konparatzea xehetasunak argitzeko. Erreferentzietan klik eginez gero, dagozkien sarreretara joango zara.

Adibidez, erreferentzietan haga hitza bilatzen badugu makila sarrerara iritsiko zara. Erlazioa argitzeko bi sarrerak alderatuko ditugu:

makila sarrera

haga sarrera

Zein da bi hitz horien arteko erlazioa? makila hitzak adiera bakarra du eta, aldiz, haga hitzak hiru adiera ditu, eta bi hitzen adiera guztiak zurezko piezenak dira baina piezen erabilerak eta beraz hitzenak desberdinak dira.

antzeko formetan

Adibidez, zapaldu galdetuz gero zapaldu zapal/zapaldu zapaltzen; zapalda; zapaldi; zapatu1, zapa, zapatzen eta zapatu2 sarrerak agertuko dira.

Bilaketa konbinatuak

Aukera hau erabili nahi izanez gero, urrats hauek egin behar dira:

1 Webgunearen orrialde nagusian HIZKUNTZA-BALIABIDEAK > Euskaltzaindiaren Hiztegia hautatu.

Menu nagusia

2 Hor Bilaketa konbinatuak ireki, konbinatu nahi diren ezaugarriak hautatu eta bilaketa agindu. Zehaztu daiteke ezaugarri bakarra edo gehiago aldi berean.

Menu konbinatua

Esate baterako, bizkaiera marka duten adberbioak eskatzen baditugu abespeluan, aida batean, ailagina, akaburengoan, etab. agertuko zaizkigu.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper