Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=ongi 2 sarreratan aurkitu da.

ongi

1 adb. Nahi, espero edo behar den bezala; era onean, egokitasunez. Ik. ondo1; ontsa; ederki. Anton. gaizki. Ongi bizi, ongi hil. Ongi dago. Ongi diozu. Dena ongi? Ez dut esango aberastasun horiek ongi banaturik daudenik. Biziki ongi. Soldadu ongi hezien antzera. Norentzat argitaratu zuen ere ez dakigu ongi. Ongi deritzat, erabat harturik behintzat, erabaki zutenari. Ongi bazaude Jainkoarekin, errazkiago pairatuko duzu garaitua izatea. Ongi baino hobeki bainekien hori. Ongi baino ongiago. Ongien dakizkigun erantzunak. Ahalik ongiena apaindua. Ongiegi ohituak gauzka.

2 adb. Adkor. Oso; ederki. Behar dira hartu ongi berdeak eta ongi gogorrak. Horrek baditu bere arriskuak, ongi agerikoak gainera. Merezi zuen, eta ongi merezi ere, berriro argitaratua izatea. Ez dela huts hori oharkabez egin, ongi jakinaren gainean baizik. Aberez ongi jantziak daude hemengo mendiak. Bizkarra ongi berotzea merezi du horrelakoak. || Arruntean Azkaineko hilerriak ongi aski atxikiak dira, belarra nehon ez da nagusitu.

3 iz. Moralaren aldetik on den guztiak osatzen duen ideia edo izaki abstraktua. Ongiaz gaizkia garaitu behar da. Ongiaren eta gaizkiaren zuhaitza. Ongiaren ideia. Ongian finkatzeko eta aitzinatzeko. Ongian sinesten duten guztiak.

4 iz. Ona. Euskararen ongia eta hobekuntza nahi zituen.

5 iz. Ikasketetan, oso ongi eta nahikoaren arteko kalifikazioa, azterketan edo proban eskaturiko maila ongi gainditu dela adierazten duena. Azterketan ongi bat atera dut.

ongi baino hobeki Oso ondo. Ik. ondo baino hobeto. Ongi baino hobeki daki hark zer ari den. Ongi baino hobeki antzematen nion egitekoaren arriskuari.

ongi da Adostasuna adierazteko erabiltzen den esapidea. Ik. ondo da; ados 2; konforme. —Gero etorriko naiz. —Ongi da. Ongi da, aita, ez zaitez haserretu.

ongi egile, ongi-egile Ongilea.

ongi egin 1 du ad. Ongi jokatu, era egokian aritu. Ongi egiten duzu egia aitortzea.

2 du ad. Ongia egin, norbaiti lagundu, mesede egin. Gaizki-egileari ongi egitea. Zorioneko, bada, nahigabeak etsian eramaten dituena eta heriotzak ongi egiten aurkitzen duena. Zuek behintzat, ez zaiteztela geldi ongi egitetik. || Ongirik ez egitea bera da gaizki egitea. Beste nonbait ongi gehiago egingo zuela.

ongi-egin iz. Moralaren aldetik zuzena den egitea. Mila esker, zuen ongi-egin guztiengatik.

ongi eman 1 du ad. (nor osagarririk gabe). Norbaitek edo zerbaitek egoera jakin bati ongi doakion itxura edo irudia izan. Ik. eman1 9. Apaizgai alferren artean ez duk hik ongi ematen. Istorio horretan ongi ematen ez duten hainbat gauza daude.

2 dio ad. (nor osagarririk gabe). Jantziez, koloreez eta kidekoez mintzatuz, norbaitentzat edo zerbaitentzat egokia izan. Iazko soinekoak ez dit ongi ematen; berria erosi behar dut. Ongi ematen dizu urdinak! || Sarkasmoak ez dizu batere ongi ematen, badakizu.

ongi esan 1 Arrazoi izan. Ongi diozu, egia da, hala da. || (Dagokion osagarriak -(e)la atzizkia hartzen duela). Ongi diozu gauza miragarria dela. Ongi esan duzu Jainko bat bakarra dela.

2 Egoki adierazi. Ez legoke hori nire ustez ongi esana.

ongi-esan 1 iz. Laudorioa; hitz onak. Ik. ondo-esan. Ikusten du dela mukerra, gozakaitza eta besteren ongi-esanak aditu nahi ez dituena.

2 iz. Ongi esan den gauza. Gaizki-esanak barkatu eta ongi-esanak ongi hartu.

ongi etorri interj. Etorri berriari harrera ona egiteko erabiltzen den esapidea. Ik. ongietorri. Ongi etorri guztiok! Ongi etorri eta mila esker gurekin diren guztiei. Ongi etorri zuri, haur eder zoragarria!

ongi hartu 1 Harrera ona egin. Ik. ondo hartu; onartu. Ongi hartu gaituzte beti; ez dugu sekula mespretxurik sumatu. Familiak izugarri ongi hartu ninduen.

2 Norbaitek egina edo esana ontzat eman edo, haserretu edo mindu gabe, alde onetik ulertu. Herritarrek ongi hartu dute erabakia. Erakusketa oso ongi hartu dute, bai kritikak eta baita, hotz bazen ere, jendeak. Ez du txantxa ongi hartu.

ongi hazi adj. Pertsonez mintzatuz, gizalegez jokatzen duena. Seme-alaba eder eta ongi haziak zituen. Gizon ongi hazia.

ongi ikasi 1 adj. Ikasia, eskola edo kultura duena. Behartsuek ez ezik, jende ongi ikasiak ere alde egiten du Indiatik.

2 adj. Ongi hazia.

ongi izan interj. Norbaitengandik urruntzean edo idatzi baten bukaeran erabiltzen den gizalegezko esapidea. Ik. ondo izan; izan ongi. Eskatutakoa onartuko duzuelakoan, ongi izan. Ongi izan, eta mila esker!

ongi joan interj. Alde egitera doana agurtzeko erabiltzen den gizalegezko esapidea. Dena den, ongi joan, abiatu berri denari; eta ongi etorri, ailegatzear dagoenari. Ongi joan, seme!

ongirako 1 adj. Ongira zuzendua dena. Ongirako gogoa.

2 adb. Onerako.

oso ongi iz. Ikasketetan, bikain eta ongiren arteko kalifikazioa, azterketan edo proban eskaturiko maila oso ongi gainditu dela adierazten duena. Oso ongi bat atera nuen azterketan. Batez besteko puntuazioa 7,8koa izan da, oso ongi baten parekoa.

izan2, izan, izaten

1 da ad. Aditz kopulatiboa, ezaugarri iraunkor bat adierazteko erabiltzen dena. Gizona hilkorra da. Bi eta bi lau dira. Gaztea zen. Liburu hori oso ederra da. Esker onekoak izan zaitezte. Hori nirea da. Andoni irakaslea da. Zoriontsu izan zara? Egin nahi duzun lana egiteko trebea da gizon hori.

2 da ad. Gertatu. Lapurreta kalean izan zen. Han izan zen izatekoa! Zer izango da nitaz?

3 da ad. Gertatu, aipatzen den ondorioa izan. Hil-berri hori mingarria izan da guretzat alde guztietarik. Inoren begia zorrotzagoa izaten baita bereizketa horietan norberarena baino.

4 da ad. Halako egoeran edo tokian egon. Gure amona ongi da. Apaiza elizan da. Erroman izan nintzen iaz. Lehengo batean Arantzazun izana naiz.

5 da ad. (Singularreko 3. pertsonan). Aipatzen dena badela adierazi. Ik. egon1 11. Gauza onik nigan bada, jauna, zurea da. Infernuan ez da elurrik. Gose onarentzat ez da ogi beltzik. Alabatxoak pianoa jo zuen eta sekulako dantzak izan ziren.

6 da ad. (Singularreko 3. pertsonan, ezezko esaldietan, osagarritzat aditz izen bat hartzen duela). Ezin izan. Ik. egon1 12. Neke gabe ez da bizitzerik. Ez zen gibelera itzultzerik. Ez zen, inolaz ere, ihesi joaterik.

7 da ad. (Beldurra, lotsa, hotza, beroa eta kideko sentipenekin). Bero denak itzala ez du gaizto. Edaten ematea egarri denari. Ez dugu zeren ahalke izan gure hizkuntzaz. Fraideak ez ziren gose, baina bai egarri.

8 da ad. (Singularreko 3. pertsonan, eguraldiaz eta kidekoez mintzatuz). Ik. elurra izan; euria izan. Jaitsiko dira meza entzutera elurra bada ere. Bero handia zen. Hego haizea da. Euria denean estali eta haize denean babestu. Zein ilun den kanpoan!

9 da ad. (3. pertsonan, orduez, garaiez edo kidekoez mintzatuz). Barau eguna da. Uda da. Eguerdia da. Ordu biak dira. Gaua zen. Goiz da oraindik.

10 (Partizipio burutuan). Nire lagun eta adiskide izana. Ganboarren etxe izana dago mendiaren erpinean. Tolosako unibertsitateko irakasle izana. Seme bat Bilbon zinegotzi izana.

11 da/du ad. (3. pertsonan, denborazko testuinguruetan). Igaro, pasatu. Ik. dela; duela. Badira hogei urte hemen bizi naizela. Egun asko da elkar ikusi ez dugula. Hamasei bat urte dira liburua argitaratu nuela. Bi urte badu hemen dela. Sei hilabete zuen hor zela. Aspaldi du haren ezagutza dudala. Zenbat denbora du pena horietan zaudela?

12 (Aditz iragangaitzen laguntzaile gisa). Gaur etorri da. Neskame joan zen. Agertu izan balitz. || Aholkulari izendatua izan zen.

13 (Aditz iragankorren laguntzaile gisa, ekintzaren subjekturik ez dagoenean). Urre asko ekartzen zen Ameriketatik garai hartan. Erdal liburu gutxi saldu da aurten Durangoko Azokan.

14 zaio ad. (nor osagarria 3. pertsona singularrean). Ipar. Iruditu. Zer zaizue gure solasez? Zer zaizu?, emazte hori edo arras gutaz trufatzen da edo xoro eder bat da.

15 zaio ad. (nor osagarria 3. pertsona singularrean). Axola izan. Salomoni horiengatik ezer ez zitzaion, urruti zeudelako. Hiri zer zaik, esnezalearen iloba ezkontzen delako? Zer litzaizuke mundu osoa irabaztea, zure arima galtzen baduzu? || dio ad. (nork osagarririk gabe). Zuri zer dizu lagunen jardunagatik?, zuk egizu zeurea.

16 du ad. Aipatzen denaren jabetasuna edo gozamena izan. Ik. eduki1. Etxe bat izan. Diru asko du. Osasuna duenak. Eguraldi ona izan dugu azken bolada honetan. || Hiru seme-alaba ditu.

17 du ad. (Adinaz mintzatuz). Urte eta erdi du. Hogei urte zituenean.

18 du ad. (Subjektua den pertsona indartzeko edo nabarmentzeko; genitiboa edo destinatiboa hartzen duten da motako zenbait esaldiren baliokide indartu bezala erabiltzen da). Eske zetorkidana adiskide dudalako. Sarasketa jauna aspaldiko ezaguna dut. Nor duzue David hura? Gaur Pazko dugu. Berandu dugu.

19 du ad. Norbaitek beregan izan. Begi politak ditu. Ile horailak zituen. Zintzo itxura zuelako.

20 du ad. (Gauzez mintzatuz). Zuhaitzek hostoak dituztenean. Berrehun mila biztanle dituen hiria. Estalki biribila duen ontzia. Pentsabide horrek etorki jakina du.

21 du ad. Norbaitek beregan sentitu. Buruko mina izan. Sukarra du. Ez du ezertarako gogorik.

22 du ad. (Aditz iragankorren laguntzaile gisa). Bi ogi ekarri zituen. Ibaiak eraman zuen. Behar bezala azaldu izan balu. Behin eta berriro irakurria dut.

23 du ad. (nor osagarria singularreko 3. pertsonan, batez ere ezezko esaldietan, osagarritzat aditz izen bat hartzen duela). Ez dut hara joaterik izan. Ez zuen atzera egiterik.

baliteke, badaiteke Litekeena da. —Uste dut nonbait ikusi zaitudala... —Ni?, baliteke. Bai, baliteke hartu dudan bidea okerrekoa izatea. Gaixotasunak birikei eragiten die batik bat, baina badaiteke giltzurrunetan ere agertzea. Ez dakit, badaiteke.

daitekeena (da), litekeena (da) Izan daitekeen gauza da, gerta daitekeena da. Ik. posible izan. Bai, litekeena, baina... nola demostratu hori? Litekeena da Hegoafrikan erabateko gerra piztea. Oso daitekeena da pertsona horrek erailketa argitzeko adina datu izatea. Daitekeena horixe! Daitekeena al da hori?

dela (Denborazko mendeko perpausak eratuz, aditz nagusiko ekintzatik zenbat denbora igaro den adierazteko). Ik. orain dela. Gaur dela ez dakit zenbat urte. Oraindik egun asko ez dela. Denbora gutxi dela. || (Lehenaldiko testuinguruetan, zela forman). Aspaldi zela, bere amak (...). || (Pluralean, direla forman). Direla hamabost urte ikusi nuen.

direnak eta ez direnak Dena eta are gehiago. Ik. bereak eta bi. Harrezkero, direnak eta ez direnak egin ditu aurrera jarraitzeko. Direnak eta ez direnak entzun beharko ditu! || Kontatu zizkion ugazabari zirenak eta ez zirenak.

duela (Denborazko mendeko perpausak eratuz, aditz nagusiko ekintzatik zenbat denbora igaro den adierazteko). Duela berrogei urte gauza bera pasatu zen Japonian. Aspaldi ez duela. Duela gutxi. || (Lehenaldiko testuinguruetan, zuela forman). Hantxe hil nintzela zioen hilarriko testuak, 1997ko iraileko egun batean, zuela hilabete inguru. || (Pluralean, dituela forman). Dituela berrogeita hamar mende bezala diraute.

izan ere lok. Esan dena biribiltzeko, edo esaten dena esan berri denarekin lotzeko esapidea. Hala da, izan ere. Zer da, izan ere, hitzen bizia? || (izan ez den beste aditz bat duen perpaus batean). Nork edukiko dio begiramenik, izan ere, bere buruari begiramenik ez dion herri bati? Joera berriak mugagabeak mugatzen lagunduko baligu, ez litzateke laguntza makala; izan ere, argi berritze baten premia bazegoen hizkuntzalaritzan, inon bazegoen.

izan ezik Aipatzen dena salbuetsiz. Ik. salbu. Denak joan ziren, ama izan ezik. Barruan ez zegoen ezer, lau hormak izan ezik. Guztiak, ni izan ezik. Igandeetan izan ezik. Edozein hizkuntzatan, euskaraz izan ezik. Hotzik ez, gauetan izan ezik. || Nor ausart zitekeen, horrenbeste arriskuren erdian, Ulises izan ezik?

izan ondo interj. Norbaitengandik urruntzean edo idatzi baten bukaeran erabiltzen den gizalegezko esapidea. Ik. ondo izan. Eskerrik asko, Segundo; izan ondo.

izan ongi interj. Norbaitengandik urruntzean edo idatzi baten bukaeran erabiltzen den gizalegezko esapidea. Ik. ongi izan. Egun on eta izan ongi ni berriz etorri arte. Izan ongi eta laster arte!

izatekoa izan 1 (Batez ere hi haiz izatekoa eta kideko harridurazko esapideetan, norbaiten izaera berezia azpimarratzeko). Hi haiz izatekoa, hi! Sagar guztiak harrapatu dizkigu; hori da izatekoa, hori!

2 (3. pertsonako esapideetan, harridura adierazteko). Jesus, hori da izatekoa! Honen hutsa ezagutu zutenean, han ziren izatekoak!

izatekotan (ere) Aurretik adierazi dena osatzen duen esapidea, halako baldintzazko edo aurkaritzazko balioa eransten diona. (izan aditza ez den beste aditz bati ere erreferentzia egin diezaioke). Ik. izatekotz. Serioak, izatekotan ere, beste horiek dira. Halaber, gogorarazi du jardun horiek zigortzea, izatekotan ere, legeari dagokiola. Izatekotan ere, hor. Eta hori ez da niri dagokidana; zuri, izatekotan. Edonola ere, PSko hautagaiak nekez nagusituko dira lehen itzulian; izatekotan, bigarren itzulian erabakiko dira diputatu berriak. Ez genuen gaizkile itxurarik inondik ere; izatekotan ere bikote maitemindu berriaren trazak izango genituen. Izatekotan ere, beti egon den lekuan baino ez baitago bidea: abertzaleen batasunean.

izatekotz (ere) 1 Ipar. Aurretik adierazi dena osatzen duen esapidea, halako baldintzazko edo, batez ere, aurkaritzazko balioa eransten diona. (izan aditza ez den beste aditz bati ere erreferentzia egin diezaioke). Ik. izatekotan; aitzitik. Alde honetan Xanpun dugu, izatekotz, hortaz dohatua. Ez da Zuberoan sekula ikusten taulen gainean ez Jainkorik, ez Jesusik, ez Ama Birjinarik; izatekotz, zenbait aingeru eta zenbait satan. Halere, zuen amodioa ez da hautsi; izatekotz, azkartu. —Hontza ote zen hori? —Ez... izatekotz ere, gau-belea! Delako arrangura hura ttipitu ote da ala izatekotz handitu? Fraide horiek ez baitira besteak baino gutxiago kartsutasunez, baina izatekotz, sentikorrago. Gero eta mozkin gehiago? izatekotz gero eta mozkin hobeak!

2 lok. Ipar. Izan ere. Diotelarik, Korsikan berean, Frantziaren alderako atxikimenduak manatzen duela, izatekotz, ezaren alde agertzea. Jakin-minez betea zuen soa, izatekotz, lehen aldiz ikusiko balu bezala. Beste batzuek gogoan dute, izatekotz Mendekoste biharamuna.

Oharra: azken eguneraketa 2020-07-08

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper