Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=lur zuri sarrera bakarrean aurkitu da.

lur

1 iz. (L larriz eta mugatua). Astron. Gizadia bizi den planeta, Eguzki sistemako hirugarrena. Ik. lurbira. Gure planeta Lurra da. Biribila dela Lurra. Lurra Eguzkiaren inguruan biratzen da. Ilargia Lurraren satelitea da. Lurraren erdigunea. Lurraren bihotzean.

2 iz. Lurraren azala, eta, bereziki, haren zati gotorra, gizakiak eta abereak daudena (zeru eta aire-ren aurrez aurre). Ik. lehor 10. Zeruan bezala lurrean ere. Zeru-lurrak egin zituena. Hark egin baititu zeru, lur eta argizagiak. Lur, itsaso eta haizeak. Lurreko abere eta piztiak eta aireko hegaztiak. Zeruko ondasunak eta lurrekoak. Lurreko armada. Egunez lurra berotzen delako. Euskaldunen ospea lur guztira hedatzen (Ik. mundu 3). Lur honetako aberastasun igarokorrak. Lurra ikaratzen denean (Ik. lurrikara). Lur azpian (Ik. lurpe). Lur azpiko urak. Lur barnean ehortzia. Kenduko dut lurraren gainetik. Lurrera erori, jaitsi (Ik. lurreratu). Sabelaz lurra joaz ibiltzen diren abereak. Lur bedeinkatu gabean ehortzi zuten.

3 iz. Lur eremua. Lur berriak ikusteko. Venezuelako lur beroetan. Ternuako lur elkorrak lehenbiziko aldiz ikusi zituzten europarrak. Hemen egin nituen adiskideek lotu ninduten lur honetara. Lur haren jabe egiteko. || Herri lurrez jabetzeko. Eta hiltzen direnean, uka dakiela eliz lurra.

4 iz. Lurraren azalaren zati gotorra eratzen duen osagaia, eta, bereziki, osagai horren zati biguna, landareak hazteko balio duena. Lurra eta haitzak. Lurrak ematen dituen fruituak. Haziak ernatzeko lur heze emankorrak. Sustraiak lur barruan dituelako. Ardo eta gari lur jorietara. Lurra irauli. Lurrak ongarritzeko. Lur arina, azala. Hazia toki harritsuan, lur mehea zuen tokian erori zen. Lur argaleko landareak lur koipetsuko basora igaro. Gaztainondoak lur harroa eskatzen du. Lur agor edo idorretan. Baratze-lur gizenak. Haritz mota horrek nahiago du lur sakona eta buztintsua. Lur mamiari ihes eginik, harkaitza aukeratu zuen. Nafarroako lur gorriak. Lur erre eta lehorrak. Buztin lurrak eta hondar lurrak. Zingira-lur batean gaindi. Lur koloreko nekazariak. Lur landuan ereiten. Asmo berri haren erroek garai hartako giza gogoetan lur apatz eta gizena aurkitu zuten. Goldeak iraulitako lur-mokor ezkoak.

5 iz. Osagai horren hedadura, bereziki lantzeko erabiltzen dena. 600 hektarea lur. Baserri hartako lurrak aberatsak dira. Lur zelaiak onak dira laborantzarako. Lur-bazter handiak landuz. Lur puska bat erosteko. Juduen lur guztiak saldu eta emanak izan ziren.

6 iz. Osagai hori, gaitzat hartua. Lur zara, eta errauts. Lur zati bat hartu eta lehen gizonaren gorputza moldatu zuen. Zaku bat lur. Lurrez estali.

7 iz. Oinen azpian dugun gauza. Ik. zoru; zola1 3; solairu 2. Mahaitik lurrera erori zen. Lurretik jaso. Lurrean etzan. Lur hutsaren gainean egiten zuen lo.

lur agindu 1 (L eta A larriz, mugatua). Bibliaren arabera, Jainkoak Israelgo herriari aginduriko lurraldea. Aaron ez zela Lur Aginduan sartuko.

2 Irud. Gure eguneroko sufrimendua leunduko duen lur agindurik ez zaigu geratzen.

lur barren (Singularrean nahiz pluralean). Barnealdeko lurra, itsasaldekoa ez dena. Donibane eta Ziburuko kostaldean eta Sara aldeko lur barrenetan. Uharteak edo lur barrengo erresumak.

lur beltz Humus asko duen lur geruza. Ik. lurrustel. Golde muturra erraz sartzen da lur beltz gizenean.

lur emaile, lur-emaile Hilei lur ematen dien pertsona. Ik. ehorzle; zulogile.

lur eman dio ad. Ehortzi, lurperatu. Ik. lurra eman. Bere herrian lur eman zioten.

lur emate, lur-emate Ehorzketa, lurperatzea.

lur eremu, lur-eremu Hedadura jakin bat duen lur zatia. Ik. eremu 2; lursail. Bazituen Iruritan jauregi bat eta lur-eremu polit bat. Gaztelako lur eremu lauetan.

lur globo, lur-globo 1 Lurraren kontinenteak eta itsasoak irudikatzen diren esfera.

2 Lurra (planeta).

lur gose Ongarri asko behar duen lurra, gizena eta emankorra ez dena. Ik. elkor 1. Azpiko lur gosea gainera atera, eta gaineko ona azpira sartu.

lur hartu 1 Lehorreratu. Bost egunen buruan lur hartu zuten Gaeta deritzon Italiako herri batean.

2 (Hegazkinak eta kidekoak) lurreratu, lurrera jaitsi. Lur hartzeko pista. Hegazkinak hondartzan lur hartu zuen.

lur idor Lehorra, itsasoak estaltzen ez duen Lurraren zatia. Ik. lur 2. Lur idorrean edo itsasoan, gauaz edo egunaz.

lur jabe, lur-jabe Lurrak dituen pertsona, bereziki nekazaritza-lurren jabe dena. Ik. lurdun. Bederatzi lur-jabe zuri eta bi nekazari beltz hil dira istiluak piztu zirenetik. Lur-jabe handien esku, ustiatu gabe diren lursailak. Lur-jabe txikiak.

lur jausi, lur-jausi iz. Luizia. Uholde eta lur-jausien eraginez salbamendu lanak zaildu egin dira.

lur jo Behea jo, erori; hondoa jo, erabat hondatua gertatu. Ik. erreka jo; porrot egin. Egun hartan bertan etxeak lur jo zuen, baina inork ere ez zuen minik hartu. 1970-72 bitartean lur jotzeraino jaitsia zen kobrearen prezioa. Erromatarren antolamenduak lur jo zuenean. Baina Sarako Etxeberriren saio ausart hark zeharo lur jo zuen. Sozialismoa lur jota dagoela diotenak. Andrea hil zitzaionetik zeharo lur jota dago.

lur joarazi 1 Erorarazi, eraitsi. Astoak, ostikoka, lur joarazi zion, eta kolpeaz saihets bat apurtu zuen.

2 Erabat hondatu, porrot eginarazi.

lur jotze, lur-jotze Behea jotzea, erabat hondatua gertatzea.

lur lan, lur-lan Lurra lantzea. Ik. nekazaritza; laborantza. Lur-lanetan aritzea. Lur-lanerako lanabesak.

lur langile, lur-langile Nekazaria.

lur lantze, lur-lantze Lur-lana.

lurra eman 1 dio ad. Ehortzi, lurperatu. Ik. lur eman. Berak prestatutako hobian lurra eman zitzaion. Donostiako hilerrian lurra eman diote gorpuari.

2 Ondoztatu, lurreztatu.

lurreko paradisu Paradisua, Jainkoak Adam eta Eva jarri zituen lorategi atseginez betea. Lurreko paradisuan, leku plazerez betean.

lurrez 1 adb. Lurraldez, lur eremuari dagokionez. Euskarak ez du gehiegizko hedadurarik izan, ez lurrez, ez hiztunez, eta ez literatura obrez ere.

2 adb. Lehorrez, lehorreko bideak erabiliz. Urez ala lurrez alde batetik bestera gauzak eramatea.

lurrezko adj. Buztinezkoa, zeramikazkoa; lurrez egina. Lurrezko eltze batean. Lurrezko ontziak. Lurrezko eta lastozko etxeak.

lur santu 1 Hilerria.

2 (Singularrean nahiz pluralean). Kristauen artean, Jesu Kristoren bizitza eta heriotza gertatu ziren lekuak. Ik. leku santu 2. Palestina edo Lur Santua deitzen duguna. Itsasoetan urrundu zen gurutzearekin, Lur Santuei laguntza ekarri beharrez.

lur zabal Lurra, mundua. Ik. lurbira. Holako gutxi da gaur lur zabalean. Lur zabal guztia baino beste aberririk ez zuen.

lur zulo, lur-zulo 1 Lurrean egindako zuloa. Lur zulo biribil harriz jantzia izaten da karobia. Azeriak lur zulo batean zeuzkan umeak.

2 Leize-zuloa.

lur zuri Kaolina, toska. Ik. buztinzuri. Toska edo lur zuriarekin portzelana egiteko.

Oharra: azken eguneraketa 2020-07-08

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper