euskaltzaindiaren mendeurrena logoa

Historia laburra

Eusko Pizkundearen barnean (1876-1936) eta testuinguru jakin batean (Oñatiko Eusko Ikaskuntzaren Batzarreko egunetan) sortu zen Euskaltzaindia, hau da, euskara goreneko kultur baliotzat harturik, berori babestu eta sustatu nahi zen unean.

R.M. Azkue

Arturo Campion

Federiko Krutwig

1

Sorrera

XIX. mendeko hainbat euskaltzalek jada azpimarraturik zuen, lehenagotik ere, hizkuntzaren defentsarako Akademia baten premia (Ulibarri, 1832; Aizkibel, 1856; Abadia eta Duvoisin, 1862; Manterola, 1880; Artiñano, 1886), eta, hain zuzen, XX.eko lehen hamarkadetan jakitun eta herritarren elkarte batzuek eskatu zuten halako erakunde bat lehenbailehen eratzea.

Azkenik, atzerriko (Bonaparte, Van Eys, Schuchardt, Dodgson, Gavel, etab.) eta geure herriko ikertzaileek (Campion, Azkue, Urkixo, etab.) lagundu zuten asmoa, eta, aldi berean, garaiko herritarren elkarte euskaltzaleek ere (Euskal Esnaleak, adibidez). Horri guztiari esker sortu zen giro egokia hizkuntzaren Herrialde Historikoetako Herri Erakundeek Akademiaren Hizkuntza Erakundea sor zezaten.

Horretarako lehen ekimena Bizkaiko Foru Aldundian jaio zen, eta ondoren atxiki zitzaizkion asmo horri penintsulako beste lurraldeetako hiru aldundiak (1918). Horren ondorioz onartu zen lehenengo Arautegia eta Euskaltzaindia juridikoki eratu (1919ko urrian). Urtebete geroago hasi zen bere bidea egiten Akademiaren buletin ofiziala gertatu den Euskera agerkaria, Erakundearen arauak eta ikerlanak jaso izan dituena.

2

Azkue eta Krutwig lankidetzan

1919-1936

Gerra Zibilaren aurreko urteetan, bere izapidea finkatzea lortu zuen Euskaltzaindiak, eta literatur euskera batu bat sortzeko asmoari lotu zitzaion bere zereginean, nahiz eta ez zuen lortu gogo hura bide akademiko finko eta ziur batetik eramatea (1922). Garaiko lanetan, ordea, ibilera ona bete zen euskararen jakite-arloan, Azkueren irakaslanen ondorioz (Morfología vasca, 1923-1934) eta hiztunei egindako inkesta zabalaren bidez (Erizkizundi Irukoitza, 1922 eta hurr.). Horretan, Euskera ez da lekuko txarra, eta hor ikus daitezke orduko azterlanak.

1936an eta ondoko urteetan

Aurrekoetan abian jarritako jarduera hura isilarazi egin zen, harik eta Azkuek, F. Krutwig-en lankidetzarekin, 50.eko hamarkadaren hasieran, (eta ez inguru errazean), betiko lanari berriz heldu zion arte. Arautegia berritu egin zen orduan (1954), eta euskaltzain oso berriak hautatu ziren; 1956tik aurrera, Euskaltzaindiak bizitza erosoagoa izan zuen bere barne-zereginetan eta ageriko elkarretaratze eta biltzar irekietan (gerraondoko lehen batzarra: Arantzazun, 1956).

3

Zabaltzea

1956-1968

Hurrengo hamarkadak indar eta lan-molde berriak ekarri zituen: lehenik, Euskaltzaindirako lankide-belaunaldi gaztea; ondoren, ikastolen bidez euskara irakaskuntzan sartzea; euskarazko prentsaren indarberritzea; euskal hiztunen euskarazko alfabetatzea, etab.

Hizkuntzaren adierazpen idatziak ugaldu eta zabaltzeak Euskaltzaindiari bere zeregin arauemailea eguneratzea eskatu zion. Gizartearen eske horri erantzuteko bildu zen, hain zuzen Arantzazuko Batzarra (1968), hizkuntza idatziaren batasunerako oinarrizko arau sistematikoagoak (ortografian, hiztegian, morfologian, deklinabidean) eskainiko zituen bilkura. Hau guztiau 1973an osatu zen, aditz batuaren bidea ere eskaintzean.

1968-1976

Arau-sorta akademiko honi aurre eginez sortutako eztabaidak ez zuen eragotzi arauon onarpen sozialak aurrera egitea, irakaskuntzan, komunikabideetan eta administrazioan (1976-1983), urte haietan abian jarritako gobernabide autonomikoaren testuinguruan (Euskadiko Estatutua, 1979; Nafarroako Foruaren Hobekuntza, 1982).

Gaur egun Euskaltzaindiak barne-antolamendu konplexuagoarekin lan egiten du, eta lankide-talde zabalagoarekin gainera, betiere euskararen batasun-modernotzeak laguntzen ahaleginduz eta hizkuntzaren jakite-maila osoagoa bilatuz (hiztegia, euskalkiak: hizkuntza atlasa; onomastika, gramatika, literatura, ...).

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. E48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper