Euskaltzaindiaren Hiztegia

Ez da emaitzarik aurkitu forma=sorgina bilaketarentzat.

sorgin

1 iz. Herri sineskeriaren arabera, deabruarekiko hitzarmen baten ondorioz-edo, indar ezkutuen jabe den pertsona. Ik. azti 2. Akelarrera doaz sorginak airean hodei guztien azpitik, sasi guztien gainetik. Ama sorgina eta aita aztia zituen. Anbotoko sorgina erratz gainean bere bila zetorrela. Sorgin batzarra. Errenterian dauka sorginaren fama. Sorgin gaizto bat. Laminak eta sorginak. Apostoluak sorgin zahar zenbait ziren. Sorgin zulotik laguntza galdez ari da atsoa. Gure aurrekoek sorgin-kontu asko kontatu ohi ziguten.

2 adj. Emakumeez mintzatuz, maltzurra, gaiztoa. Atso sorgin, hortz-ustel, gezurtia. || (Txerazko adierarekin). Ez al dira neska gehienak sorgin samarrak? Hau ume sorgina!, laztanka jango nuke!

3 adj. Gauzez mintzatuz, liluragarria. Mahatsaren ur sorgina. Gau sorginagorik!

4 iz. Haur ipuinetan, atso itsusia, zoritxarra ekartzen duena. Sorgin ipuinak.

sorgin afari, sorgin-afari iz. Gauerdi inguruan egiten den afaria, bereziki, egun berezietan edo taldean eginiko lanen bat amaitu ondoren lagunartean egiten dena.

sorgin baratxuri, sorgin-baratxuri iz. Mahastietan eta leku hareatsuetan hazten den baratxuri mota (Allium vineale).

sorgin belar, sorgin-belar iz. Tomatearen familiako landare pozoitsua, kanpai formako lore gorri-moreak ematen dituena. Ik. belaiki2.

sorgin dantza, sorgin-dantza iz. Inauteri giroko dantza, gizonezkoek bikoteka, batzuk emakume jantzian eta besteak gizon jantzian, egiten dutena.

sorgin ehiza, sorgin-ehiza iz. Gobernu edo alderdi batek bere aurkarien kontra antolatzen duen erabateko esetsaldia. Gazteen aurkako sorgin ehiza salatu du erakundeak. McCarthy ospetsuaren sorgin ehiza.

sorgin gurpil, sorgin-gurpil iz. Gurpil zoroa. Bortizkeria sorgin-gurpil honi geldialdi bat emateko.

sorgin haize, sorgin-haize iz. Haize zirimolatsua. Abuztuko sorgin haizeak babak erabat ihartu ditu.

sorgin iratze, sorgin-iratze iz. Iratze mota (Athyrium filix-femina).

sorgin oilo, sorgin-oilo iz. Tximeleta.

sorgin-orratz iz. Burruntzia (intsektua).

sorgin-orrazi iz. Kardu mota (Carduus crispus).

sorgin txori, sorgin-txori iz. Txori txiki igokaria, gainalde arrea, azpialde zurixka eta moko luze kakotua dituena, zuhaitzetan harrapatzen dituen intsektuez elikatzen dena (Certhia sp.).

[Oharra: Hegoaldean, batez ere emakumezkoei dagokie].

sorgindu, sorgin/sorgindu, sorgintzen

1 da/du ad. Sorgin bihurtu.

2 du ad. Sorginkeriaz menderatu. Ik. xarmatu. Iñakik, nonbait, ontzia sorgindurik dauka, eta itsasoa gora eta behera ibili arren, ez du ontziak zirkinik egiten, hondoari iltzaturik balego bezala. Bihotza sorgintzen duen emakumea.

3 (Partizipio burutua izenondo gisa). Leku sorgindu bati bezalakoxe beldurra baitzion oheari. Hondartzarik zoragarrienak eta uharterik sorginduenak.

sorgingo

iz. Sorginaren antzea edo lanbidea. Ik. sorgintza. Erran zioten bazela herrian emazte bat sorgingoan zekiena.

sorgintza

iz. Sorginaren antzea edo lanbidea. Ik. sorgingo. Haietatik asko ziren, liburu gaiztoetan ikasita, sorgintzan zebiltzanak.

Oharra: azken eguneraketa 2021-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper