Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=zer edo zer sarrera bakarrean aurkitu da.

zer

1 det. (-r- bakunarekin. Galdetzailea). Izen baten aurrean, honen nolakotasun edo xehetasun ezezagun bat ordezkatzen duen hitza. (Dagokion izenak adierazten duena gauza bat edo gauza bat baino gehiago izan daiteke). Ik. zertzuk. Zer gauza dira aingeruak? Etxean zer lan egiten duzu? Zer adin zuen? Zer begiramen zor dio, bada, idazleak irakurleari? Zer gizon modu dugu andaluziarra? Zer bidetatik hara joan uste duzu?

2 (Izena ezabaturik; ordezkatzen duen izenak gauza bat edo gauza bat baino gehiago adieraz dezake). Zer da hori? Egia zer da? Zer da Jainkoa? Zer dugu hobe? Zer gehiago egin behar dugu? Batasun hori zer den jakin nahi zenuke. Izan duen harreraz, zer diozue? Zer behar duzu gehiago? Beste zer nahi duzu? Zer besterik egin daiteke? Zer egin? Zer aldatu da geroztik hona? Zer ari gara? Eta horiek gabe zer egingo du bekatariak? Zerk ikaratu zaitu? Zerk egiten du nobelagilea nobelagile gailen? Zeren beldur haiz, Herodes, erresuma galtzeko? Zeri begira zaude? Zertan ari gara? Zertara etorri da? Zertara gehiago behartzen gaitu aginte honek? Zertarako dira Jainkoak bidaltzen dizkigun gaitzak? (Ik. zertarako) Zertaz egina da krisma santua? Zertzaz erdiesten da Paradisuko loria? || (Berez galdetzen denaren aurretik). Zer, bada? Zer, ez duk Jainkoaren beldurrik? Zer, hori ere badugu? Zer, ez duk ezagutzen Piarres Adame?

3 (zer axola dio edo kidekoen ordain gisa). Aditzaren aldi horiek gaztelaniaz bereizten direla, eta guri zer? Bai, eta zer?

4 (Zehar-galderetan). Badakizu zer esan duen. Aditzera emango dizuet zer den agintzen zaigun aitortza hau. Zertan eta zergatik dauden kontra. Berrikuntza zertan datzan erabakitzeko. Zertaz ari garen jakin behar dugu aurrenik. Ez dakit zertaz mintzo zaren. Atzetik zer etorriko, beldur dira. Guztiok aurkituko dugu han zer ikasi. || Ik. zeregin; zeresan; zerikusi. Europan bertan badaukagu zer ikasia ugari luzarorako. Zer-erantzun handia duela halakoak. Zer-jana ahitu zitzaielako.

5 (Harridura adierazteko). Ik. zein 7. Zer bihozmin ama haientzat! Zer zoriona, zer goxotasuna, zer bakea! Zer eztarria! Zer gazteria ederra! Zer itsuskeria! Zer polita den! A!, zer ona zaren! O, Jauna, zer gaizki egin dudan! || Zer kalte, zer bidegabe ez diot egin neure buruari!

6 iz. Gauza, izakia. Munduko zer bakoitzari zor zaiona aitortu behar zaiolako. Bihotzondoa badu; egiazko lirikoa osatzen duen zera, ordea, euskaraz geroztik agertu den zer berezi hori, falta zaio. Euskal historia zertu gabeko zeren linboan-edo dagoela. Lizardik, zerak nortzean, izan du bere eredua. Bizi honetako zerek ez gaituzte asetzen. Euskal Herria maite uste dugunok ez ditugu maite horrenbestez neurri berean Euskal Herrian diren edo izan diren zer guztiak. Zerbaiten alde jokatu dut beti eta arrisku berriak ikusten ditut orain maite ditudan zer horientzat. Gure zeretan ez duzu ikustekorik.

zer edo zer Zerbait. Aipatzen dira, zer edo zer esaten zaigu haiei buruz, eta ezerezak jaten ditu. Gerta liteke, zer edo zer, gatz pixkaren batekin esatea. || Zer edo zertan hasi beharko du. Zer edo zeren susmoa laster hartu nuen. Zer edo zerekin estali behar dutela beren alferkeria.

zer ere 1 (Perpaus erlatibo baten hasieran, aditz jokatuak bait- hartzen duela, hura-ren saileko erakusle batekin edo kideko batekin korrelazioan). Zer ere manatu baituzu, hura egin da. Zer ere on baituzue, oro dira eneak. || Zer ere ereinen baitu gizonak, eta hura bilduko du.

2 (Perpaus txertatu baten hasieran). Betiere gure salbamenduagatik egiten du, zer ere uzten baitu guri gertatzera.

zer esanik (ere) ez Esan beharrik ez dago. Tabernariak, zer esanik ez, ez du horrelako sasi-hizkuntza bat ikasteko ez gogorik ez asmorik. || Hark, zer esanik ez dago, lehengo lepotik edukiko du orain ere burua. Bihotza zenbateraino zabaldu zuen, zer esanik ez da; baina, atsekabez bete zitzaion.

zer gerta ere Badaezpada. Hik ere hobe dun hemen gelditu, zer gerta ere. Nahi izan zituen, zer gerta ere, hiltzerako eginbideak bete.

zer-nola 1 adb. Nola. Zure etorkizuna zer-nola ikusten duzu?

2 adb. (Zehar-galderetan). Timoteo bidali nizuen zuen sinesmena zer-nola zebilen jakiteko. Hasitako gertakizuna zer-nola amaituko itxaron gabe, beren bideari jarraitu zioten.

zer-nolako adj. Nolakoa. Ordutik hona, zenbat eta zer-nolako liburuak agertu diren euskaraz! Premiazkoa da iritzi-jokabideok zer-nolakoak ziren finkatzea. Ai, zer-nolako kirtenak! || (Izen gisa). Nire lanaren zer-nolakoa, luze-laburra eta zertarakoa.

zertan 1 (Galdetzailea; izan, egon eta kideko aditzekin). Zer egoeratan? Gure lanak zertan diren aztertzeko. Sos batengatik, horra zertan garen! Zure gurasoak hil zirela badaki; zu zertan zauden jakin nahi luke.

2 (Galdetzailea). Zergatik? Baina, zertan sartzen haiz hi horrelako istiluetan? Zertan joan zinen bakarrik?, zertan utzi ninduzun arima herratua bezala?

3 (Erlatibozko esaldiak eratuz, ez dago zertan eta kideko esapideetan, era burutu baten ezkerrean). Ik. zergatik 3. Ez dago zertan larritu. Mendira zertan joanik ez daukat. Ez dago zertan hasi norgehiagokan.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper