Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=omen 3 sarreratan aurkitu da.

omen1

1 Hiztunak, aditzera ematen duenaren berri, entzunez —ez ikusiz— jakin duela adierazteko erabiltzen duen partikula. (Aditz laguntzailearen eta era trinkoen ezkerrean ezartzen da). Ik. ei. Alde ederra omen dago, dakitenek diotenez, batetik bestera. Lau urte hauetan ez omen da kanpora irten. Beste eleberri bat egiten ari omen da. Horretaz mintzatuko naizela uste omen dute. Bizkaiko hitza omen da "durdua". Ba omen dator. Honelako zabarkeriak gertatu ohi omen dira handikien artean ere. Ezin omen du jarraitu. Hain bide luzea egiteko berandu omen dela eta. Gazteek ez omen dituzte gure alde onak ikusten.

2 (Esaldiaren bukaeran). Batez ere Ipar. Berant ibili dira omen. Eta istorioak dio biharamunean bi neskatoak etxetik kanpo zirela... eta ez moltsak hutsik omen! Hiru egun eman zituen, omen, haiek utzi hondarren milikatzen. Eta penitentzia guti baten truke, omen, barkatu dio jaun erretoreak ere.

3 (Aditza ezabaturik). Jas. Munduan ez omen halakorik. Mutila, gainera, nola ez?, bihurria eta edozertarakoa omen. Ametsak, Homerok zioenez, bi ate ditu; zeruak, berriz, eta Xenpelar hartzen dut lagun, hamabi omen. Bururik ez duenak txapel beharrik ez omen.

omen2

iz. Ospea, fama, izen ona. Ik. entzute. Euskal literaturaren oroitzapenak lurrean diraueno ez da noski itzaliko haren izena eta omena. Ez dabil omen eta ospe hutsalaren ondotik. Kendu zaion omena edo ohorea bihurtzea. Frantziaren omena berriz goratzeko. Haren omena urrun da hedatzen. Hona omen handiko beste azkaindar bat: Martin Hiribarren. Aita Clement, kaputxino omen handikoa. Betiereko omena.

omenez (-en atzizkiaren eskuinean). Omentzeko, omenaldia egiteko. Iaz Loramendiren omenez Bedoñan egin zen jaialdian. Jon Bilbaoren omenez argitaratu duten liburuan.

omenezko adj. (-en atzizkiaren eskuinean). Norbaiten omenez egindakoa. A. Irigaray jaunaren omenezko liburuan. Senar-emazte berrien omenezko bertsoak.

amen-omen iz. Esamesa. Amen-omenek belarrietara ekarri digute euskal herrixka batean egun hauetan gertatu den bitxikeria hau.

amen-omenka adb. Aburumenka, iritzira. Alferrik ari gaituk gai honetaz amen-omenka.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper