forma=nagusi 29 sarreratan aurkitu da.

nagusi

1 iz. Etxeko burua; zenbait erakunde edo talderen burua; lantegi edo fabrika bateko jabea; jabea. Ik. ugazaba. Non dira orainokoan zerbitzatu dituzuen jaunak eta nagusiak? Baserriko nagusi gaztea. Morroi haren nagusia etorri zenean. Nagusien eta langileen arteko gorabeheretan. Gure lantegiko nagusia gizon ona da. Zerbitzari batek ezin bi nagusi zerbitza ditzake. Nagusiak agintzen baitu. Fraide-etxeko nagusia. Gazteluko nagusi jaunak. Ontzi-nagusiak agindurik. Txakurrak ere abiatu ziren beren nagusien ondotik. Ez nagusi, ez mutil.

2 iz. (Artikulurik eta kasu markarik gabe). Ilobak dauzkat nagusi, indarrak joan ihesi, honez aurrera horien mendean beharko dut bizi. Kanpokoak nagusi eta etxekoak morroi agertzen zirelako. Nagusia etxetik kanpo, mutilak nagusi. Errusian boltxebikeak nagusi egin zirenetik hona. Hartzen duzu deabrua zure nagusi, eta ahalke zara haren mutil zarela esatera. Lehen sartu zitzaizun ezpata zorrotza, zure etxe-nagusi jartzean arrotza. Gizona emaztearen jaun eta nagusi izateko. Geure bizitzaren jaun, jabe eta nagusi bagina bezala. Hala eta guztiz ere, irakurlea da nagusi, inor izatekotan, eta idazlea zerbitzari. Nork bere sailean nagusi behar du izan, eta bestearenean mirabe. Bego hori guztien nagusi.

3 iz. (Artikulurik eta kasu markarik gabe, gauza abstraktuez mintzatuz). Dakienak daki nolako giro negargarria genuen nagusi zenbait "Euskaltzaleen biltzar" zirelakotan. Gogorkeria izan omen da nagusi arazo honetan gure artean. Ausardia dute nagusi, nasaikeria adiskide, indarra lege.

4 (Artikulurik eta kasu markarik gabe). Garaile, gailen. Nor atera zen nagusi? Berdintasuna gerta dadin nagusi. Artoaren aldean garia nagusi, ogi gabe gizonik ondo ez da bizi. Askok espero zuten frantsesa nagusi, baina azpeitiarrak dio irabazi. Toki batean ageri da nagusi gales hizkuntza: elizan.

5 iz. Ipar. Maisua. Ik. ofiziale; kontramaisu 2. Ikaslea ez da bere nagusia baino gehiago. Hargin-nagusia eta hargin-mutilak.

6 adj. Garrantziaren, gorabeheraren arabera lehena dena. Meza nagusia. Herriko plaza, kale nagusia. Aldare nagusian. Donostiako Aste Nagusia. Euskal Herriko errepide nagusietan. Errenteriar batek bazituen bi sorterri: sorterri nagusia eta sorterri txikia. Orixeren poema nagusian. Jakinduriaren oinarri nagusia. Gure fedearen misterio nagusiak. Euskaltzaindiaren egiteko nagusia euskararen batasuna da. Perpaus nagusia eta mendekoak. Gipuzkoako Batzar Nagusiak. || Hotel dotore bateko atezain nagusi izendatu zuten.

7 adj. Batez ere Bizk. Adinez lehena dena. Seme nagusiarentzat. Anaia nagusia.

8 adj./iz. Adinez heldua. Pertsona nagusien artean. Nagusiek ere irentsi ezineko liburuak dituzte gure haurrek.

9 adj. Larria, handia. Lagun hurkoari egin diozun kaltea nagusia edo handia bada. Gauza nagusi edo larrian.

nagusi-etxekoandre pl. Etxeko jauna eta etxekoandrea; etxeko jaunak eta etxekoandreak. Zaharrak eta nekatuak aurkituko dituzu Azkarragako nagusi-etxekoandreak. Morroiek nahi dute nagusi-etxekoandreak bezala bizi.

nagusi-langile pl. Nagusia eta langilea; nagusiak eta langileak. Zein dira nagusi-langileen arteko haserreen iturburuak?

nagusi-morroi pl. Nagusia eta morroia; nagusiak eta morroiak. Holako eta holatsuko solasetan pasatu zuten gaua nagusi-morroiek.

nagusitan adb. Heg. Helduaroan. Ik. handitan. Nagusitan zer izango zara?

abade

1 iz. Gizonezkoentzako monasterio bateko burua. Paulo, abade zahar hura. Leireko abadea.

2 iz. Bizk. Apaiza. Abade jauna. || Esr. zah.: Nolako elizalde, halako abade. Abadearen lapikoa, txikia baina gozoa.

abade egin Bizk. Apaiz egin. Alargundu eta gero, abade egin zen.

abade etxe, abade-etxe Bizk. Apaizetxea.

abade nagusi Bizk. Apaiz nagusia, apaizburua.

aditz

1 iz. Hizkl. Ekintza, egoera edo gertaera bat adierazten duen hitza, bertan gauzatzen diren denbora, pertsona eta abarren arabera aldatzen dena. Aditza eta izena. Euskal aditza. Aditz iragangaitza, iragankorra. Aditza orainalditik lehenaldira aldatu. Aditza jokatu.

2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Aditz morfologia. Izen sintagmak aditz sintagmen barnean egon daitezke, eta aditz sintagmak izen sintagmen barnean.

aditz izen, aditz-izen Hizkl. Izenaren funtzioa bete dezakeen aditz forma ez-jokatua, -t(z)e atzizkiarekin eratzen dena. Aditz izenetako morfemetan ez da erabateko batasunik.

aditz joko, aditz-joko Hizkl. Aditz batek hartzen dituen formen multzoa.

aditz laguntzaile Hizkl. Funtzio gramatikal hutsa duen adizkia. Aditz laguntzaile batuaren ezaugarririk esanguratsuenak.

aditz nagusi Hizkl. Aditz laguntzaileaz jokatzen diren aditzetan, esanahiaren eta aspektuaren berri ematen duen atala.

aditz trinko Hizkl. Aditz laguntzailerik gabe jokatzen den aditza.

ahaide

1 iz. Norbaitentzat, bere familiako beste norbait. Ez gara haien ahaideak. Senideak eta gainerako ahaideak. Ahaideak eta adiskideak. Ahaide hurbila, hurkoa, handia. Ahaide txikia. Aberatsa ahaide handi egin, pobrea ahaide txiki. Haginak hurrago ahaideak baino (esr. zah.).

2 iz. Zerbaitez mintzatuz, harekin loturaren bat edo jatorri bera duen beste zerbait. Euskararen ahaideak. Esaera horiek, hizkeraz, Refranes y Sentencias-ekoen ahaide hurbilak ez ezik, senideak dirudite.

Ahaide Nagusi Batez ere pl. Erdi Aroko Euskal Herrian, leinu baten burua. Ahaide nagusien arteko borrokak.

ahaldun

1 adj./iz. Ahaltsua, ahala duena. Jainko Jaun guztiz ahalduna (Ik. ahalguztidun). Errotaren jabeak herriko ahaldunak ziren.

2 iz. Ordezkari bezala aritzeko, esku ematen zaion pertsona. Ahalduna arduratu zen eroste agiria sinatzeaz.

3 iz. Diputaziorako hautaturiko ordezkaria. Ik. diputatu 2; foru diputatu. Arabako Diputazioko ahaldunak. Ahaldun atera.

ahaldun nagusi Diputazio bateko burua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren 25 urteko historian sei ahaldun nagusi izan dira.

aita

1 iz. Seme edo alaba bat edo gehiago dituen gizona. (Pertsona jakin eta ezagun bat adierazten duenean, izen bereziek erabiltzen duten kasu marken sistema bera erabiltzen da gehienetan). Aita bihurtu. Aita izan. Bi semeren aita da. Patxiren aita.

2 iz. Ume bat edo gehiago sorrarazi dituen animalia arra. Bost txorikume zituen, aita eta amarekin, zazpi.

3 iz. (A larriz). Hirutasun Santuko lehen pertsona. Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren izenean: Aitaren egitean edo bataioan esaten diren hitzak. Gure Aita (edo Aita gurea), zeruetan zarena. Aita ahalguztiduna. Elizak nahi du Aita betierekoa otoitz dezagun. Aita betikoaren Seme bakarra.

4 iz. Erlijioso apaiztuei ematen zaien titulua. Aita Eztebe Materre-ren liburua. Mitxelena aita frantziskotarra.

5 iz. Zerbaiten sortzailea. Haydn, sinfoniaren aita. Soroa da euskal teatro berriaren aita.

aita-alaba pl. Aita eta alaba; aita eta alabak. Aitona eta aita-alabak afaltzen ari ziren sukaldean.

aita-ama pl. Gurasoak. Aita-ama hoberenak bakoitzarenak.

aita-amabitxi pl. Aitabitxi-amabitxiak.

aita-amaginarreba pl. Aitaginarreba eta amaginarreba. Alabarik maitagarriena bezala hartu zuten aita-amaginarrebek.

aita-ama ponteko pl. Aita pontekoa eta ama pontekoa. Aita-ama pontekoen oparia.

aita besoetako Aitabitxia (bataiokoa). Aita besoetakoak seme pontekoen zaintzaile dira.

aita familiako Familia bat bere ardurapean duen gizona. Bere aita familiako eginbideari lotua zegoen.

aita nagusi Komentu bateko burua. Badakigu Añibarro aita nagusi izana zela Burgosko komentu batean.

aita ponteko Aitabitxia (bataiokoa). Aita pontekoak haurra besoetan hartzen du.

aita-seme pl. Aita eta semea; aita eta semeak. Arbi jorran aita-semeak ari zirela, honela hasi zen semea: (...). Aita-semeak elkarturik egotea nahi du baserritarrak.

aita usteko Aitaordea. Jaungoikoaren amaren senarra eta haren aita ustekoa.

alaba

iz. Emakumezkoa bere gurasoentzat. Aitak edan lehenik, gero semeek, adin arau, lerroan, gero alabek, azkenik amak. Bost bat egun kanpoan, oporretan, eman ditu alaba zaharrenarekin. Alaba bakarra zen, gaizki ohitua. Ama-alabak elkarri begira gelditu ziren. || Esr. zah.: Nolakoa baita ama, halakoa ohi da alaba. Alaba ezkon ezak nahi denean, semea ordu denean.

alaba besoetako Alababitxia.

alaba gehien Ipar. Alaba nagusia.

alaba nagusi Alaba zaharrena. Ik. alaba gehien; prima1 1. Alostorreko alaba nagusia.

alaba ponteko Alababitxia.

seme-alaba pl. Semea eta alaba; semeak eta alabak. Ik. senide; haurride. Seme-alaba aski haziak dituzte. Bederatzi seme-alabarekin. Bere seme-alabez inguraturik.

aldare

1 iz. Jainkoei opariak eskaintzeko harria edo leku jasoa. Aldare bat egin. Baal-i aldarea jaso zioten.

2 iz. Meza ematen den mahaia, berez harrizkoa. Albo aldareak. Ermitako aldarea. Aldarean eskaini. Aldare aurrea. Aldare aurreko mailak. Aldare-jantziak. Aldarera lehen aldiz igo: Lehen Meza eman.

aldareko sakramentu Eukaristia. Aldareko Sakramentu guztiz santuan.

aldare nagusi Aldare nagusia eta albokoak. Aldare nagusiaren aurrean belauniko dagoenean. Aldare nagusiaren oinetan. Senarrarekin ez denean, aldare nagusia bezala apaindurik badoa kanpora.

ama

1 iz. Seme edo alaba bat edo gehiago dituen emakumea. (Pertsona jakin eta ezagun bat adierazten duenean, izen bereziek erabiltzen duten kasu marken sistema bera erabiltzen da gehienetan). Ama bihurtu. Ama izan. Hiru seme-alabaren ama da. Gure amak zaindu zuen haurra. Ama Joakinak esaten zuen hori. Amaren gonapetik irten gabeko umea. Nolakoa baita ama, halakoa ohi da alaba (esr. zah.).

2 iz. Ordena batzuetako mojei esateko era. Ama Sorazu zumaiarraren bizitza.

3 iz. Ume bat edo gehiago dituen animalia emea. Animaliak badoaz bere amen ondotik. Bost txerrikume bere amarekin.

4 iz. Iturburua, jatorria. Lana da bertute guztien ama. Bizio guztien ama.

ama-alaba pl. Ama eta alaba; ama eta alabak. Ama-alabak elkarri begira gelditu ziren. Berdinak zarete ama-alabak!

ama besoetako Amabitxia (bataiokoa). Neure ama besoetakoaren izena jarri zidaten bataioan.

Ama Birjina Mariari, Jesusen amari, ematen zaion izena. Ik. amabirjina. Arrateko Ama Birjina.

Ama Birjina Abuztuko Abuztuaren 15a, Ama Birjinaren Jasokundea ospatzen den eguna. Ik. andremaria. Ama Birjina Abuztuko, urtean bi aldiz balitz!

ama eskola, ama-eskola Eskolaurrea. Ama-eskolan, 2 urtetarik 6 urte artekoak, 63 haur dira. Eskoletako liburuak dira, ama-eskolako eta lehen mailako ikasleentzat eginak.

ama esne, ama-esne Amaren esnea, bereziki gizakiona. Gizakion ama-esnea gozoa da, gainerako animaliena ez bezala. Behi-esneak hiru aldiz proteina gehiago dauzka ama-esneak baino.

ama familiako Familia bat bere ardurapean duen emakumea. Berrogei urteko ama familiako gaztea.

ama hizkuntza, ama-hizkuntza Umeak, berez, lehenik ikasten duen hizkuntza. Erakundeetara jotzean, ama hizkuntzan aritzeko eskubidea dute.

ama nagusi Moja-komentu bateko burua. Ama nagusiak komentuko sukaldariari hots egin zion.

ama ponteko Amabitxia (bataiokoa). Nire ama pontekoa izeba Miren da.

ama-seme pl. Ama eta semea; ama eta semeak. Hartu zituen ama-semeak eta Israelera etorri zen. Ama-semeek ezin izan zuten elkarrekin hitz egin.

apaiz

1 iz. Erlijio katolikoan, meza emateko eta aitortzak entzuteko esku duen gizonezkoa. Ik. abade 2; apez. Apaizari deitu zion, hilzorian baitzegoen. Apaiz jantziak. Apaiz jauna. || Esr. zah.: Apaizak azken hitza bere. Apaiza eta odolkia, egiten diren bezalakoak izaten dira.

2 iz. Edozein erlijiotan, batez ere Itun Zaharreko, Greziako eta Erromakoetan, opariak eta gainerako ospakizunak egiteaz arduratzen den pertsona. Jupiter jainko gezurrezkoaren apaiza. Apaiz pagano bat.

apaiz egin Apaiztu. Horretarakoxe egin zen apaiz: gizon-emakumeak salbatzeko. Apaiz egin eta urtebetera, neure parrokiara bidali ninduten.

apaiz nagusi 1 Jerusalemgo tenpluko apaizen burua. Ik. apaizburu. Kaifas apaiz nagusiarengana eraman zuten.

2 Apaizen burua. Amon Ra-ren apaiz nagusia, Tebasko faraoiaren irudira sortu zen.

apaiz sagar, apaiz-sagar Anis sagarra.

artzain

1 iz. Ardiak zaintzen dituen pertsona. Gaztetan artzain ibili zen. Artaldeak artzainari jarraitzen dio. Artzain makila, artzain txabola. Ameriketako artzainak. Artzainaren emaztea arratsean eder (esr. zah.).

2 iz. Arimen ardura duen pertsona, apaiza; Eliza protestanteetako ministroa. Elizako artzain eta kide guztiak saia daitezela beti gizadi osoa Jainkoarengana gerturatzen.

artzain joko, artzain-joko Artzainen jokoa, sei harritxorekin jokatzen dena.

artzain mutil, artzain-mutil Artzainari laguntzen dion mutila. Artzain-mutil motz zeneko egunetan bezain gogotsu jardun zuen gero ere. Uda batez artzain mutil egona zen.

artzain nagusi Artalde baten artzainen burua. Artzain morroiak, artzain nagusia ez denak, ardien jabe ez denak, otsoa datorrela ikusten duenean, ardiak utzi eta ihes egiten du.

Artzain On Erl. Jesu Kristo. Zeruko Artzain Onak har dezala bere ondoan.

artzain txakur, artzain-txakur Artaldeak zaintzen dituen txakurra. Ik. ardi txakur.

artzain-txakur aleman Jatorriz Alemaniakoa den artzain txakur arraza; arraza horretako txakurra, gaur egun, bereziki, zaintza- eta polizia-lanak egiteko erabiltzen dena. Lotuta bizi diren bi artzain-txakur aleman beltzek egin didate harrera.

artzain-zaku Azaren familiako belar landare tentea, fruitutzat bihotz itxurako zorrotxo moduko batzuk ematen dituena, soro eta larreetan ugari hazten dena (Capsella bursa-pastoris).

euskal artzain-txakur Euskal Herriko artzain-txakur arraza; arraza horretako txakurra, artaldeak gidatzeko eta zaintzeko erabili ohi dena.

aste

1 iz. Zazpi egun hurrenez hurrenekoren saila, igandetik larunbatera (ohiko erabileran astelehenetik igandera) doana. Astea ongi hasi. Baietz astea gaizki bukatu. Datorren astean. Egunetik egunera eta astetik astera. Astearen amaia.

2 iz. Zazpi eguneko epea. Uztaileko lehen astean. Duela bi aste idatzi nion. Astean behin.

3 iz. Jaieguna ez dena, laneguna. Jai eta aste. Astean lanean eta igandez elizan. Jakin gabe noiz zen gaua eta noiz eguna, noiz aste eta noiz jai.

astean-astean adb. Bizk. Astero. Astean-astean egiten du agertu bat gurasoen etxera.

aste barru, aste-barru (Leku-denborazko atzizkiekin, singularrean). Asteko lanegunek osatzen duten denbora-bitartea, gaur egun, eskuarki, astelehenetik ostiralerakoa dena. Ik. astegun. Aste barruan Bilbon egoten da. Aste-barruan gogor lan eginik. Aste barruan (...) eta asteburuetan (...).

aste bukaera, aste-bukaera Asteburua. Ostirala zen eta aste bukaeraren atarian zeuden. Aste bukaeretan lan egin behar duenak ez du aisialdirako aukera handirik.

Aste Nagusi Zenbait hiritako festa-astea, urteko aste jakin batean ospatzen dena. Bilboko Aste Nagusia abuztuaren 14an hasiko da aurten.

Aste Santu Kristau erlijioan, Erramu igandean hasten eta Pazko igandean bukatzen den astea, Jesu Kristoren nekaldia eta piztuera ospatzen dena. Aste Santuko elizkizunak. Aste Santuko oporraldia.

auzitegi

iz. Lurralde jakin bateko auziak erabakitzen dituen epaimahaia; epaimahai hori dagoen eraikina. Juduek hiru auzitegi mota bazituzten. Burdinetan daukazuen gizona eramazue hamar orenetan auzitegira. Udal auzitegia.

auzitegi goren Justizia-organo gorena. Nafarroako Probintzia Auzitegiaren sententzia Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen. Auzitegi Gorenaren erabakia.

auzitegi mediku, auzitegi-mediku Epaitegi bati atxikia dagoen medikua, auzi kriminal eta zibiletan aditua dena eta pertsona baten heriotzaren arrazoiak argitzen dituena. Hilketaren argibideak amaitzean, auzitegi medikuaren zain zeudela esan zuen Mikelek.

auzitegi nagusi Espainiako estatuan, autonomia-erkidego bakoitzeko erakunde judizialaren maila gorenean dagoen auzitegia. EAEko Auzitegi Nagusiak manifestazioa baimendu zuen.

lan auzitegi, lan-auzitegi Langile eta enpresen arteko auziak erabakitzen dituen auzitegia. Lan auzitegiak ebatzi du ez zela arrazoirik langilea kaleratzeko. Leclerc-eko nagusia galtzaile lan auzitegian.

batzar

iz. Bilera, bereziki erakunde jakin batek dagozkion arazoei buruz hitz egiteko eta erabakiak hartzeko aldian-aldian egiten duena; horrelako bilera bateko lagunen multzoa. Ik. buru-batzar. XVIII. mendearen hasiera arte hemen bildu zen Gipuzkoako batzar berezia. Batzarra egin. Apaiz nagusiek batzarra bildu zuten. Batzarrean bildu ziren. Batzar aretoa. Batzar agirian bileran gertatutakoa eta hitz egindako guztia gorde zen. Unibertsitate batzarra.

batzar etxe, batzar-etxe Probintziako ordezkariak biltzen diren etxea. Gernikako batzar etxea.

batzar gela, batzar-gela Batzarrak egiteko gela. Batzar gela batean bildu ziren teknikariak eta kazetariak.

Batzar Nagusi pl. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-erakunde legegile nagusia, Foru Aldundiaren jardueren kontrola eta jarraipena egiten duena eta haren ahaldun nagusia aukeratzen duena. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusiak.

batzar orokor Zenbait elkartetan, elkartearen jarduerarako oinarrizkoak diren erabakiak hartzen diren batzarra. Bankuko akziodunen batzar orokorra.

buru

1 iz. Gizakiaren edo animalien gorputzaren goiko edo aurreko zatia, ahoa eta zentzumenak kokaturik daudena. Zezen burua. Burua estaltzeko. Adarrak, zenbait gizasemeren buru-kopetak zinetan eta benetan apaintzen dituzten edergarri horiek. Burua (apustu) egingo nuke berandu heltzen dela. Buru gaina. Burt Lancaster buru-urdinak. Gizon buru-luzea. Gizon iletsu buru-beltza.

2 iz. (Esapideetan). Inori burutik behera kaka egin: iseka larria egin. Norbaitek burua lehengo lepotik, betiko lepotik izan: iritzietan, ohituretan ez aldatu. Zerbaitek bururik ez hankarik, bururik ez buztanik ez izan: zentzugabea, itxuragabea izan. Jakinduriaz eta sakontasunaz diozunak ez du ez bururik ez zentzurik. Besteren buruan zentzatu, ikasi.

3 iz. Burua adimenaren eta oroimenaren iturburutzat hartua. Bihotz euskaldunaren eta buru erdaldunaren arteko borroka amaigabea. Haizea buruan eta ibili munduan; joan bazen, joan zen; ez lanerako eta ez ezertarako. Buru-loka izan: buruarina izan. Buru gogorra duen gizona (Ik. burugogor). Gaizki egin dudala ezagutzeko adina buru badut. Norbaitek buru argia izan. Urrestarazu jaunaren adorea, kemena, buru jantzia eta bihotz kartsua. Norbaitek buruan gatza izan: buruargia izan. Burua oso duenak: zoraturik ez dagoenak. Buruak huts egiten ez badit. Filologoarentzat zail eta buru-nekagarri izan ohi diren hitzak. Buru-berotzaileak.

4 iz. Gauzaki baten mutur zabala edo biribila. (punta-ren aurrez aurre). Ik. buru orratz. Iltze, torloju baten burua. Orratz buru-zuria.

5 iz. Hainbat gauzaren muturra. Mahaiaren buruan zeudenak (Ik. mahaiburu). Titiaren burua (Ik. titiburu). Zoazte bide buruetara. Haritzaren buru orritsuan.

6 iz. Zerbait bukatzen den gunea. Errotik bururaino ezagutu. Buru batetik bestera, dena da ongi aukeratua eta egoki euskaraz emana. Etxe bat gaitza, ordoki baten buru-buruan. Urtearen bururaino.

7 iz. Buruzagia. Elizaren burua. Leinu santu haren buru egin zuen. Provenzano 1933an jaio zen Sizilian, eta mafiako buru nagusietako bat izan da.

8 iz. Buruxka. Ik. galburu; artaburu. Bihiak ereiten eta buru beteak biltzen.

9 iz. Hainbat landareren hosto zabalek osatzen duten bilduma biribil antzekoa. Ik. azaburu.

10 iz. Zerbait hasten den gunea. Ik. izenburu. Hitz buruan maiz aurkitzen da b-, d-, g-/p-, t-, k- aldaera.

11 iz. Kapitulua. Liburuaren laugarren burua. Legearen lehen burua, zazpigarren atala.

12 iz. Aziendaz edo jendeaz mintzatuz, banakoa. Bi mila, bi mila eta bostehun buru izaten ditu artalde bakoitzak.

13 iz. (neure, zeure, bere eta kidekoen eskuinean, aditzaren era bihurkaria gauzatzeko erabilia). Jonek bere burua hil du. Bere burua bota du zubitik behera. Erantzi soinekoa eta han bota nuen neure burua uretara. Geure buruaren jabe gara. Ez da hizkuntza bere buruaren jabe, besteren mirabe baizik. Zeuen buruak salduz. Bere burua eta Barthes aipatzen ditu liburu horretan. Geure buruen kaltean egin dugu hori. Zeure burua zeure eskuko zenuenean. Zeure burua erakusteagatik egin ohi duzun hainbat gauza.

(bere...) buruaz beste egin (Bere...) burua hil. Bere buruaz beste egin du, etsipenez.

burua agertu Azaldu; nabarmendu. (bere eta kidekoekin nahiz gabe erabiltzen da). Erizain batek burua agertu zuen atetik. Ez zuen bere burua aitaren aurrean agertu nahi. Lebita eta ginbail ederrik badu etxean baina ez du bere burua agertu nahi izaten.

burua altxatu 1 Burua gorantz higitu. Ikusten zuen nola zerbait idazten zuen burua altxatu gabe.

2 Harro azaldu, nabarmendu. Euskaldun den gizon orok altxa beza burua.

burua apaldu Burua makurtu. Bazterka so egiten zidan halako irri maltzur batekin eta burua apaltzen zuen. Burua apaldurik zebilen. Ez bururik apaldu inongo jaunekin.

burua arindu 1 Kezkak eta nekeak arindu. Joan zen behin ehizara, burua arintzera.

2 Buru gaitasuna galtzen hasi. Gauza onik ez dago zahartuz gero: burua arindua eta odola bero.

burua azaldu 1 Burua erakutsi. Burua azalduko dut, sator zulotik bada ere. Atea jo eta burua azaldu zuen, irribarretsu.

2 (neure, zeure, bere eta kidekoen eskuinean). Norbaitek bere burua ezagutarazi. Komunikazio grafikoan dabiltzanek euren burua azaltzeko modu bat ere izan daiteke. Munduaren aurrean herri gisa geure burua azaltzea ahalbidetu izan dutenak.

burua bat egin Bizk. Norbaitekin elkar hartu, bereziki azpilanean aritzeko. Ez dut nahi nik burua bat egin zuekin, ez eta zuen antzeko beste batzuekin ere.

burua beheratu Burua makurtu. Jesusek bere burua beheratzean, borreroari egin zion keinua. Gaizki egin ote dut, zuen goratzeko ene buruaren beheratzea.

burua berotu 1 Burua hautsi. Gutxi dira Jaunaren borondatea ezagutzeko burua berotzen dutenak.

2 Norbait zerbait egitera bultzatu. Ik. kaskoa berotu; haize eman 2. Nire semeari burua berotu diozu, niri dirua lapurtzeko.

burua erakutsi Burua agertu. (bere eta kidekoekin nahiz gabe erabiltzen da). Jesusek erakusten duenean bere burua arantzez inguratua. Eraztunez josia eta erdara harroa dariola dabil, hor zehar, bere burua erakutsi beharrez.

burua galdu Zentzua galdu, zoratu. Horrek nauka bada burua galdurik. Zahartu zenean, burua erdi galdu zitzaion.

burua gora adb. Harro, harrotasunez. Burua gora itzuli zen bere herrira.

burua hartu 1 Buruzagitza hartu. Sarkozyk eskuinaren burua hartu du.

2 Lasterketez, sailkapenez eta kidekoez mintzatuz, lehenengo lekuan jarri. Kortaren mutilek estropadaren burua hartu dute, eta Bizkaiko txapelketa irabazi dute. Sailkapeneko burua hartu zuen Baskoniak.

3 (Batez ere burua hartua izan esapidean, 'burua erabat pentsamendu edo ideia batek betea izan' adierazteko). Erabat burua hartua eta bere liburuen gezurretan blai-blai egina zegoen. Pentsaketa horretaz burua hartua dago.

burua hautsi 1 Burezurra hautsi. Azpijokoren bat egiten saiatuz gero, burua hautsiko ziotela mehatxu egin zioten.

2 Zerbaiti buruz behin eta berriz pentsatu, zerbaiten inguruan hausnartu edo kezkatu. Zuk oraindik ez duzu bururik hautsi arimaren onari dagozkien gauzetan. Hori horrelaxe izan dela jakiteko, burua hautsi beharrik ez dago.

burua jaso 1 Burua gorantz higitu. Jesusek burua jaso eta esan zien: (...).

2 Beheralditik atera, adoretu. Zorrez beteta, bururik jaso ezinda. Burua jasorik ibili. Euskal Herriak gehiago burua jasoko ez zuelako etsian. Euskarak burua jasotzea Jainkoak nahi du.

burua joan Konortea galdu, zorabiatu.

buruak eman dio ad. Bururatu. Zoro hari buruak eman dio, ikusi duen neska bat behar duela. Esan behar nuenik ere ez niri eman buruak.

burua makurtu 1 Burua beherantz higitu. Burua makurtu eta besoez aurpegia estaltzen zuen.

2 Umildu. Burua makurtzen dutenak edo umiltzen direnak. Ez daki burua makurtzea beharrezkoa dela sarritan. Jaunaren esanari burua makurturik.

burua nahasi Burua galdu. Burua pitin bat nahasi zitzaidan, nahi ez nuena esateko.

buruan eduki Gogoan izan, eduki. Adibide hau eduki behar da buruan meditazio guztietan.

burua nekatu Pentsatzen nekatu. Gehiago burua nekatu gabe, baratzean sartzea erabaki zuen. Horrek pentsatzen ez du bururik asko nekatu.

buruan erabili Zerbaitetan pentsatu, hausnartu. Ik. gogoan erabili. Ametsetan ere beti bere praka berriak darabiltza buruan. Gazte haiek gezur zoroak eta auzi-borrokak zerabiltzaten buruan.

buruan eraman 1 Buru gainean eraman. Buruan zeraman pegarreko esnea saldu eta txitak erosi.

2 Buruan jantzirik eraman. Berak egindakoa zen Azpirozek buruan zeraman txanoa.

3 Buruan erabili. Buruan daramatzan esaldiak idazten hasi da. Aspaldian buruan daramadan istoriotxo bat kontatuko dizut.

buruan gorde Oroimenean gorde. Gorde itzazu buruan ondo zure amaren hitzak. Ez du jakinduria makala, haiek guztiak buruan gordetzeko!

buruan hartu 1 Gogoan hartu, aintzat hartu. Jendearen esanik ez har buruan. Adi ezak, Mattin, eta har ongi buruan erratera noan hau.

2 Sinetsi, konbentzitu. Handiak holakoak dira, buruan hartua dute guztiak haientzat jaiotzen direla.

buruan ibili 1 da ad. Gogoan ibili. Adierazi egiten zuen hartara, modu ezin laburragoan, sasoi hartako erromantiko guztien buruan zebilena. Buruan zebilkiona ahanzteko, denbora-pasa saiatu zen hantxe emakume zenbaitekin dantza lizunetan.

2 du ad. Buruan erabili, gogoan erabili. Miguel Sanzek 2011n Espainiako egungo erregearen aurrean jaurtitakoa buruan ibili dut egunotan.

buruan ipini Buruan jarri. Zer zabiltza, buruan traste hori ipinita? Etsaiak buruan ipini zidan asko galduko nuela nire faman aitortzen banuen nire bekatua.

buruan izan du ad. Gogoan izan. Beste kezkarik deus ez dugu buruan, Loiola ikustea baizik.

buruan jarri 1 Buruaren gainean jarri. Txapela buruan okerka jarria.

2 Bururatu, zerbait buruan sartu. Guztiek bere lepotik barre egiten zutela jarri zitzaion buruan.

buruan pasatu Bururatu. Ik. burutik pasatu. Buruan orduan pasa zitzaizkidanak!

buruan sartu 1 Gogoan sartu. Mutil koskor hauei ingeles apur bat buruan sartzeko asmoz. Gauza bat buruan sartzen zaizunean. Hizkuntzen iraupenari eta azkenari buruz buruan sar adina gai ikasi behar izan ditut.

2 Bururatu. Buruan sartu zaio gauza txarren bat gertatuko zaiola.

buruaren jabe 1 adj. Askea, burujabea. (bere eta kidekoekin erabiltzen da). Ez da hizkuntza bere buruaren jabe, besteren mirabe baizik.

2 Bere egintzen erantzule dena. (bere eta kidekoekin erabiltzen da). Harrotua dabil, ezagun du ez dela bere buruaren jabe.

buruaren nagusi Askea, inoren mendekotasunik gabea. (bere eta kidekoekin erabiltzen da). Ik. buruaren jabe; burujabe. Gehienok, geure buruaren nagusi eta zeharo libre garela uste dugu. New Yorken zeure kabuz, zeure buruaren nagusi izanez lan egitea askoz errazagoa da.

buru-argi Ik. buruargi.

buru argiko adj. Buruargia. Buru argikoa izanik, argi jabetu zen asmo horietaz.

buruari eman 1 Ipar. Kontu egin, imajinatu. Emaiozu buruari eguzkia argizko itsaso bat dela.

2 Naf. Burua nahasi. Buruari emana dabil, semea istripuan hil zitzaionetik.

buru-arin Ik. buruarin.

buru atxiki Buru egin, aurre egin. Ez duzu oraino buru atxiki odoleraino.

burua urratu 1 Buruan zauriak edo urratuak egin. Burua eta lepoaldea ebaki zabalez urraturik.

2 Burua hautsi (irudizko adieran). Burua gehiegi urratu gabe, badaukat zer jan eta zerekin jantzi.

buru babes, buru-babes Kaskoa, burua babesteko estalkia.

buru babeski, buru-babeski Buru-babesa.

buru-belarri 1 adb. Ahaleginean, gogoz eta lehiaz. Auzian buru-belarri sartu gabe. Zintzoa izaten saiatu zen buru-belarri. Lanean ari da buru-belarri.

2 adb. Adi-adi.

buru-bero Ik. burubero.

buru-bihotz pl. Burua eta bihotza. Eta kaletarron buru-bihotzak ez izaki beti lehengo euskaldunenak bezain garbi.

buru-buztan pl. g.er. Zentzua. (Ezezko esaldietan erabiltzen da). Kantu horietako hitzek ez dute buru-buztanik.

buru-buztanka adb. Atzekoz aurrera, alderantziz.

buru egin 1 dio ad. Aurre egin. Ik. gogor egin. Tentaldiari buru eginez.

2 Buruzagi izan. Hurreratu zitzaion morroien artean buru egiten zuena.

buru eman 1 dio ad. Amaitu, burutu. Lanari buru emateko denbora iritsi zen.

2 dio ad. Buru egin, aurre egin. Haizeari buru emanaz. Bere gauza guztiak saldu zituen zorrei buru emateko.

buruenik adb. Azkenik. Zer esan, buruenik, euskal hitzen erdal azalpenei buruz?

buru estalki, buru-estalki Burukoa, burua estaltzeko erabiltzen den jantzi edo zapia. Emakume zaharrenak ile zuri ondo orraztuak buru-estalki zuri garbi baten azpian gordetzen zituen.

buru eta bihotz 1 adb. Erabat, oso-osorik. Ik. gorputz eta arima. Buru eta bihotz, hire lagun.

2 adb. Ahaleginean, gogoz eta lehiaz. Ik. buru-belarri. Irakasle zenez gero, buru eta bihotz irakasteari ekin zion.

buru gibel, buru-gibel Buruaren atzeko aldea. Ile zuri-beltzeko txirikorda lodi batzuk buru-gibelean antze handiarekin kiribilkatuak.

buru-gogor Ik. burugogor.

buru-gorri Ik. burugorri.

buru-handi Ik. buruhandi.

buru-harro Ik. buruharro.

buru-has adb. Buru hutsik. Buru-has agurkatu. Bi lerrotan jarririk, guztiak buru-has. Buru-has eta ortutsik gelditu zen.

buru hausgarri, buru-hausgarri iz. Buruhausteak ematen dituen gauza.

buru hezur, buru-hezur Burezurra.

buru-huts adj. Ergela, burua hutsa duena. Agure zahar eta buru-huts, batera, izan ez zaitezen.

buru hutsean, buru-hutsean adb. Buru hutsik. Baserritar bat buru hutsean sekula ez zen ikusten.

buru hutsik, buru-hutsik adb. Buruan txapelik edo antzekorik gabe. Ik. buru-has; buru hutsean. Buru hutsik eta paparra zabalik.

buru-jantzi adj. Ikasia. Prosan ere badira edozein euskaldun buru-jantzik ezagutu behar lituzkeen obrak.

buru kasko, buru-kasko Burezurra.

buruko adj. Ik. buruko. Pentsatze hutsak buruko ile guztiak lazten zizkidan. Haizeak buruko kapela eraman zion.

buru kolpe, buru-kolpe 1 Burukada.

2 Burutazioa.

buruko min 1 Buruan sentitzen den mina. Buruko minez nago. Buruko mina dut.

2 Ardura, kezka. Auzitegietan nahiko lan eta buruko min badarabiltzagu. Gurasoei buruko min bat ez nahigabe bat eman ez dieten seme-alaba zintzoak.

buruko oihal Buruzapia; bereziki, mantelina.

buru lan, buru-lan Batez ere adimenaz baliaturik zertzen den lana. Buru-lanetako aproposagoa zen eskulanetako baino. Elizgizonen eskuetan utzi dugu hemen buru-lana.

buru langile, buru-langile Batez ere adimena erabiltzea eskatzen duen lanean aritzen den pertsona. Eskulangile eta buru-langileak. Buru-langileen zereginak.

buru-makur Ik. burumakur.

buru-motz Ik. burumotz.

buru nahaste, buru-nahaste Buruhaustea.

buru oneko adj. Buru argikoa; zentzuduna. Esku onetan zaude guztiz, artaldea, txit buru onekoa da zure jabea. Ez zituen oraino hogei eta bortz urte baizik, baina buru onekoa zen.

buru orratz, buru-orratz Orratz buruduna, lepoko zapiak eta kidekoak lotzeko erabiltzen dena.

buru oskol, buru-oskol g.er. Buru-babesa, kaskoa.

burura ekarri Gogora ekarri. Ik. bururatu. Zuen gabon-kantak gure ama xaharraren oroitza ekarri dit burura.

burura eman Ipar. Bururatu, burura ekarri.

burura etorri Gogora etorri. Gauden pixka bat, ea zerbait datorkigun burura.

burura heldu 1 Bururatu, burura etorri. Koplak gaindika burura heldu zaizkio eta abiatzen da kanta errepiketan.

2 Amaierara iritsi, amaitu. Laxoko txapelketak ari dira burura heltzen. Proiektu hau burura helduko den itxaropena dute.

burura igo Zerbaitek burua ilundu, burua lausotu. Ardoa burura igo zitzaion eta ez zekien zer egiten zuen.

bururako (-en atzizkiaren eskuinean, batez ere ezezko esaldietan). Ez da hori zure bururako egiten den gauza: ez da hori zuri dagokizun gauza.

bururen buru Burutik burura, hasieratik bukaeraraino. Laburra da erreka: bospasei kilometro baino gehiago ez duke bururen buru.

buru-soil Ik. burusoil.

burutan atera Bururatu, amaitu. Utz ezazu ene gainean zure egitekoen arta, nik burutan aterako ditut zein bere denboran.

buru(ta)tik adb. (neure, zeure, bere eta kidekoen eskuinean). (Neure, zeure...) kabuz, kasa. Heure burutatik hoa, ala aginduta? Hobe da beti mundu zabalean ontzat hartuak dauden hitzez eta izenez baliatzea nor bere burutik asmaketan abiatzea baino.

burutik aldaratu da ad. Burutik egin, zoratu. Bere anaia hil dela esan diote eta burutik aldaratu da.

burutik beheiti Burutik behera. Arrautza erauntsia atertu dela ikusi dutenean, hautetsiak berriz atera dira; orduan beste arrautza batzuk bildu dituzte burutik beheiti.

burutik behera adb. Goitik beherantz; burutik hasi eta oinetaraino. Burutik behera jantzi behar den soinekoa. Burutik behera bustia agertu zen.

burutik beherako 1 iz. Marranta, hotzeria.

2 iz. Buruko isuria.

burutik buru Bururen buru. Liburua burutik buru irakurriz gero.

burutik burura Buru batetik bestera, hasieratik bukaeraraino. Liburua burutik burura irakurri zuen.

burutik egin zaio/du ad. Zoratu. Ik. burutik jauzi; burutik joan; burutik jo; burutik egon; burutik nahasi. Hori aditu zuenean, burutik egin zitzaion. Burutik egin zaizu? Eroetxera daramate bukaeran, burutik egin duelakoan. Burutik egina bezala zegoen. Burutik eginda al zaudete?

burutik egon Zoratuta egon. Burutik dagoela, zentzua galdu duela.

burutik eragin dio ad. (nor osagarririk gabe). Norbait nahasarazi, zorarazi. Emakumea, ez iezadazu burutik eragin!

burutik izan du ad. Ipar. eta Naf. Burutik egon. Trufatzen zara nitaz, ala baduzu burutik? Ni kapitalista?, baduk burutik?

burutik jauzi da ad. Burutik egin. Sinetsi ez zioten, esanaz burutik jauzi zela.

burutik jo Burutik egin. (Ia beti burutik jota (egon) esapidean erabiltzen da). Burutik jota zaude ala?

burutik joan 1 da ad. Burutik egin. Burutik joan zara? Gizon hori burutik joanda dago.

2 da ad. Ahantzi. Ez zait burutik joango esan didazuna.

burutik kendu Zerbait pentsatzeari utzi. Burutik ezin kendu dut haren agur tristea. Burutik ez zitzaion kentzen herriko norbaiten jukutria zela.

burutik nahasi Burua, zentzua galdu. Ik. burutik egin. Bestela esango dute burutik nahasia zaudela. Jaunak burutik nahasten ez banau.

burutik oine(ta)ra adb. Goitik behera. Ik. burutik behera. Zazpi arrarik ez zuen burutik oinera. Burutik oinetara guztia legenarrez eta gaitzez betea nago.

burutik oine(ta)raino adb. Burutik oinera. Etxekoandrea burutik oinetaraino begira gelditu zitzaion. || Burutik oinetarainoko aldakuntzak.

burutik pasatu Bururatu. Ik. buruan pasatu. Ez zitzaion burutik pasatzen ere, ate hura bere aurrean itxi ziezaioketenik.

buruz ari izan Oroimenaz bakarrik baliaturik ari izan. Buruz ari naiz eta beharbada hutsen bat egingo dut.

buruz aurrera adb. g.er. Muturrez aurrera. Buruz aurrera erori da.

buruz beheiti adb. Ipar. eta Naf. Buruz behera. Baina, etxekoandrea, buruz beheiti emana duzu-eta zure liburua!

buruz behera 1 adb. Ahuspez, beherantz begira. Buruz behera etzan da ohe gainean.

2 adb. Gorputzaren goialdea beherantz dagoela. Done Petri gurutzean buruz behera josita hil zen. Buruz behera erori beharrean zutik gelditu zen.

buruz buru adb. Aurrez aurre. Uharteari buruz buru zegoen etxea. Aukera egokia da buruz buru hitz egiteko. Buruz buru, bi bitara, eta lau lauren kontra aritu ziren bertsolariak.

buruz buru egin 1 Topo egin. Hola doalarik, buruz buru egiten du gizon batekin: Agur, adiskidea!

2 Talka egin. Elkar ez ikusirik, bi trenek buruz buru egin dute.

buruz buruka adb. Buruz buru, aurrez aurre. Iluntzean eta arratsean eginen dira finalerdiak esku-huska, bai buruz buruka eta bai binaka.

buruz buruko adj. Aurrez aurrekoa; banakakoa. Buruz buruko borrokan indartsuenak ziren. Buruz buruko txapelketa. Buruz buruko txapeldun izandako sei pilotari.

buruz esan Buruz ikasitakoa esan.

buruz gain 1 adb. Buruaren gainetik. Buruz gain labana luze bat jaurti zuen airean.

2 adb. Ahalbideen gainetik. Buruz gain egin: gainditu. Anitz urte baino lehen buruz gain egiten diote bere zor zahar eta berriek. Buruz gain ibili: erabat lanpeturik ibili. Gure buruz gain bizi nahiak egiten du gure malurra.

buruz gora 1 adb. Ahoz gora, gorantz begira. Emakumea buruz gora etzanda zegoen.

2 adb. Gorputzaren goialdea goian dagoela. Buruz gora edo buruz behera zuenik ere jakin gabe, egunkariari begira.

buruz ikasi Hitzez hitz errepikatzeko eran ikasi.

buruz jakin Oroimenaz bakarrik baliaturik jakin. Hutsa dela dotrina buruz jakitea, ulertzen ez bada.

buru-zuri Ik. buruzuri.

buru-zut Ik. buruzut.

-en buruan Aipatzen den denbora-bitarteaz gero. Ik. barru 7. Bost urteren buruan: bost urte igaroz gero. Hiru egunen buruan piztuko naiz. Denboren buruan: munduaren azkenean. Ororen buruan. Azterketa nekagarrien buruan baizik ez du jakingo. Han hil zen zenbait urteren buruan.

-en buruko -en buruan. Zenbait egunen buruko osoki sendatua zen.

-i buruz 1 -rantz, -ganantz. Gizona heriotzari buruz doa. Nik ez dakit jendea zeri buruz doan.

2 -z, -en gainean, -i dagokionez, -a gaitzat harturik. Nahikoa hitz egin dugu gai honi buruz. Arana Goiri eta Azkue ez ziren talde berekoak euskarari buruz. Ez da hizkuntzarik Europa osoan euskara bezain ilun ageri denik bere jatorriari buruz.

-i buruzko -i buruz esapidearen bigarren adierari dagokion izenlaguna. Mogelen lanei buruzko argitasun asko dator ikerketa horretan.

(neure, zeure...) buruarekin (egin, egon, esan aditzekin). g.er. Neure, zeure... artean. Neure buruarekin egin dut, zuregana behar nuela etorri. Nengoen neure buruarekin, ez ote nuen zuk baino gehiago sufritzen. Behin baino gehiagotan egona naiz neure buruarekin, nola onartzen dituzun horiek zure etxean.

danbor

1 iz. Zilindro baten gaineko eta azpiko aldeetan tenkatzen diren bi larru zatiz osatutako musika-tresna, bi zotzez jotzen dena. Ik. atabal. Danborra jo. Danbor hotsa. Danborraren soinuarekin dantzatzen direnean. Olentzeroren zorroa danborra bezalakoa.

2 iz. Zenbait makina edo tresnatan, danbor itxurako pieza birakaria. Altzairuzko danbor batera eramaten du sagarra igogailu batek eta bertan ur turrusta batzuk jasotzen ditu sagarrak.

danbor jotzaile, danbor-jotzaile Danborra jotzen duen pertsona. Hogei bat danbor-jotzailek osatzen dute orkestra.

danbor nagusi Erregimentu bateko edo danborrada bateko danbor-jotzaile taldearen burua. Gorputza zuzen, danbor nagusi bat bezala.

eliza

1 iz. (E larriz). Jesu Kristoren erlijioari jarraikitzen zaizkion sinestunen bilkura; kristautasunaren barnean bereizten diren bilkuretako bakoitza. Ik. eliza 2. Jesu Kristok bere Eliza maite duen bezala. Apostoluen Eliza. Agustin, Elizako doktore santu handi hura. Greziako Eliza ortodoxoa. Eliza katolikoa. Eliza erreformatuak.

2 iz. (E larriz). Eliza katolikoa. Eliza Ama Santuaren aginduak, sakramentuak. Aita santua, Elizaren buru ageria. Elizaren dogmak, doktrina.

3 iz. (E larriz). Herri bateko katolikoen bilkura. Euskal Herriko Eliza.

4 iz. Elizkizunetarako bereziki prestatutako eraikina. Ik. tenplu. Elizara joan. Eliza batean ehortzi zuten, aldare aitzinean. Herriko eliza. Hiru habearteko eliza. Azkaineko hobi zahar gehienak eliza barnean dira.

5 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Ik. elizatorra; elizbide; elizgizon... Halere, hildakoan eliz lurrik ez zaio ukatu. Eliz liburuen irakurle saiatua. Eliza-dorreari bueltaka dabiltzan elaiak. Eliz jaia bukatu eta berehala.

eliza besta, eliza-besta Herriko zaindariaren eguna. Egun eliza besta dugu ospatzen, gure patroi santua denek ohoratzen.

Elizako aita Ipar. Elizako gurasoa. Nahi zuen zuzenbidea Bibliaren eta Elizako aiten iturrietara itzularazi, lotura eginez zuzenbidearen eta teologiaren artean.

Elizako guraso Kristau-erlijioan, fede gaietan oinarri izan diren izkribuak idatzi zituzten lehen mendeetako Elizako doktoreetako bakoitza. Ik. Eliz guraso; Elizako aita. Argi iturri horretan edan zituzten Elizako gurasoek beren liburuetako ikaskizunak.

eliza nagusi g.g.er. Parrokia. Eibarko Andres donearen eliza nagusian.

eliz atari Elizako ate nagusiaren aurrealdea, bereziki aterpeduna. Ik. elizpe; zimitorio 2. Eliz atarira irten dira hizketan aritzeko. Eliz atarian eskean. Bertsopapera franko saldu genuen eliz atarian.

eliza txori, eliza-txori Txolarrea.

elizaz 1 adb. Elizaren antolaketari dagokionez. Elizaz Arratzukoa da baserria, herriz Mendatakoa.

2 adb. (ezkondu eta kideko aditzekin). Kristau elizaren arauen arabera. Ez zuen inolako arazorik izan elizaz ezkontzeko.

eliz dei pl. Ezkontza baten berri ematen duen jendaurreko agiria, elizako atean ezartzen dena eta meza nagusian adierazten dena. Ik. man; deiera. Eliz deiak egin. Apaizak eliz deiak irakurri zituen.

Eliz guraso Elizako gurasoa.

eliz urte Eliza katolikoan, abendualdiko lehen igandean hasten den urtea. Eliz urtearen aldiak. Eliz urtearen barruan, Kristo urtero jaiotzen da, urtero gurutziltzatzen dute, urtero pizten da.

etxe

1 iz. Gizakia bizitzeko prestatzen den eraikina. Zurezko, adreiluzko, harrizko etxea. Plazako etxeak. Auzoko etxe batean. Etxe multzo, sail, lerro bat. Etxe aurrean, barnean. Hiru solairuko etxea. Bi bizitzako etxea. Etxez etxe. Etxe handia, txikia, ederra, dotorea, zaharra. Etxe bat egin, eraiki. Etxe bakartu bat. Laborari etxea. Apaizaren etxeko tximinia (Ik. etxeko). Etxeko atarian. Fruta saltzen egon ohi zen, etxe kantoi baten kontra. Haurrek, artzain-jantzian eta kantari, etxerik etxe daramatzate jaiotzak. Etxe inguruko bazterrak arakatzen. || Esr. zah.: Etxe hutsa, errieta hutsa. Andre ederra, etxean gerra. Besteren diruaz duenak etxea berritzen, etxe zaharra eta berria ditu bahitzen. Etxeko sua, etxeko hautsaz estal.

2 iz. Norbait bizi den etxea edo etxe zatia. Gure etxean. Ez dago etxean. Zure senarra etxean al da? Etxean gelditu. Norbaiten etxean sartu. Etxera joan. Hartu zuten mutilok etxera bidea. Etxerako bidean. Norbaiten etxean ostatuz egon. Etxea erosi, saldu, errentan hartu. Hasi naiz etxe garbiketan. Etxez aldatu dira. Etxea garbitu. Norbait jaio den etxea. Etxean eta kanpoan.

3 iz. Erabilera jakin bat duen etxea, askotan jendartekoa. Herriko etxea: udaletxea. Fraide, moja etxea. Auzi etxea: auzitegia. Salgai dago Euskaltzaindiaren etxean, Bilbon. Euskal etxea: atzerrian, euskaldunak biltzen diren etxea. Kultur etxea. Gaua igarotzera emakume galduen etxe batera. Bilboko Ellakuria etxean.

4 iz. Etxea familiaren egoitzatzat hartua. Etxe oneko alaba. Etxe honetako nagusi jaunak. Guraso edo etxeko buru bazara, begira ondo zelan dabiltzan zure umeak. Etxe txakurra. Etxea ongi gobernatu: etxeko arazoak ongi gobernatu.

5 iz. Mintzatzen denaren edo aipatzen denaren herria. Etxeko erdaldunak eta erdaldun etorkinak. Etxean bezain eroso sentitu nintzen Parisen. Etxeko tenislariak indartsu US Open-ean. || Zaragozak etxean hartu zuen Athletic taldea.

6 iz. Enpresa. Valverde etxeak liburu hau argitaratzean egin duen lana.

7 iz. Dinastia bat edo leinu bat osatzen duten pertsonen multzoa. Habsburgoko etxea. Tudor etxea. Daviden etxe eta etorkikoa.

8 iz. (Hitz elkartuetan, bigarren osagai gisa). Tresna bati eusteko erabiltzen den egitura. Golde-etxea hautsi zen.

batzar etxe, batzar-etxe Probintziako ordezkariak biltzen diren etxea. Gernikako batzar etxea.

etxe abere, etxe-abere Etxekoa den aberea. Basabere eta etxe abereak. Etxe abereak nola hazi eta zaindu behar diren.

etxe agentzia, etxe-agentzia Etxebizitzak eraiki, erosi, saldu edo alokatzen dituen enpresa. Etxe agentzien jazarpena pairatzen ari direla baliabide ekonomikorik ez duten adineko bizilagunak.

etxe aitzin, etxe-aitzin 1 Etxe aurrea, etxearen aurrean dagoen lekua. Ik. fatxada. Etxe aitzinak galtzadatuak eta garbi nahi nituzke ikusi. Etxe aitzin guztia gizonez betea zen.

2 Aitzinaldea, etxe baten aurreko pareta. Etxe aitzinetan nahiz pilotalekuetan Nafarroako kateak harroki erakutsiz.

etxe atari, etxe-atari Etxeko sarrera nagusiaren ingurua. Etxe atarian, han ibiltzen ziren ehiza-txakur bi edo hiru. Osabak, etxe atariko koska batean eseriz, hitz egiten jarraitu zuen. Palmondoen hostoekin etxe-ataria garbitzen.

etxe atze, etxe-atze Etxearen atzeko aldea. (Batez ere leku-denborazko atzizkiekin erabiltzen da, singularrean). Gure baserriko etxe atzean intxaur handi bat zen. Etxe-atzeko soroan.

etxe aurre, etxe-aurre 1 Etxearen aurrean dagoen lekua. Ik. etxe aitzin; fatxada. Sagardotegira sartu zirenean jendez gainezka zegoen etxe aurrea.

2 Aitzinaldea, etxe baten aurreko pareta. Zurezko balkoi zabala du etxe aurreak alderen alde.

etxe bazter, etxe-bazter 1 Etxea, bere lur eta guzti. Deus ez da itsusiagorik etxe bazterrak zikinkeriaz beteak ikustea baino.

2 Etxea, babeslekutzat hartua. Azkar aldendu zen neskatila etxe bazterrean negar egitera.

etxe bizkar, etxe-bizkar Ipar. eta Naf. Teilatuaren gailurra.

etxe-galgarri adj. Etxekaltea. Bi ofiziok inor ez du aberastu; bitik gora dituzten guztiak izan ohi dira beti etxe-galgarriak.

etxe gibel, etxe-gibel Etxearen atzeko aldea. (Batez ere leku-denborazko atzizkiekin erabiltzen da, singularrean). Istant bat beha egon zen etxe gibeleko xeilatik. Emazteari deus erran gabe, etxe-gibelean gaindi, joan zen handik auzo hiri batera.

etxeko arte Ik. etxekoarte.

etxeko jaun Etxearen buru den gizonezkoa, gehienetan familiako aita. Ik. etxejaun. Herriko buruzagi eta etxeko jaunak.

etxeko lan 1 Etxea zaintzeko eta txukuntzeko lana. Lehenago neskame-morroiak ahaideen artekoak izaten ziren, herrixketatik etxeko lanak egiteko ekarriak. Goizetan amari laguntzen nion etxeko lanetan.

2 Etxean egiteko eskolako lana. Ikasleen etxeko lanak ere zuzendu ditut. Semea etorri zaio, larri, laguntzeko, mesedez, etxeko lanak egiten.

etxeko nagusi Etxearen jabea; familiaburua. Ik. ugazaba. Etxeko nagusiari etorri zitzaizkion bere sehiak. Etxeko nagusi zaharrak sartu zuen lehenengo bere koilara aza tartera.

etxe ogi, etxe-ogi Etxean egindako ogia. Etxe-ogi gozo berria.

etxe orratz Altuera handia eta solairu asko dituen eraikina. Etxe orratz hori Tokioko negozio-auzo ospetsuaren bihotzean jasoa dago. New Yorkeko etxe orratzak.

etxerako 1 adj. Bizk. Aurreztailea.

2 Norbait goraipatu nahi denean edo zerbaitetarako balio duela adierazi nahi zaionean erabiltzen den esapidea. Hi etxerako! || (etxerako modukoa esapidean). Pilotaria eta sukaldaria, etxerako modukoa. Alaia, zintzoa eta etxerako modukoa.

etxerakoan 1 adb. Etxera bidean. Nik ere egingo dut sartu-irten bat etxerakoan.

2 adb. Etxera iristean. Ongi legoke, etxerakoan, guztiek elkarrekin erratea arrosarioa.

etxe sartze, etxe-sartze 1 Ataria. Etxe-sartzeko atea jo zuen.

2 Etxe berri edo berritu batean sartzea. Buruilaren lehenean izan zen etxe-sartzea.

etxe uso, etxe-uso Etxekoturiko usoa.

etxekoandre

1 iz. Etxea zuzentzen duen emakumea, gehienetan familiako ama. Horretaz etxekoandrearekin hitz egin beharko duzu. Ez dago inon euskal etxekoandrea bezalakorik jan-edana ugari jartzen.

2 iz. Ostatu, taberna edo kideko tokiren bateko jabea den emakumea. Ostatuko etxekoandrearekin lotsagabetu zen. Denda honetako etxekoandrea al da berori?

nagusi-etxekoandre pl. Etxeko jauna eta etxekoandrea; etxeko jaunak eta etxekoandreak. Zaharrak eta nekatuak aurkituko dituzu Azkarragako nagusi-etxekoandreak. Morroiek nahi dute nagusi-etxekoandreak bezala bizi.

hamarreko

1 iz. Hamarrek osaturiko gauza; hamar gauzak osaturiko multzoa. Hamar hamarrekok egiten dute ehunekoa. Banakoak, hamarrekoak eta ehunekoak. || (Arrosarioan). Arrosarioaren hamarrekoak. Bost hamarrekotan berrogeita hamar agurmaria. Hamarreko bakoitzean gogoratuko duzu misterio bat.

2 iz. Zenbait diru zaharren izena; bereziki, zortzi ogerlekoko urrezko diru zaharra.

3 iz. Musean, bost banako balio duen tantoa. Muslariek bostekin hamarreko.

4 iz. Bertsogintzan, hamar lerro eta bost puntu dituen bertso mota. Hamarreko alai eta polita.

5 iz. Karta frantsesez mintzatuz, sail bereko hamar irudi dituena. Hamarreko bihotza. Hamarreko diamantea.

hamarreko handi Bertsogintzan, lerro bakoitiak hamar silabakoak eta bikoitiak zortzikoak dituen hamarrekoa. Hamarreko handian aritu ginen.

hamarreko nagusi Hamarreko handia.

hamarreko txiki Bertsogintzan, lerro bakoitiak zazpi silabakoak eta bikoitiak seikoak dituen hamarrekoa. Gainerako kontuak, bertsoetan, hamarreko txikian, hortxe dauzkazu.

hiri

1 iz. Etxe eta eraikinen multzo egituratu aski handia, udal batek gobernatua, jarduera nagusitzat industria, merkataritza eta zerbitzuak dituena. Ingalaterrako zenbait hiri larritan. Iruñeko hiria zaintzen zuen harresi gora. Nazareteko hiri txikian. Desegin zuten Kartagoko hiria. Hiri bat eraiki. Hiriko biztanle guztiak. Hiriko kale eta plazetan.

2 iz. Historian zehar herri batzuei eman izan zaien titulua, hiribildu bati emandakoa baino maila altuagokoa dena. Urduñari Bizkaiko Jaurerriko hiri titulua eman zioten 1467an, eta halaxe erakusten du Henrike IV.aren errege agiriak.

3 iz. Hiriko biztanleak. Hiri guztia atera zitzaion aurrera.

4 iz. Landa eremuari kontrajartzen zaion eremua. Ik. kaletar. Hiriko euskara galdu egin da. Hirietako bizitzaz higuindurik.

hiri altzari, hiri-altzari pl. Kaleetako eta gune publikoetako hornikuntza, zaborrontzi, banku, kale-argi eta kideko elementuek osatzen dutena. Apurtutako hiri altzariak ordaintzea eskatuko die Udalak inputatuei. Oinezkoentzako kale batek hiri altzari egokiak eduki behar ditu.

hiri bazter, hiri-bazter Hiritik kanpo dagoen auzoa; hiri baten aldiriak. Hiri bazterreko ostatu batean.

hiri gas, hiri-gas Gas fabriketan sorturiko gasa, etxeetan erabiltzeko ekoizten dena eta banaketa-sare bidez banatzen dena. Badira elektrizitatez berotzen diren etxeak, eta badira butanoz zein hiri-gasez berotzen direnak ere.

hiri hondakin, hiri-hondakin pl. Hiri eta herrietako etxeetan sortzen diren hondakin solidoak; lantegi, denda, taberna edo kideko zerbitzuetan sortzen diren antzeko hondakinak. Hiri hondakinak labe industrialetan erraustearen alde egin du Kataluniako administrazio publikoak. Hiri hondakinen eta hondakin industrialen kudeaketa.

hiri lur, hiri-lur Hiri barruko lurzorua. EAEn % 29 gehitu dira sei urtean hiri-lurrak eta lur eraikigarriak.

hiri nagusi Ipar. Hiriburua. Eskualdeko hiri nagusiak. Hiri ikusgarria zinez, hiri nagusiaren ondotik handiena.

hiri santu Erlijio baten jarraitzaileak erromes joaten diren hiria. Jerusalem hiri santua da judu eta musulmanentzat. Urtero, Irakeko milaka xiitak Karbalako hiri santua bisitatzen dute, Bagdadeko hego-mendebaldean. Saudi Arabiako Meka hiri santua.

ikastetxe

iz. Irakaskuntzan edozein mailatan, baina bereziki lehen mailan edo erdikoan, ari den etxea. Eskola, ikastola, eta gainerako ikastetxeetan. Fraide-mojen ikastetxeak. Lekarozko Ikastetxean egin zuen batxilergoa. Ikastetxeko zuzendari eta irakasleak.

ikastetxe nagusi Unibertsitatea. Parisko Sorbona ikastetxe nagusia.

kale

1 iz. Hiri edo herrietan, etxez inguraturiko bidea. Ik. karrika. Parisko kale batean. Goiko kalean eta Beheko kalean. Foru(en) kalea. Enparan kalean. Bilboko kale eta plazetan. Kale zabala (Ik. hiribide). Kale meharra. Kale estu eta ilunetatik joan zen. Kale artean. Kalearen erdian. Kutxarekin eta maletarekin gelditu zen kale erdian. Kale izenak. Kalez kale, kalerik kale ibili. Kalez kaleko prozesioa. Kalean gora, kalean behera. Kalean barrena, kalean zehar zihoala. Kaleko argiak. Kale indarkeria eta alderdien kontrako erasoak onartezinak eta larriak direla salatu zuen zinegotziak. Kale txakurra: kalean bizi den txakurra, jaberik ez duena. || Bat-batean adiskide batekin topo egiten dut kale-kalean.

2 iz. (Leku atzizkiekin, singularrean). Hirigune edo herriguneetan, etxe barnea ez den eremua. Kalera irten, atera (Ik. kaleratu 1). Etxean ere egon ezinik, kalera alde egin nuen berriz. Leihotik kalera begira. || Presoak kalera.

3 iz. Euskal gizarte antolaketan, elizaren inguruan biltzen diren etxeen multzoa. Anton. baserri. Amezketako kalean. Baserrian jaio zen, baina aspaldidanik kalean bizi da. Kalera jaitsi meza entzutera. Nahiago du kalea baserria baino. Larre hizkuntza dena kale hizkuntza bihur dadin. || Aizarnako kale-kalean zegoen etxe hori; plazan bertan. Kale-kalekoa naiz ni, kalean jaio eta kalean hazia; gurasoak, berriz, baserrikoak biak.

kale agerraldi, kale-agerraldi Manifestazioa. Milaka polizia aurrean zituztela egin zuten kale agerraldia.

kale antzerki, kale-antzerki Kalean antzezten den antzerki mota. Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia.

kalean utzi 1 Lanetik bota; etxetik bota, etxerik gabe utzi. Lanera itzultzen ez badira kalean utziko dituztela jakinarazi die ugazabak.

2 Espetxeraturik edo atxiloturik zegoena aske utzi. Kalean utzi dute emazte ohia jipoitu zuen gizona.

kale-argi Hiri eta herrietako kaleak argitzeko jartzen den argia. Ik. farol 2. Askotan, kale-argiek, kalea argitu beharrean, inguruko eraikinak argitzen dituzte. Autoak bidetik irten eta kale-argi bat jo zuen.

kale baserri, kale-baserri Kalean, herrigune barruan dagoen baserria. Itzuli zenean, eraitsia ikusi zuen bere kale baserria. Kale-baserri txikia zen, lurrik gabekoa.

kale-baserri pl. Kalea eta baserria. Aski zuten kale-baserrietako arazoak astintzearekin.

kale bazter, kale-bazter 1 Kalearen bazterreko aldea. Ik. espaloi. Aita ikusi nuen kale bazterrean zain. Han utzi zuen, kale-bazter ilunean etzanda, luze.

2 Kale kantoia.

kale egin Huts egin. Kale egin du pilotariak. Ez, gero, niri kale egin. || Asko hitz egin eta azkenean kale.

kale ertz, kale-ertz Kale kantoia. Gizon burusoil bizarzuri bat bi makuluren gainean, kale ertzean ikusi nuen inora ezin joanean.

kale garbitzaile, kale-garbitzaile Kalea garbitzen duen pertsona. Goizean goizetik hasten dira lanean Bilboko kale garbitzaileak.

kale gorri Adkor. (Batez ere leku atzizkiekin erabiltzen da). Kale gorrian geratu, gelditu: lanik gabe edo etxerik gabe gelditu, gabezia edo premia gorrian gelditu. Kale gorrian utzi gaituzte (Ik. kalean utzi). Ez joan kalera ihesi; kale gorrian gauza guztiak behar dira erosi. Behar beltzak eta kale gorriak eman dioten hazibide latza.

kale itsu 1 Alde batetik irekia den, baina beste aldetik irteerarik ez duen kalea. Kale itsu batean harrapatuta sentitzen naiz.

2 Irtenbiderik ez duen edo irtenbide zaila duen egoera. Europar Batasuna kale itsutik irten ezinean dabil. Momentu honetan, auzia irteerarik gabeko kale itsu batean dago.

kale kantoi, kale-kantoi Bi kaleren arteko ertza. Ik. kale ertz; kale bazter 2. Kale-kantoi batean bilatu dut. Jarri zuten bandoa kale kantoi guztietan.

kale nagusi Herri edo hiri bateko kale garrantzitsuena edo, izena jarri zitzaionean bederen, garrantzitsuena zena. Kale nagusian behetik gora gindoazela.

kalera bota Kanpora bota, bereziki etxetik edo lantokitik bota. Ik. kaleratu 5. Adin batetik beherako langile guztiak kalera bota zituzten. Hiru aste dira emazteak kalera bota ninduela.

lege

1 iz. Gizarteko agintaritzak ezarritako arau edo arau multzo bete beharrekoa. Gizonen legeak. Estatu edo herrialde bateko legeak. Legeak eta erakundeak. Legeak egin (Ik. legegile). Legeak jarri, ezarri. Lege berri bat atera, eman. Indarrean dauden legeak. Legeak agintzen, eskatzen, debekatzen duena. Legea bete, begiratu, gorde. Legeak betearazten dituena. Legea hautsi. Lege zuzena, gogorra, zorrotza. Oinarrizko legea. Lege orokorra. Hezkuntza lege berria. Lege berezia. Ez zaio iruditzen legeak ongi jarriak daudenik edo, hobeto esan, ez zaio iruditzen legearen zigorra behar bezala dantzatzen denik. Neurriz gaineko gizona ez da besteen legeetara makurtzeko sortua. Ez daude legearen azpian, legea da haien azpiko. || (Hitz elkartuetan). Lege erakundeak. Lege baliorik ez duen hitzarmena. Lege testuak. Lege agiriak. Lege bilduma. || Esr. zah.: Herrik bere lege, etxek bere aztura. Errege berri, lege berri.

2 iz. Erl. Jainkoaren edo jainkoen borondatea adierazten duen araua. Jainkoaren lege santua. Jainkoaren legeko hamar aginteak. Jaunak hamar aginteen legea eman zuenean. Kristau legea hartu, zabaldu. Fariseuak eta legeko doktoreak. Lege irakasleak.

3 iz. Gizarte harremanetan, jokoetan eta kidekoetan, araua. Ik. gizalege. Ohorearen legeak. Munduaren lege gaiztoak. Ohiturak lege bihurtzen direnean. Lege gabe bizi direnak. Hori baita lanbide honetako legea. Baina kritikak ere baditu bere legeak. Ezinak ez du legerik. || Lege morala. Etika legea.

4 iz. Izadiko gertakariak mendean dituen arau orokor eta aldagaitzen adierazpena; izadiko gertakarien arteko elkarbidea adierazten duen formula orokorra. Kepler-en legeak. Zenbaki handien legea. Lege bat aurkitu. || Estatistika legeak. Mendeen joanak errotu dituen hots legeak. Hizkuntzaren lege zaharrei eustea (Ik. lege zahar).

legea hautsi Legeak agintzen duena ez bete. Ik. legea urratu. Legea hausten duenak zigorra jaso behar du. Ospitaleak legea hautsi du trebakuntzarik gabeko erizain bat jaioberrien gelan lan egiteko kontratatzean.

legea urratu Legeak agintzen duena ez bete. Ik. legea hautsi. Aztertu diren 323 eskola-autobusen % 2k legea urratzen dute, duela hogei urte baino lehenago matrikulatuak daudelako. Legea urratzen duten medikuek kartzela zigorrak jasoko dituzte.

lege aurreproiektu, lege-aurreproiektu Zuz. Legegaiaren aurretik idazten den behin-behineko testua, behin betiko bihurtu aurretik aztertua eta eztabaidatua izaten dena. Zuzenketak egin arren, Jaurlaritzak prestaturiko lege aurreproiektuak alde onak badituela agertu zuten sindikatuek.

Lege Berri Erl. Jesusen irakaspena, Ebanjelioetan jasoa; Itun Berria. Nork idatzi zituen Lege Berriko liburuak? Lege Berria da amodiozkoa, ez beldurrezkoa.

lege dekretu, lege-dekretu Lege balioa duen xedapen edo dekretua, dagokion organotik iragan gabe, salbuespenen bat dela eta, botere betearazleak ematen duena. Lege dekretu bidez onartu zuen erreforma.

lege gordailu, lege-gordailu Liburu, disko edo kideko baten egileak edo argitaratzaileak dagokion gordailu edo erakundeari ale kopuru jakin bat ematea; ekintza horren berri ematen duen erreferentzia-zenbakia. Liburutegi Nazional baten iturri nagusia lege gordailua da. Zenbat liburu argitaratu dira 2000ko lege gordailuarekin? Liburu batzuetan, lege gordailua ez dago, liburu gehienetan bezala, hasieran jarrita. Lege-gordailua: SS-1007/2012.

lege hausle, lege-hausle adj./iz. Legea hausten duena. Zeusek kanporatuko du lege-hauslea Olinpotik. Lege hausleari gidabaimena kendu badiote, berreskuratu ahal izateko, gidabaimena ateratzeko eskatzen diren azterketa guztietara aurkeztu beharko du.

lege hauste, lege-hauste Legea haustea, legea ez betetzea. Ik. arau-hauste. Legeak berarekin du lege-haustea. Mugimendu oroz ohartzen ziren eta zen lege-hausterik ttipiena ere salatzen zuten.

lege izan da ad. (Singularreko hirugarren pertsonan). Zilegi izan, egoki izan. Lege da maita dezan senarrak emaztea eta emazteak senarra. Lege den baino merkeago erosi.

lege nagusi Konstituzioa.

lege natural Naturan eta gizabanakoaren arrazoian oinarritzen den legea. Lege naturalaren kontrakoak diren lege zibilak. Jainkoaren aurka bekatu egitea edo lege naturalak haustea.

lege onean adb. Zintzoki, prestuki. Ez dut nik besteren beharrik, nire bizitza bakean eta lege onean eramateko. Baina lege onean irabazi hion, bai, jauna.

lege proiektu, lege-proiektu Zuz. Gobernuak legebiltzarrari aurkezturiko lege testua. Ik. legegai. Svend Robinson senatariak eutanasia onartzeko lege proiektu bat aurkeztu zuen Senatuan iaz, baina atzera bota zuten.

lege proposamen, lege-proposamen Zuz. Parlamentariek, diputatuek, senatariek edo herri ekimenek legebiltzarrean aurkezturiko testua, eztabaidatu ondoren ontzat ematen baldin bada, lege bihurtzeko proposatuko dena. Eusko Alkartasunak lege proposamena aintzat hartzearen alde bozkatuko du osoko bilkuran.

legera adb. Legeak edo ohiturak erakusten duenari jarraituz; legez, bezala. Zatoz gure kalera, baserritar legera. Dantza egingo dute antzinako legera.

lege zahar 1 Foruak. Jainkoa eta lege zaharra.

2 Tradizioa, ohitura zaharrak. Lege zaharreko euskara. Lege zaharreko ohitura dugu hori.

3 Frantzian, Iraultza aurreko legea. Napoleonen gerlen ondotik, lehengo erresumaren lege zaharra berriz indarrean sartu zen.

4 (L eta Z larriz). Erl. Itun Zaharra. Lege Zahar eta Berriko liburuak. Aginduak Jainkoak berak eman zituen Lege Zaharrean. Susana, Lege Zaharreko emazte prestu hura.

legez besteko adj. Legebiltzar batean aurkezten diren proposamenez eta kidekoez mintzatuz, legebiltzar horrek gai jakin baten inguruan lege izaera izango ez duen adierazpen bat egin dezan aurkezten dena. Alderdien Legea bertan behera uzteko legez besteko proposamena eztabaidatuko dute gaur Legebiltzarrean.

legez kanpo adb. Legeak onartzen duenetik kanpo. Legez kanpo aritzea leporatu diote. Proposatu zion legez kanpo zegoen zerbait egitea. Komunistak legez kanpo zeuden.

legez kanpoko adj. Proiektua legez kanpokoa zela onartu zuen Auzitegi Nazionalak. Legez kanpoko salerosketa. Tratu txarrak eta legez kanpoko atxiloketa.

legez kontrako adj. Legearen kontrakoa. Legez kontrako erakunde bateko kidea. Dirua legez kontrako ekintzen bidez lortu du. Legez kontrako ezer egiten ez dutela erakusteko.

letra nagusi

iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, letra nagusi-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. letra larri; maiuskula].

meza

1 iz. Zenbait eliza kristautan, ogiaren eta ardoaren bidez Kristoren heriotza ospatzeko egiten den elizkizuna. Goiz meza. Meza denborako otoitzak. Mezaren hasieratik Sagararaino. Meza donea entzuten ahalegintzen zen. Meza bitartean jokorik egin ez dezatela ardandegian. Meza-ezkila goian behean joka hasi zen. Meza ondoan mutilak dantzarako gertu. Meza osteko txistu eta danbolina. || (Leku-denborazko atzizkiekin). Mezan eskatzen duguna. Hogeita sei urtean ez naiz mezatan izan. Mezetan daude denak. Zortzietako mezara joaten da. Mezatara datozen aldi guztietan. Guraso asko dagoela mezetara joaten ez dena. Mezatik ateratzean. Mezatatik atera. Mezetatik etorri berria. Mezako denboran elestatzen bazara. Mezako oparia. Begira, kristaua, zertarako eskaintzen zaion Jainkoari mezako sakrifizioa. Berandutu behar zaizu mezatarako.

2 iz. Mezako zati batzuetarako (Kyrie, Gloria, Credo, Sanctus, Benedictus, Agnus dei) moldatzen den musika-lana. Perosiren mezek aspertu naute.

lehen meza Meza berria. Bere lehen mezaren berrogeita hamargarren urteburuan.

meza atera Norbaiten aldeko meza emateko eskaria egin. Mezak ateratzeko dirua.

meza berri Apaiz batek ematen duen lehenengo meza. Bere meza berriko urrezko ezteietan. Meza berri eguna.

meza bezpera, meza-bezpera pl. Mezak eta bezperak. Urte guztiko meza-bezperak.

meza diru, meza-diru Norbaiten aldeko meza ateratzeko ematen den dirua. Elizpean batu dituzte meza-diruak.

meza emaile, meza-emaile Meza ematen duen pertsona. Meza-emailea eta meza-entzuleak. Pierre Favre da meza-emaile.

meza eman Meza esan. Meza ematen ari zela. || Urtean lau meza emanarazteko hildakoentzat.

meza entzun Besta egunean meza entzun gabe uzten dute.

meza erran Meza esan. Apaiz egin zara eta sagaratua zara meza errateko.

meza esan Mezaren erritua egin. Ik. meza eman. Apaiz bakoitzak esan bitza hiru meza.

meza isil Kantatzen ez den meza. Goizeko seietan, zazpietan eta bederatzietan izango dira meza isilak.

meza kantatu Kantuz lagunduriko meza esan. Erabaki zen kanta zedila meza bat Maria dontzeila txit garbiaren ondran. || Meza kantatu batekin ireki dugu eguna.

meza lagundu Mutiko garaian meza laguntzen zueneko oroigarriak.

meza laguntzaile, meza-laguntzaile Meza-garaian apaizari laguntzen dion pertsona. Ik. meza-mutil. Meza-laguntzaile gisa hartu ninduen.

meza liburu, meza-liburu Urte guztiko mezetako otoitz eta irakurgaiak jasotzen dituen liburua.

meza mutil, meza-mutil Meza-garaian apaizari laguntzen dion mutila. Ik. meza-laguntzaile. Ni neu meza-mutila izan nintzen sei urte nituenetik.

meza nagusi Igande edo jaiegunetako hotsandiko meza. Igande goiz batean, meza nagusi ostean. Meza nagusia hamabietan da.

meza santu Meza (elizkizuna). Meza santuko otoitzak.

meza sari, meza-sari Ipar. eta Naf. Meza-dirua.

seme

1 iz. Gizakumea bere gurasoekiko. Bi seme dituzte: Alex eta Jokin. Bere seme Mauriziok jotzen du orain txistua. Moisesi esan zion Aaron eta honen seme Eleazarrekin Hor-ko mendira igo zedila. Familia-elkartasuna egiten zen, aita-semeek elkar harturik baserria batera lantzeko. Gurasoen seme gara gu, baina ez zeharo aitaren aldeko ez amaren aldeko. Ez zen seme zaharrena, bigarrena baizik. Semea lainezaz betetzen duen gurasoak, galbidean jartzen du maiz asko. Semetzat hartu. Seme galdua. || Jainkoaren Semea: Jesu Kristo. Jainkoaren seme gizon eginari. Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.

2 iz. Irud. Otxandioko seme jator hura. Ni ere hemengo semea naiz. Euskal Herriko seme gisa jokatu zuela. Herriko semea. Herriko eta erbestekoen arteko esamesa okerrak harrokeriaren eta ezjakinaren seme dira gehienetan. Neke askoren semea izan da liburu eder hau. Bi joera horiek ez dira, ordea, bata bestearen seme, lokarririk aski ez dutenez gero elkarrekin, erro bakar batetik sortuak baizik. Gizarteko gailur garai hura bere aldiko semea zen, edozeinen antzera.

seme-alaba pl. Semea eta alaba; semeak eta alabak. Ik. senide; haurride. Seme-alaba aski haziak dituzte. Bederatzi seme-alabarekin. Bere seme-alabez inguraturik.

seme-alabaorde Semeordea edo alabaordea. Seme-alabaordea 9 hilabetetik beherakoa bada, gurasoen atsedenaldiaren gehienezko iraupena 8 astekoa izango da, seme-alabaordea etxera iristen denetik hasita.

seme-alabatasun Semea edo alaba denaren nolakotasuna, semea edo alaba izatea; semea edo alaba gurasoekin lotzen duen lotura. Eta arian-arian hasten dira seme-alabatasun biologikoaren eta adopziozkoaren artean bereizten. Seme-alabatasunari buruzko epaiketetan onargarria da froga mota guztiak erabiltzea, biologikoak barne, aitatasuna eta amatasuna ikertzeko.

seme-alabatzako pl. Semetzakoa eta alabatzakoa; semetzakoak eta alabatzakoak.

seme besoetako Semebitxia.

seme gehien Ipar. Seme nagusia, seme zaharrena. Xaberriko seme gehiena.

seme nagusi Seme zaharrena. Ik. seme gehien; seme premu; premu.

seme ponteko Semebitxia.

seme premu Ipar. Seme nagusia, seme zaharrena; oinordekoa den semea. Ik. premu.

zizare

1 iz. Eraztun modukoez osaturiko gorputz luzanga duen animalia txikia, berez lurpean bizi dena (Lumbricus terrestris). Zeren bekatari gaixo eta lurreko zizare baizik ez baikara. Zizareak jaten dituzten txoriak.

2 iz. Gizakiaren eta beste zenbait animaliaren hesteetan bizkarroi bizi den zizare mota (Enterobius vermicularis). Ik. bizio2. Sabeletik min duten ordutik, uste dute beti zizareak dituztela.

3 iz. Harra. Laster zizareen janari bihurtuko naiz.

zizare belar, zizare-belar Konposatuen familiako belar landare zurtoin-biguna, usain leuneko loreak ematen dituena, hesteetako zizareen aurkako egoskinak egiteko erabiltzen dena (Artemisia abrotanum).

zizare hazkuntza, zizare-hazkuntza Konposta egiteko zizareak haztea eta erabiltzea.

zizare-nagusi Ipar. Tenia.

zortziko

1 iz. Zortzik osaturiko gauza. Ik. zortzikote.

2 iz. Zortzi errealeko txanpon zaharra. Zortziko baten gazta.

3 iz. Zortzi lerro eta lau puntu dituen euskal bertso mota. Zortzikotan ondua. Hona bertso berriak zortziko zaharrean.

4 iz. Euskal erritmo mota, 5/8 konpasean idazten dena; erritmo horretan onduriko musika-lana; doinu horrekin dantzatzen den dantza. Nekazariek maite dugu zortzikoa. Zortzikoa berria da, baina 5/8-ari halako bere gisako nortasuna eman diogu. Euskal Herri osoan zabaldurik zegoen, Azkueri esker, haren zortzikoa bere doinuarekin.

5 adj./iz. Joko kartez mintzatuz, sail bereko zortzi irudi dituena. Zortziko bastoia. Zortziko diamantea.

6 iz. Mat. 8 zenbakia. Jarri koma bat bikoaren eta zortzikoaren artean.

zortziko handi Euskal bertso mota, 10 eta 8 silabako zortzi lerroz osatua dena eta 8 silabako lerroetan puntua duena. Ik. zortziko nagusi. Zortziko handian hiruna bertso bota behar dituzte. Zortziko handian bizi aritu ziren denak.

zortziko nagusi Zortziko handia. Bertsolari guztiak serio samar aritu ziren zortziko nagusiko saioan.

zortziko txiki Euskal bertso mota, 7 eta 6 silabako zortzi lerroz osatua dena eta 6 silabako lerroetan puntua duena. Zortziko txikiko gaiek ziria sartzeko aukera eskaintzen zuten.

Oharra: azken eguneraketa 2020-07-08

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper